Irango lau erregai biltegiri egin die eraso Israelek, eta ur instalazio bati AEBek

Kalera ahalik eta gutxien irtetea gomendatu die Ilargi Gorriak herritarrei. Lider goren berria hautatu du Irango adituen batzordeak, baina ez du izenik eman.

Israelek eraso egin dion petrolio biltegi baten sarrera, gaur, Teheranen. JAIME LEON / EFE
Israelek eraso egin dion petrolio biltegi baten sarrera, gaur, Teheranen. JAIME LEON / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko martxoaren 8a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tentsioa areagotzen ari da. Teheranen gainean hodei toxiko erraldoi bat dabil oraintxe: Israelek eraso egin die lau petrolio biltegiri Irango hiriburuan eta Elburzen, eta AEB Ameriketako Estatu Batuek ura gatzgabetzeko instalazio bati Qeshm uhartean. Azpiegituren aurkako eraso horiek erakusten dute bi herrialde horien erasoaldia gogortzen ari dela, zuzenean jotzen ari baitira Irango herritarren kontra.

Litekeena da eraso horiek kalte handiak eragitea ekonomian eta eguneroko bizitzan; hasteko, Irango Gobernuak eguneko hogei litro gasolina erosteko muga ezarri die herritarrei. Hala baieztatu du Mohamad Sadeg Motamedian Teherango gobernadoreak. Gaur euri beltza egin du Teheranen, ura kearekin eta erregaiarekin nahastuta erori baita zerutik. Erregai biltegiak zenbait orduz egon dira sutan, eta Ilargi Gorriak hiriburuko biztanleei gomendatu die kanpoaldean ahalik eta gutxien ibiltzeko.

Gobernuari dagokionez, Masud Pezexkian Irango presidenteak atzo iragarri zuen ez dituztela erasoaldi gehiago egingo inguruko herrialdeen kontra. Gaur, ordea, esan du «etsaiak» gaizki interpretatu dituela hitz horiek, «zatitu» egin nahi dituelako. «Erasoei erantzutera behartuta gaude, baina horrek ez du esan nahi gure bizilagun diren herrialdeekin borrokan gabiltzanik edo hango biztanleei molestatu nahi diegunik», zehaztu du.

Ke beltza Teheranen, gaur. JAIME LEON / EFE
Ke beltza Teheranen, gaur. JAIME LEON / EFE

Irango Adituen Batzordeak, berriz, aukeratu du Ali Khamenei aiatolaren ondorengoa, baina ez du izenik eman. «Lider gorena hautatu dugu jada», baieztatu du Ahma Alamolhoda aiatolak, 88 elizgizonek osatutako taldearen bozeramaileak. Datozen orduetan jakinaraziko dute nor izango den lider goren berria.

Israelek jada eman du abisua: hautatutakoa edozein dela ere, jazarri egingo du. X-n persieraz idatzitako mezu batean, Israelgo armadak jakinarazi du gauza bera egingo duela hura ezartzen ahalegintzen ari direnekin ere, hau da, adituen batzordeko kideekin ere.

Iranek ere egin ditu zenbait eraso azken orduetan. Zehazki, Guardia Iraultzaileak AEBek Kuwaiten eta Bahrainen dituzten base militarren aurka jo du, eta ziurtatu du suteak eragin dituela azpiegitura funtsezkoetan.

Libanon, beste 24 hildako

Egoera ez da samurragoa Libanon. Azken orduetan Israelek egindako hiru erasoren ondorioz, 24 pertsona hil dira herrialdearen hegoaldean, horietatik hemezortzi Sir al-Ghabariya herrian. 

Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, azken erasoak hasi zirenetik 394 lagun hil dituzte, horietatik 83 haurrak, eta gutxienez 1.130 pertsona zauritu. Israelgo armadak, berriz, jakinarazi du bi soldadu hil direla gaur Libano hegoaldean, baieztatutako lehenengoak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA