Inoizko egunik beroenak izaten ari dira azken asteetan munduan

Azaroaren 18tik 23rako egunek bi graduko tenperatura anomalia gainditu dute, eta 19tik 23rakoak inoizko anomaliarik handienekoak izan dira.

Emakume bat Washington DCn, eguzkia hartzen. EMILY CURIEL / EFE
Emakume bat Washington DCn, eguzkia hartzen. EMILY CURIEL / EFE
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 26a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizateriaren gehiengoa urtearen faserik hotzenean sartu bada ere, udazken epela izaten ari da munduko leku askotan. Hala ere, gezurra eman dezake inoizko egunik beroenak izaten ari direla esateak, baina hala da: Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuaren arabera, azaroaren 19tik 23rako egunak inoizko tenperatura anomalia handienekoak izan dira erregistroak daudenetik. Astelehena, azaroak 23, izan da inoizko tenperatura anomaliarik handiena izan duen eguna, 1850. eta 1900. urteen arteko erregistroekin alderatuta 2,24 gradu zentigradu beroagoa izan baitzen.

Azken mende eta erdian soilik hamabost egunetan gainditu da bi graduko tenperatura anomalia, eta hamabost egun horietatik bederatzi 2026ko azarokoak dira. Aurtengo azaroaren 3ak gainditu zuen aurten lehenengoz bi graduko anomalia (+2,03ºC), eta hurrengo egunean ere berdin gertatu zen (+2,03ºC). Ostera, azaroaren 13a ere ohi baino 2,01ºC beroagoa izan zen, eta azaroaren 18tik 23ra egun guztietan gainditu da langa hori. Gainera, tenperatura anomalia etengabe handituz joan da: azaroaren 18an bi graduko anomalia izan zen, 2,06koa 19an, 2,13koa 20an, 2,17koa 21ean, 2,23koa joan den igandean eta 2,24koa astelehenean.

2,24ºC

2026ko azaroaren 23ko tenperatura anomalia, gradu zentigradutan. Astelehena erregistroak daudenetik neurtu den tenperatura anomalia handieneko eguna izan zen, 1850etik 1900 arteko batez bestekoarekin alderatuta 2,24 gradu beroagoa izan baitzen eguna.

2026aren aurretik, soilik sei egunek gainditu izan zuten bi graduko tenperatura anomaliaren langa, eta marka 2023ko azaroaren 17ak zuen, 2,05 gradu zentigraduko anomaliarekin. Tenperatura anomalia handiena izan duten 30 egunen artean, hamazazpi 2026ko azarokoak dira.

'El Niño'-ren eragina

Ezohiko bero hori batez ere El Niño fenomenoak sortu du. Ozeano Barearen ekialdeko tropikoan sortzen den fenomeno bat da, eta ura ohi baino beroago egotea eragiten du, eta, beraz, airearen tenperatura ere berotu egiten du. Ziklikoki agertzen den fenomenoa da, baina batzuetan indartsuagoa eta beste batzuetan ahulagoa izaten da. Bada, 2026aren bigarren erdialdean piztu zena inoizko gogorrenetakoa izaten ari da.

Gainera, oraindik indartzen ari da, eta AEBetako Columbia Unibertsitateko Klima eta Gizartearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak iragarri du azaroaren eta urtarrilaren artean Ozeano Bareko ekuatoreko itsasoaren tenperaturak 3,5 graduko anomalia izango duela, eta 2027ko martxorako hiru graduren bueltakoa izango dela.

Kalte larriak eragiten ari da El Niño fenomenoa munduko hainbat txokotan. Indonesian, adibidez, izugarrizko lehortea eta suteak eragiten ari da, eta Hego eta Erdialdeko Amerikan, berriz, uholde handiak piztu ditu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA