Iranek adierazi du ez duela AEBekin negoziatuko

Israelen esanetara aritzea egotzi dio Ali Larijanik Trumpi. AEBetako armadako buruaren ustez, denbora beharko dute «helburuak lortzeko». Teheranek dioenez, gerra luze baterako prest dago.

(ID_15854027) IRAN ISRAEL USA CONFLICT
Irango estatu indarretako bi kide gaur Teheranen, alboan Ali Khamenei oroitzeko argazki bat dutela. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko martxoaren 2a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek ez dauka AEBekin negoziatzeko asmorik. Hori adierazi du gaur goizaldean Ali Larijanik, Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak. Donald Trumpi erantzun dio, beraz. Izan ere, AEBetako presidenteak atzo esan zuen prest legokeela Teheranekin gerraren amaieraz hitz egiteko. Horren guztiaren harira, Pete Hegseth AEBetako Gerra idazkariaren arabera, Iranen aurka hasitako erasoaldia ezin da konparatu, iraun dezakeen denborari dagokionez, behintzat, Irakeko bigarren gerrarekin (2003-2011), adibidez. «Hau ez da amaiezina». Hori azpimarratu du Pentagonoko buruak gaur agerraldi batean Washingtonen. Alboan zuen armadako buruzagia, Dan Caine estatu nagusia bateratua, eta hark azaldu du, ordea, denbora beharko dutela «helburu guztiak» lortzeko, eta aurreikusten dutela AEBetako armadako soldadu gehiago hiltzea zeregin horretan. Trumpek larunbatean plazaratu zuenez, lau aste inguru iraun ditzake erasoaldiak; presidentearen hitzetan, ez du «nazkatzeko» astirik izango. Ezin jakin, baina Larijanik nabarmendu du gaur geroxeago Iran gerra luze baterako prest dagoela.

Furia Epikoa operazioari eutsiko diotela ziurtatu du Trumpek, Etxe Zuriko dantza aretoa izango den eraikinean gaur arratsaldean egin duen agerraldian. Argudiatu du Iranek arma nuklearrak eta irismen luzeko misilak edukitzea «mehatxu onartezina» dela Ekialde Hurbilarentzat eta estatubatuarrentzat, eta asteburukoa mehatxu hori ezabatzeko zuten «azken aukera» zela.

Teheranen iritziz, AEBak ari dira Israelen esanetara. «Trumpek traizio egin dio Amerika aurrena leloari, eta bere egin du Israel aurrena», idatzi du Larijanik mezu batean, X sare sozialean. «Trumpen ilusioek beharrezkoa ez zen gerra batera bultzatu dute eskualde osoa, eta orain, biktima estatubatuar gehiago egongo diren kezkatuta dago». Pentagonoak jakinarazi du gaur AEBetako lau soldadu hil dituztela jada larunbataz geroztik, AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik. Ez du zehaztu, aldiz, ez nola, ez non hil diren. Teheranek erantzun egin du, AEBek eskualdean dituzten base militarrak bonbardatuz: Arabiar Emirerri Batuetan, Bahrainen, Iraken, Jordanian, Kuwaiten, Qatarren eta Saudi Arabian.

Ali Khamenei azken lau hamarkadetan Irango lider gorena izandakoaren aholkularietako bat zen Larijani. Khamenei larunbatean hil zuten bonbardaketa batean, eta hura, behin-behinean, hiruko batek ordezkatuko du, konstituzioak jasotzen duenari jarraituz: Masud Pezexkian herrialdeko presidenteak, Botere Judizialaren buru Gholamhossein Mohseni Ejeik, eta Alireza Arifi juristak, Konstituzioaren Zaintzaileen Kontseiluko kideak.

Hegsethen hitzak

Larijani ez dago hiru horien artean, baina hari dagokio estatu indarren eta esfera politikoaren artean zubilana egitea. Irango hainbat iturri aipatuz The New York Times-ek kaleratu duenez, Khameneik zera eskatu zion urtarril amaieran: AEBen kontra gerra bat hasiz gero, Larijanik berak zuzendu zezala herrialdea.

The Atlantic aldizkariak Trump elkarrizketatu zuen atzo, eta finean, ez du negoziaziorik planteatzen, Iranek amore ematea baizik: «Armak uzten baldin badituzue, erabateko immunitatea edukiko duzue; bestela, hil egingo zarete, ziur». Eta adierazpen horien berri eduki ondoren, Larijanik azpimarratu du «tristea» dela egoera, Trump «odola sakrifikatzen» estatubatuarren ari delako, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren «asmo espantsionisten» mesedetan. 

Egoeraren «arriskuaz» ohartarazi du Pradalesek

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi du egoera «arriskutsua» dela Ekialde Hurbilean, eta horren ondorioak ezin direla aurreikusi. «Gerta liteke eskualdean gerra bat piztea, eta hori gatazka hibrido bat bihurtzea eta denboran luzatzea», nabarmendu du gaur Barakaldoko BEC (Bizkaia), BIEMH makina-erremintaren inguruko nazioarteko azokaren inaugurazio ekitaldian. Pradalesek eskatu du nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko, eta elkarrizketa «multilateralerako» deia egin du. 

Aintzat hartu behar da Netanyahu eta Trump Etxe Zurian bildu zirela iazko abenduaren 29an eta Israelgo gobernuburuak mahai gainean jarri zuela Irani eraso egiteko aukera. Iazko ekainean, jada, Israelek eraso egin zion Irani, eta AEBek ere parte hartu zuten pare bat aste iraun zuen aireko erasoaldi hartan. Orduan, Iran arma nuklearrak garatzen aritzea zen erasoa egiteko arrazoia —ez dute frogarik erakutsi—; orain, berriz, aiatolen sistema politikoa eroraraztea. Hegsethek esan du, baina, erasoaldiaren helburua ez dela sistema hori aldaraztea; gaineratu du, bide batez, hori zergatik esan duen esplikatu gabe, ez direla AEBak izan gerra hasi dutenak. «Baina Trump presidentearekin, bukatu egingo dugu». Haren hitzetan, Iranek hainbat hamarkadaz egin ditu AEBen aurkako «aldebakarreko» erasoak.

(ID_15854286) USA DEFENSE PENTAGON
Pete Hegseth AEBetako Gerra idazkaria gaur Washingtonen kamerari begira, alboan Dan Caine armadako burua duela. WILL OLIVER / EFE

Iazko ekaineko erasoetan bezala, orain ere programa nuklearraz eta horri ezarri beharrezko mugez negoziatzen ari ziren AEBak eta Iran. Duela aste batzuk zeharkako elkarrizketak hasi zituzten berriro —Oman ari da bitartekari—, eta ostegunean egin zuten azken saioa, Genevan. Teheranek esan zuen akordio bat «berehala» egiteko moduan zirela auzi nagusia arma nuklearren ingurukoa baldin bazen. Trumpek atzo azaldu zuenez, Iran «hurbiltzen» zen AEBek eskatutakora —besteak beste, misil balistikoen programa mugatzea—, eta gero, berriro, «atzera» egiten zuten. «Iruditu zitzaidan, hortaz, egiazki ez zutela akordiorik nahi».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!