AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Iran Ekialde Hurbileko herrialde horren programa nuklearrari buruz berriro negoziatzen ari diren honetan, Ali Khamenei Irango lider gorenak segurtatu du ez diotela uranioa aberasteari utziko. Hori da, hain zuzen, AEBen eskaeretako bat, eta herrialdea «ahuldu» nahi dutela salatu du Khameneik: «Gure nazioa buruaskia da, eta proposamena ez dator bat sinesmen horrekin».
Khamenei aiatolak hitzaldia eman du gaur Ruhollah Khomeini Irango Islamiar Errepublikaren fundatzaile eta aiatola zenaren mausoleoan, Teheranen, bere heriotzaren 36. urteurrenean. Khameneik aditzera eman du AEBen planteamendua onartuz gero «erregai nuklearraren eskean» aritu beharko lukeela Iranek, horiek «nahiko luketen prezioan», gainera. Herrialdearen independentzia defendatu du hitzaldian, ez duelako zertan Washingtonen oniritziari itxaron, ezta ezetzari «beldur izan» ere: «AEBek eta [Israelgo] erregimen sionistak ezin dute ezer egin Iranek uranioa aberastu ez dezan».
Apirilaren 12an ekin zieten bi herrialdeek elkarrizketei, Omanen bitartekaritzarekin. Bost bider bildu dira ordutik hona, zeharka bada ere, eta bilera horietan guztietan nabarmendu du Iranek «berezko» eskubidea duela uranioa aberastea «helburu baketsuetarako». Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik parte hartu du negoziazioetan, eta esan du «marra gorria» dela uranioa aberastearena, bart Beiruten egindako agerraldi batean. Aldiz, AEBek ez dute «baimenduko» halakorik, Donald Trump AEBetako presidenteak herenegun Truth sare sozialean esan zuenez.
Iranek joan den asteburuan jaso zuen AEBen proposamena, eta «anbiguoa» zela adierazi zuen Araghtxik: «Galdera asko eragiten ditu; gaietako asko ez daude argi». Haren arabera, datozen egunetan emango dute «erantzun egokia». Azkenekoz maiatzaren 23an bildu ziren bi aldeak, eta oraindik ez dago hitzartuta hurrengo bilera noiz izango den.
«Uranioa aberastu ezin badugu, ez dago akordiorik. Arma nuklearrik gabe, akordioa dugu», adierazi du Atzerri ministroak sare sozialetan, gaur. Erantsi du erreaktore nuklearrak edukitzea «garesti» ordaindu duela Iranek: «Ez dugu inondik inora ere abandonatuko gure patriotek egia bihurtu zuten ametsa».
Uranioaren inguruko «kezka»
Azken urteotan, Iranek garatzen jarraitu du bere programa nuklearra; IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren otsaileko txosten baten arabera, %60raino aberastutako uranio kantitatea nabarmen handitu zuen hiru hilabeteren buruan: 180 kilogramotik 270 kilogramo ingurura. Rafael Grossi IAEAko zuzendari orokorrak «kezka» erakutsi zuen ordu hartan, Iran delako «maila horretaraino» uranioa aberasten duen eta arma nuklearrik ez duen estatu bakarra —%90 ingururaino aberastu behar da arma nuklearrak garatu ahal izateko—.
IAEAk ez du hiru hilabeteroko txostena kaleratu, baina hainbat hedabidek agentziaren txosten bat filtratu dutenez, Iranek %60raino aberastutako 400 kilogramo uranio pasatxo ditu orain, duela urte erdi pasatxo halako bi. Irango agintariek, ordea, esana dute beren helburua ez dela «arma nuklearrak» edo «bonba atomiko bat» sortzea.
Teheran prest agertu da programa nuklearra mugatzeko, betiere bere kontrako zigor ekonomikoak arintzearen truke. Izan ere, Iranek bazuen programa nuklearraren gaineko akordio bat, harik eta Trumpek bertan behera utzi zuen arte bere lehen agintaldian (2017-2021), argudiatuz Irani besterik ez ziola egiten mesede. Akordio hori 2015ean onartu zuten Iranek eta sei potentziak —AEB, Alemania, Europako Batasuna, Errusia, Txina eta Frantzia—; hain zuzen, helburu zuen programa nuklearra mugatzea eta zigor ekonomikoak arintzea. Iranen aberastutako uranioari %3,67ko muga ere ezartzen zion.