Iranek AEBei gogorarazi die presioak ez duela laguntzen diplomaziaren bidea ibiltzeko orduan

Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak konfiantza sustatzeko eskatu dio Washingtoni. AEBek berriro esan dute minak kendu dituztela Ormuztik.

Emakume batzuk Trumpen aurkako horma irudi baten aurrean Teheranen, abuztuaren 4an. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume batzuk Trumpen aurkako horma irudi baten aurrean Teheranen, abuztuaren 4an. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko abuztuaren 28a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBekin negoziatzeko prest dago Iran. Aldiro esaten du hori. Hori bai, Washingtoni gogorarazi dio diplomaziaren bideak ibiltzeko orduan presioa ez dela lagungarria izaten. Eta AEBek Iran ekonomikoki itotzeko estrategia areagotu dute azken egunetan. «Bide diplomatikoa berriro hartzea ez da ezinezkoa. AEBek oso erraza den zerbait ulertu beharko lukete horretarako: presioak ez du funtzionatzen». Hori nabarmendu du Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaur, X sare sozialean idatzitako mezu batean. 

Ikusita AEBek iragarri dutela Iranekin harreman komertzialak dituzten herrialdeak ere zigortuko dituztela, Teheran ideia bat plazaratzen hasia da: AEBen estrategia militarrak porrot egin duela, eta Iran ekonomikoki itotzea, are bakartzea, lehenetsi duela, hura garaitzeko ahaleginean. Araghtxik azpimarratu du, ordea, AEBek ez lukete horretan aritu behar, baizik eta konfiantza «sustatu».

Hain zuzen, AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik sei hilabete bete direnean idatzi du mezu hori. Ez dago, inondik ere, konfiantza girorik bi aldeen artean, nahiz eta azken hilabeteetan bilerak egin dituzten: apirilean Pakistanen, eta ekainean Suitzan. Orduan adostu zuten elkar ulertzeari bide emateko memorandum bat, zeinak jasotzen zuen menia bat ezartzea eta Ormuzko itsasartea atzera irekitzea. Baina, sinatutakoa urratzea egotzita, dokumentu hura paper errea da jada.

Hori bai, zeharka bada ere, aldeak hizketan ari dira oraindik ere. Horregatik, asteon Teheranen izan da Pakistanen ordezkaritza bat, bitartekari gisa ari baita; zenbait hedabidek Islamabadeko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, gainera, ordezkaritza hori aurrez Donald Trump AEBetako presidentearekin hitz egin ondoren heldu zen Irango hiriburura. 

Israelek hiru pertsona hil ditu gazan

Iazko urritik su eten bat ezarrita egonagatik, Israelek egunero eraso egiten dio Gazari, eta gaur hiru lagun hil ditu zerrendan. Al-Jazeera hedabideak hango osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez, Tel Avivek Khan Yunis bonbardatu du droneak erabilita, eta familia bereko hiru kide dira hildakoak. Azkeneko hamar hilabeteotan 1.200 pertsona inguru hil ditu Israelek han; 73.000 pasa 2023ko urritik, Gazako iturri ofizialek diotenez. Gainera, Israelgo armadak hainbat sarekada egin ditu gaur Zisjordanian, Wafa berri agentziak kaleratu duenez.

Teheranek dio AEBek bete egin beharko lituzketela memorandumean bildutako konpromisoak. Testu horren arabera, AEBen eta haien aliatuek fronte guztietan eten beharko lituzkete erasoak, baita Libanon ere. Dokumentuan esaten da, gainera, AEBek zigor guztiak kenduko dizkiotela . 

Eta AEBek gaur goizaldean egindako adierazpenek ez dute laguntzen. Ormuzko pasabide estrategikoko minen auziarekin kateatu dira bi aldeak. Trumpek duela hiru egun esan zuen AEBetako armadak han zeuden minak kendu edota lehertu zituela; hori esan ziotela. Iranek gezurtatu egin zuen, baina AEBetako armadako almirante Brad Cooperrek bideo bat zabaldu du gaur goizaldean sare sozialetan, eta hartan  esaten du minak kendu dituztela.

Israel, Sirian

Israelek berriro urratu du Siriaren subiranotasuna, bere tropak han sartu baitira. Siriako Al-Ijbariya telebista katearen arabera, bi jaurtigai ere bota dituzte; ez da biktimarik izana. Sana Siriako albiste agentzia ofizialak baieztatu egin du albistea, eta zehaztu jaurtigaiak Damasko hiriburutik 50 kilometro ingurura erori direla.

Ohikoa bihurtu da Israelek gisa horretako erasoak egitea Sirian. Tentsioak gora egin zuen lehengo astean, Tel Avivek Siria ipar-mendebaldeko base militar bati eraso egin baitzion. Hori dela eta, bi aldeetako ordezkariak Jordanian batzartu ziren igandean, «tentsioa baretzeko» asmoz, Siriako iturri ofizialek esan zutenez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA