Boliviako ehunka neskak, mutilek eta nerabek salatu zuten kleroko kide batzuek —gehienak espainiarrak— sexu erasoak egin zizkietela; bada, salaketa horiek oinarri hartuta, Bizirik Irtendakoen Boliviako Elkarteak Las puertas del infierno liburua (Infernuko ateak) kaleratu du gertatutakoa dokumentatzeko, batez ere 70eko hamarkadatik 90ekora bitarteko denborari erreparatuta. Delituak Elizaren instituzio batzuetan egin zituzten, zeinetan, ustez, aterpe ematen zieten adingabeko zaurgarriei.
El País egunkariak 2023an argitaratutako ikerketa batzuen berri jakindakoan, Edwin Alvaradok eta Wilder Floresek fiskaltzara jo zuten, beste biktima batzuk ezagutu, eta Bizirik Irtendakoen Boliviako Elkartea sortu zuten. Horrek, nolabait, modua eman zien hainbat urteko isiltasuna eta inpunitatea amaiarazteko.
«Gu Alfonso Pedrajasen biktima izan ginen, Cochabambako Joan XXIII.a barnetegian [Bolivia]», kontatu dute Alvaradok eta Floresek. Eskola hori Jesusen Lagundiarena zen —Eliza katolikoaren ordena erlijioso bat—, eta salaketen epizentro bilakatu zen 2023ko maiatzean, hamabi biktimak eta lekukok salatu baitzuten gutxienez bost jesuitak sexu abusuak egin zizkietela sistematikoki; jesuita horietatik lau espainolak ziren.
Alvaradok eta Floresek ez zuten eskolan elkar ezagutu, baizik eta hainbat urte geroago, afera argitara atera zenean. Orduan, adorea bildu, eta beren lekukotasuna eman zuten 70eko eta 80ko urteetan gertatutakoaren inguruan. «El País egunkariak albistea kaleratu zuenean, Cochabambako fiskaltzak ikerketa bat abiarazi zuen ofizioz, eta gutako asko borondatez azaldu ginen hara», azaldu du Floresek.
«Bizirik Irtendakoen Boliviako Elkartearen helburuetako bat juridikoa da, baina elkarri sostengua ematea eta laguntza psikologikoa eskaintzea ere bada gure xedea», argitu du Alvaradok. El País-en ikerketan bostehun bat biktima zenbatu zituzten 1960tik, baina elkartekoen ustez mila inguru dira.
«Elkartearen helburuetako bat juridikoa da, baina elkarri sostengua ematea eta laguntza psikologikoa eskaintzea ere bada gure xedea»
EDWIN ALVARADO Erasoen biktima
Pedrajas, Pica ezizenez, 2009an hil zen, eta, eguneroko batean idatzita utzi zuenez, aitortzen zuen delituak egin izana eta Elizak delitu horiek estali izana. Eguneroko hartan, adierazi zuen lagundiko zazpi bat buru probintzialek eta hamar elizgizonek —boliviarrak zein espainiarrak— bazutela gertatutakoaren berri. «Hainbatetan kontatu nuen», idatzi zuen.
80ko hamarkadaren hasieran, Oruroko meatzeetara bidali zuten Pedraja zigor gisa, abusuak egiteagatik. Haren ordez, baina, Carlos Villamil jesuita boliviarra jarri zuten: bortxaketaz akusatuta zegoen elizgizon bat. Garai hartan Francesc Peris katalana ere iritsi zen, eta hura ere salatua zuten bortxaketagatik, Bartzelonako jesuiten Casp eskola neskak bortxatzeagatik, hain justu.
Perisek urtebete eskas egin zuen Joan XXIII.a barnetegian, batzuek salatu egin baitzuten. Bartzelonara itzuli ondoren ere abusuak egiten jarraitu zuen, 2005ean «jokabide desegokiengatik» kargutik kendu zuten arte. Perisek Boliviatik alde egin eta gutxira, Pica barnetegira itzuli zen, eta lehengo zereginei ekin zien berriz.
Baina hori ez da dena: 1992an, Luis To Gonzalez katalana Boliviara bidali zuten nobizioei etika sexuala irakastera, eta zenbait hilabete lehenago justiziak erruduntzat joa zuen Bartzelonako Sant Ignasi eskolan neska bat bortxatzeagatik.
