Gazako zerrendan elikadura gabezia «larria» pairatzen ari direla ohartarazi zuen uztailaren hondarrean IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak, eta jakinarazi du, Israelgo armadak hango hiriburua okupatzeko operazioa hasi duen honetan, okerrera egin duela egoerak: gosetea mailarik gorenean dago zerrenda iparraldean, Gaza hirian eta inguruan, eta gosete izendatu du hango elikadura gabezia. IPCren arabera, hilabete pasatxo barru gauza bera gertatuko da Deir al-Balah eta Khan Yunis aldean, zerrendaren erdialdean eta hegoaldean, hurrenez hurren; hots, Gaza ia osoan.
Txosten bat kaleratu du gaur NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek, eta, horren arabera, milioi erdi gazatar baino gehiago daude biziki larri; izan ere, 1etik 5erako eskala darabil IPCk, eta Gazako herritarren laurden bat azken mailaren ondorioak pairatzen ari da: «Gosetea, miseria eta heriotza». Are, iraila amaitzerako 640.000 palestinar antzera egongo dira zerrenda osoan, IPCk iragarri duenez —bi milioi herritar baino gehiago daude zerrendan—. Gazako egoera «gizakiak eragindakoa» dela salatu du IPCk, eta hura «gerarazi» eta egoerari «buelta eman» ahal zaiola ziurtatu du: edozein atzerapenek, «egun gutxi batzuetakoa bada ere», goseteari lotutako hilkortasuna areagotzea eragingo du.
Elikadura eskasia gosete izendatzeko baldintza hauek ezartzen ditu IPCk: bost etxebizitzatik batean janari falta larria egotea, hiru haurretik batek malnutrizioa izatea, eta 10.000 biztanletik gutxienez bi goseak jota hiltzea. Dagoeneko 273 gazatar hil dira gosearen ondorioz Israelek setioa hasi zuenetik, tartean, 112 haur; hala jakinarazi du gaur Gazako Osasun Ministerioak.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «gezur borobiltzat» jo du NBEren agentziaren txostena, sare sozialetan kaleratu duen mezu batean: «Israelek ez dauka gosete politikarik, ezpada gosete politika saihesteko politika». Israelgo Atzerri Ministerioak, berriz, ohar bat kaleratu du, eta salatu IPCk «Hamasen kanpaina faltsuaren neurrira» egin duela lan eta goseteen larritasunari erreparatzeko irizpideak «moldatu» egin dituela txostena egiteko garaian. IPCk, ordea, gezurtatu egin ditu adierazpen horiek. 5 urtetik beherako haurren kasuan, pisua eta garaiera neurtzen dute; gaur egun parametro horiek neurtzea «bideraezina» denez, besoen perimetroa hartu dute erreferentziatzat. Datorren urteko ekainera bitarte 130.000 haurrek malnutrizio larria izateko arriskuaz ohartarazi du.
4IPCk zenbat bider izendatu duen gosete egoera Azken hamalau urteetan, IPCk lau bider jo du gosetetzat lurralderen bateko egoera: Somalian (2011), Hego Sudanen (2017 eta 2022) eta Sudanen (2024). Gaur arte, hortaz, Afrika mendebaldeko hiru herrialde horietan baizik ez du aitortu; lehenbiziko aldia da kontinente hartatik kanpo aitortu duela, Ekialde Hurbilean, hain zuzen.
Gazako bost eskualdeetatik hiru besterik ez ditu aztertu IPCk: Gaza hirikoa, Deir al-Balahkoa eta Khan Younisekoa, hain zuzen. Batetik, adierazi du ez duela nahikoa daturik lortu zerrenda iparraldeko eskualdean —aintzat hartzekoa da Israelgo armadak hegoalderantz desplazatzera behartu dituela palestinarrak 2023ko urrian setioa hasi zenetik—, baina azpimarratu du hango bizi baldintzak biziki larriak direla, Gaza hiriko eskualdekoak «bezain larriak» edo «larriagoak». Bestetik, txostenean Rafah eskualdeko egoera ere ez dute jaso, «oso despopulatuta» dagoelako, nahiz eta «kezka» erakutsi duen IPCk Israelen ebakuazio aginduengatik, armadaren gune militarizatuengatik eta laguntza humanitario faltagatik.
Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko buruak, Tom Fletcherrek, zerrendako gosetea gaitzetsi du gaur Genevan (Suitza) eman duen prentsaurreko batean. Esan du «ekidin» egin zitekeela Israelek mugetan gerarazitako kamioiak oztopatu izan ez balitu. Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariko bozeramaile Volker Tuerkek ere agerian utzi du, ohar batean, «Israelgo Gobernuaren ekintzen ondorio zuzena» dela Gaza hiriko gosete larria, hori «gerra krimena» dela, eta Israelek «nahita» hiltzen dituela gazatarrak.
Gaza hiria «suntsitzea»
Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak esan du Gaza hiria «suntsitu» egingo dutela Hamasek armak utzi eta gatibu guztiak askatu ezean. Setioa amaitzeko, Israelen «baldintzak» onartzeko exijitu dio erakunde islamistari, sare sozialetan idatzi duen mezu batean, eta mehatxu egin du Gaza hiria Rafah edo Beit Hanoun bihurtuko direla bestela —Israelgo armaden bonbardaketek txikituta utzi dituzte zerrendako bi hiri horiek—.
Gaur 60 gazatar hil dira gutxienez Israelen erasoetan, Al-Jazeera hedabideak zerrendako ospitaleetako iturriak aipatuz kaleratu duenez; horietako 36 Gaza hirian hil dituzte, eta bost laguntza humanitario bila zeudela.
LIBANON DAUDEN TALDE ARMATU PALESTINARRAK ARMAK UZTEN HASI DIRA
Libanoko Gobernuak «armen esklusibotasuna» izateko plana martxan da dagoeneko. Maiatzean onartu zuten plan hori —Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionalaren buruarekin batera—, eta armada beharrean hasi da dagoeneko, Beirut hegoaldeko Burj al-Barajneh errefuxiatuen kanpalekuan. Han dauden talde armatu palestinarren armak jasotzen hasi da, eta, Nawaf Salam Libanoko lehen ministroaren bulegoak gaur kaleratu duen oharraren arabera, «datozen asteetan» arma gehiago jasoko dituzte Burj al-Barajnehn bertan eta «gainontzeko kanpalekuetan».
Al-Fatah da armak entregatzen hasi den talde horietako bat, eta, hainbat hedabidek Palestinako segurtasun iturriak aipatuz kaleratu dutenez, gainontzeko taldeek «urrats bera» egin dezatela nahi dute, nahiz eta oraindik horietako batzuek ez duten erabaki armak ematea.
Talde palestinar armatuak ez ezik, Hezbollah ere armagabetu nahi du Beirutek; Libanoko talde xiita hori, ordea, planaren aurka agertu da behin baino gehiagotan.
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, 222.000 errefuxiatu palestinar bizi dira Libanoko kanpalekuetan.