IPCCk nabarmendu du posible dela berotze globala 1,5 gradura mugatzea

Zientzialari taldearen arabera, tartea dago oraindik Lurra gehienez 1,4 gradu berotu dadin mende amaierarako. Klima krisiari buruzko jakintza zientifikoa laburbildu du argitaratu duen azken txostenean

Munduko agintariei klima larrialdiaren kontrako neurri eraginkorrak eskatzeko manifestazio bat, 2021eko azaroan, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Bizirauteko gida bat» du gizadiak esku artean, atzotik. «Klimaren denbora bonba desaktibatzeko gida bat», Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren esanetan. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak atzo aurkeztu zuen txostenari buruz egin zituen adierazpen horiek NBEko buruak. IPCCren seigarren txostena da, eta bertan laburtu ditu zientziak klima krisiari buruz ondu duen jakintzaren gako nagusiak, baita munduko agintarientzako gomendio sorta bat ere, berotze globalaren kontrako politika eraginkorrak ezar ditzaten. Txostenak argi dio neurri sakonak eta berehalakoak behar direla klima krisiaren ondoriorik larrienak saihesteko. Eta itxaropen mezu bat eman du aldi berean Hoesung Lee IPCCko presidenteak: «Orain ekiten badiogu, guztiontzako etorkizun jasangarri bat berma dezakegu oraindik».

Parisko Hitzarmenean (2015) zehaztutako helburuak betetzeko oinarri zientifikoa biltzen duIPCCren dokumentuak. Helburu nagusia, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea, industria aurreko tenperaturarekin alderatuta. Hortik gora klima aldaketaren kalteak esponentzialki handituko lirateke eta. Ikerlariek ohartarazi dute helburu hori betetzeko ezinbestekoa izango dela egungo berotegi gasen isuria erdira murriztea 2030 urtea baino lehen, eta karbonoan neutro bilakatzea 2050 aldera. Beraz, orain arte hartutako konpromisoak baino neurri ausartagoak beharko dira.

Egungo joerarekin, Lurra3,2 gradu berotuko litzateke mende honen amaierarako, eta estatuek gaur arte hartu dituzten konpromisoak betez gero, gutxienez 2,2 gradu. IPCCk ohartarazi du azken hamarkadan tenperatura 1,1 gradu beroagoa izan dela batez beste, industria aurreko aldiarekin konparatuta. Berotzea ezohikoa den bi datu adierazgarri: azken 50 urteetako tenperatura igoera 2.000 urteotako handiena izan da, eta atmosferako karbono dioxido kontzentrazioa, azken bi milioi urteetako handiena.

Klima krisiak hainbat kalte eragin ditu dagoeneko. Muturreko fenomeno meteorologikoak ugaritu egin dira mundu osoan: bero olatuak, lehorteak eta eurite bortitzak. Uzta ugari galdu dira, milioika pertsona ari dira gosetea pairatzen, atzera-bueltarik gabeko galerak izan dira garrantzi handiko zenbait ekosistematan, eta itsas maila gero eta azkarrago ari da igotzen. Txostenak gogorarazi du munduko biztanleen %40 inguru bizi direla klima larrialdiarekiko «oso zaurgarriak» diren eremuetan, eta biztanleen erdiek jasaten dutela ur eskasia urtean aldi batez behintzat. Ondorioek milioika pertsona behartu dituzte lekualdatzera.

Goia, mende erdi inguruan

Etsipenetik urrun, IPCCk ekitera deitu du, ezagun direlako «klima larrialdira egokitzeko eta isuriak murrizteko askotariko aukerak, egingarriak eta eraginkorrak». Lorgarritzat jo du Lurraren berotzea 1,4 gradura mugatzea 2100. urterako, mende honen erdi aldera, 1,5 graduan goia jo ostean.

Horretarako, txostenak nabarmentzen du energia berriztagarrietan inbertitu behar dela. Eguzki eta haize energiaren ekoizpena nabarmen merkatu dela gogorarazi du, eta ziurtatu du kasu askotan isuri handiko energiak ustiatzea garestiagoa delaberriztagarrietarako trantsizioa egitea baino. Bestalde, garraioetan bioerregai jasangarriak, hidrogenotik eratorritako erregaiak eta ibilgailu elektrikoak erabiltzeari eman dio garrantzia. Baita portaera sozial batzuk aldatzeari ere; besteak beste, autoaren erabilera garraio publikoarekin edo bizikletarekin ordezkatzeari eta energia gutxiago kontsumitzeari. IPCCk aurreratu du egungo kontsumo ereduarekin ezinezkoa dela Lurra 1,5 gradu baino gutxiago berotzea.

Planetaren berotzea mugatzeko prozesu horretan, hala ere, atzera-bueltarik gabeko aldaketa batzuk gertatuko dira, zientzialariek iragarri dutenez. Esaterako, «saihetsezina» izango da itsas mailak igotzen jarraitzea «datozen mende eta milurtekotan». Lurra mende amaierarako 1,5 gradu berotuko balitz, bizpahiru metro igoko litzateke itsas maila datozen bi mila urteetan. Igoera bi eta sei metro artekoa izango da berotze globala bi gradukoa bada. Aldiz, planetaren tenperatura bi eta hiru gradu artean berotuko balitz Groenlandia eta Artikoaren mendebaldea ia osorik urtuko liratekeela iragarri du IPCCk. Halako baldintzetan, itsas maila hamabost metro inguru igoko litzateke 2300. urterako.

IPCCk klima larrialdiari buruzko lan mardul bat amaitu du seigarren txostenarekin. 2021 eta 2022 artean argitaratu zituen lanen bidez azaldu zituen klima aldaketaren bilakaera, haren ondorioak eta krisiari aurre egiteko har zitezkeen neurriak. Azken dokumentuak ondorio garrantzitsuenak laburbildu ditu. Hurrengo txostena klima larrialdiaren eta hiri antolakuntzaren arteko loturari buruzkoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.