Teheranek esan du ez duela misilez negoziatuko AEBekin

Iranen programa nuklearraren inguruan akordio bat egiteko «oinarriak» jarri dituztela esan du Abbas Araghtxi Atzerri ministroak, Etxe Zuriko ordezkariekin Genevan egindako elkarrizketetan. «Horrek ez du esan nahi laster itxiko dugunik», ohartarazi du.

 Ali Khamenei Irango lider gorenaren agerraldia, gaur, Teheranen. EFE
Ali Khamenei Irango lider gorenaren agerraldia, gaur, Teheranen. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko otsailaren 17a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iran ez dago prest Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen aurrean makurtzeko. Presioak presio eta mehatxuak mehatxu, Ali Khamenei Irango lider gorenak ziurtatu du ez duela misilez negoziatuko AEBekin. Teheranek ez du onartu Etxe Zuriaren ordezkariekin aurrez aurre biltzea; eta Irango programa nuklearraz aritzeko zeharkako beste bilera bat egin dute gaur Genevan (Suitza). Bilkuraren ostean, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak iragarri du akordio bat lortzeko bideari ekin diotela, «oinarriak» jarri dituztela. Halere, ohartarazi du horrek ez duela esan nahi hitzarmena «laster» adostuko dutenik.

Steve Witkoff eta Jared Kushner izan dira Etxe Zuriaren ordezkariak. Omanek Genevan duen enbaxadan egin dute bilkura, eta Sayyid Badr bin Hamad al-Busaidi Omango Atzerri ministroa aritu da bitartekari. 2025eko lehen erdian bost aldiz elkartu ziren aldeak, IAEAk Iran gaitasun nuklearra metatzen ari zela ohartarazi ostean. Ekainean, berriz, Israelek eraso egin zion Irani, arma nuklearrak garatzeko bidean zela argudiatuta. Hala, hamabi eguneko gerra delakoa piztu zen, eta AEBetako armadak Irango azpiegitura nuklearrak bonbardatu zituen. Ordutik, etenda egon dira bi herrialdeen arteko negoziazioak. Otsailaren 6an berrekin zieten, Maskaten, Omango hiriburuan.

Ekaineko gatazkan, Iranek misilekin egin zion eraso Israeli. Ordutik, Tel Avivek eta haren aliatu Washingtonek kezka agertu dute Teheranen misilen irismenaren inguruan. Horregatik, negoziazioak berriz martxan jarrita, Irani exijitu diote mugatzeko misil balistikoen programa. Khameneik, berriz, ez du horretarako asmorik. Gaur Teheranen egindako adierazpenetan argi utzi du horren inguruan ez dutela negoziatuko: «Disuasiorako armamenturik ez duen herrialdea haren etsaien menpe geratuko da».

Bitartean, Genevan elkarrizketak eduki dituzte Teherango eta Washingtongo ordezkariek. Atzo Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren zuzendari nagusiarekin bildu zen Araghtxi Irango Atzerri ministroa. Akordio «justu eta parekide bat» lortu nahi duela adierazi du gaur, bilkuraren aurretik, sare sozialetan: «Mehatxuei men egitea ez dago mahai gainean». Zeharkako elkarrizketetan, Iranen programa nuklearraren inguruan, nork bere planteamentuak aurkeztu dizkie bitartekariei.

Irango Atzerri ministroaren arabera, duela ia bi asteko bilkurarekin alderatuta «aurrerapausoak» eman dituzte. Orduko hartan, Irango diplomaziaburuak adierazi zuen prest daudela uranio aberastuaren kantitatea murrizteko, baina ez dutela onartuko hura ezereztea. Bilera ontzat jo zuen, baina gaineratu zuen Etxe Zuriak mehatxuak alboratu beharko dituela negoziatzen jarraitzeko.

Trumpek ez du halakorik egin, ordea. Are gehiago, ostiralean AEBetako presidenteak iragarri zuen beste hegazkinontzi bat Ekialde Hurbilera bidean zela. Urtarrilaren amaieratik Arabiako itsasoan dago USS Abraham Lincoln hegazkinontzia. Orain, USS Gerald R. Ford ontzia ere handik hurbil da —orain arte Venezuelako uren inguruan egon da—. Hori aski ez, eta atzo Trumpek Teherani ohartarazi zion akordio bat egin ezean «ondorioak» pairatuko dituela: «Ez dut uste ondorio horiek nahi dituztenik», esan zuen Air Force One hegazkinean egindako adierazpenetan.

Ormuz, partzialki itxita

Baina Teheranek ere ez du atzera egin nahi. Trumpek atzo aurreratu zuen: «Iran negoziatzaile gogorra da». Negoziazioen bezperan, Irango Guardia Iraultzaileak iragarri zuen maniobra militarrak hasi zituela Ormuzko pasabidean, eta gaur partzialki itxita eduki dute hainbat orduz, Fars berri agentziak —Guardia Iraultzailearen ingurukoa da— jakinarazi du. Teheranek zenbaitetan egin du mehatxu itsas pasabide hori itxiko duela, eta atzoko maniobrak neurri hori hartu behar izanez gero prest egoteko izan zirela jakinarazi zuen Tasnim Irango berri agentziak. Pertsiako eta Omango golkoen artean dago, eta munduko petrolio ekoizpen osoaren %20 inguru handik igarotzen da.

Teheranek hainbat orduz itxita eduki du gaur Ormuzko pasabidea. Irudian, Irango Guardia Iraultzailea inguru horretan maniobra militarrak egiten, atzo. EFE
Teheranek hainbat orduz itxita eduki du gaur Ormuzko pasabidea. Irudian, Irango Guardia Iraultzailea inguru horretan maniobra militarrak egiten, atzo. EFE

Tentsioa areagotu bada ere, aldeen ikuspegiak ez dira hurbildu. Misilen programa mugatzeaz gainera, Washingtonek Teherani exijitzen dio uko egin diezaiola uranioa aberasteari. Iran, berriz, ez dago horretarako prest. Argudiatu izan du bere programa nuklearra garatzeko eskubidea duela, helburu militarrik gabe.

Errepublika islamikoa azken urteetan izandako ataka estuenetako batean dago. Izan ere, abenduaren amaieran herrialdeko agintarien aurkako protestak piztu ziren, krisi ekonomikoaren harira. Manifestarien aurkako errepresioa erabili zuen Teheranek, eta, datu ofizialen arabera, 3.000 pertsona baino gehiago hil zituzten. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek, berriz, salatu dute askoz ere gehigo izan direla. HRANA Giza Eskubideen Aldeko Aktibisten Irango Agentziaren arabera —AEBetan du egoitza—, esaterako, gutxienez 7.000 lagun hil dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.