El País-en ikerketan jasotakoaren arabera, «delituak estaltzeko sare bat egon zen, frogak ezkutatzen zituena eta isiltasunari eusten ziona; Tarraconensis probintzian zabaldua zegoen [Jesusen Lagundiak 2014ra arte izandako probintzietako baten izena], Katalunian, eta Jesusen Lagundiaren Kuria Nagusira ere iritsi zen, Erromara».
Aurtengo uztailean aurkeztu zuten Alvaradoren, Floresen eta Pedro Limaren liburua, eta testigantzak, auditoria forentseak eta dokumentu ugari bildu zituzten bertan. «Terrorista haiek abusuak egiten zituzten hemeretzi toki identifikatu genituen», azaldu du Floresek. «Leku horiek denak Jesusen Lagundiak erabiltzen zituen hezkuntzaren, gizartearen, prestakuntzaren eta pastoraltzaren arloko proiektuak aurrera eramateko».
Las puertas del infierno liburuan, Bizirik Irtendakoen Elkartean salatutako 23 apaiz jesuita aipatzen dituzte egileek. Haietako bat Luis Roma espainiarra da, eta abusuak egin zizkien gutxienez 70 neska indigenari, Charagua herrixkan misiolari ibili zenean. Gainera, Romak berak bere delituen erregistroa utzi zuen, bai idatziz, bai ikus-entzunezko formatuan. Alejandro Mestre ere aipatzen dute, Boliviako Apezpiku Batzarreko idazkari nagusia izandakoa, baita Jorge Vila ere, Nesken eta Mutilen Defentsarako Nazioarteko Filialaren fundatzailea.
Helegiteak
Aurtengo martxoan, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zieten bi goi karguduni. «Pedrajasen kasuan, epaileak frogatutzat jo zuen delituak estali zituela, eta agindua eman zuen prozesu judizialean azaldutako beste izen batzuk iker zitzaten, baina ezin izan zituzten zigortu, helegitea jarri zutelako».
Floresen eta Alvaradoren ustez, Jesusen Lagundiak denbora irabazteko eta biktimen erreparazioa eragozteko xedez aurkeztu zituen helegiteak. «Orain Gorte Nagusiaren ebazpenaren zain gaude», erantsi dute. «Eraso horiek gizadiaren aurkako krimentzat jo ditzatela ere eskatzen dugu, sistematikoak izan baitziren».
«Delituak gizadiaren aurkako krimentzat jo daitezke, biztanle talde oso zaurgarri baten kontra egin zituztelako»
ALEJANDRO KLOCK VARAS Elkarteko biktimen abokatua
«Delituak gizadiaren aurkako krimentzat jo daitezke, biztanle talde oso zaurgarri baten kontra egin zituztelako eta kasu ugari izan zirelako», adierazi du Alejandro Klock Varasek, elkarteko biktimen abokatuak. «Nazioaz gaindiko delitua ere bada, eta bi jurisdikzio hartzen ditu: Boliviakoa eta Espainiakoa, Latinoamerikan izandako pederastia kasurik handienaren abiaburu baita. Izan ere, Bartzelonan hasi zen dena, eta 2016ra arte iraun zuen. Pederastentzako zabortegi baten bila ibili ziren, funtsean. Orain afera zigor arloko instrukzio fasean dago Bolivian, eta Espainian kasua ikertzen ari dira, eta erreparazioaren inguruko alderdiak tramitatzen».
Urrian, Jesusen Lagundiak Peris kanporatu zuen —84 urte zituen orduan—, Katalunian eta Bolivian adingabeei abusuak egiteagatik 1974tik 2005era. Pedrajasen kontrako salaketek bidea ireki zieten ehunka lekukotzari, eta Jesusen Lagundiko beste hogei kide salatu zituzten gutxienez, gehienak espainiarrak.
«Guretzat, elkar hartuta aritzea hainbat hamarkadako isiltasunari, hersturari eta iluntasunari aurre egitea da, eta modua ematen digu ekiteko eta geure burua askatzeko», ondorioztatu du Alvaradok.

