Iranek ez du onartuko «ez inposatutako gerrarik ez bakerik»

Heriotza mehatxuak tarteko, Khamenei Irango lider gorenak esan du ez dutela «errukirik» izango «sionistekin». Iranek misil hipersonikoak jaurti ditu lehenbizikoz, eta instalazio nuklear batzuk bonbardatu ditu Israelek bart.

Israelen aireko defentsa sistemako misilak, bart, Tel Aviven. ATEF SAFADI/EFE
Israelen aireko defentsa sistemako misilak, bart, Tel Aviven. ATEF SAFADI/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko ekainaren 18a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak «baldintzarik gabe errenditzeko» exijitu zion atzo Irani, eta biharamunean heldu da Ali Khamenei herrialdeko lider gorenaren erantzuna, eguerdian telebistan egin duen agerraldian: «Irandarrak ez dira makurtzen mehatxuetara; estatubatuarrek jakin beharko lukete esku hartze militarrek ondorio konponezinak ekarriko lituzketela dudarik gabe». Khameneik tinko esan du «inposatutako gerraren» kontra dagoela, baita «inposatutako bakearen» kontra ere. Eta Trumpen exijentziei erantzunez, zera nabarmendu du: «Gure nazioak ez du inoiz amore emango».

Antzera hitz egin du Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, gaur eman duen prentsaurrekoan: Tel Aviv zein Washington, edozein alderen erasoen kontra «gogor» egingo dutela ziurtatu du. Irango programa nuklearrari buruzko elkarrizketen erdian ekin zion Tel Avivek bonbardaketari, eta badirudi etenda geratu direla —Washingtongo eta Teherango ordezkariak Maskaten biltzekoak ziren joan zen igandean, eta bertan behera geratu zen bilera—. Kazetariek Baghaeiri galdetu diote ea AEBekin negoziatzen jarraituko duen Iranek. Zera erantzun die: «Diplomazia ez da inoiz amaitzen». Dena den, AEBez ez dela fio ere esan du, «haien sinesgarritasuna kolokan» geratu delako: «Inork ezin du imajinatu Israelek AEBen baimenik gabe gerrarik abiatu duenik, ez Iranen bakarrik, baita gure eskualdean ere».

Gaur, kazetariek Trumpi galdetu diote ea Irani eraso egingo dio; hark ez du erantzun argirik eman: «Inork ez daki zer egingo dudan». Atzo adierazi zuenez, AEBak prest daude gatazkan «parte hartzeko», Iranen «gaitasun nuklearra ahultzearren». Helburu horixe bera du Tel Avivek, Teheran arma nuklearrak ekoizten hastear dela argudiatuta. Iranek, ordea, behin eta berriro esan du ikerketarekin eta energiarekin lotutako helburuak dituela bere programa nuklearrak. Are, Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadore Ali Bahreinik ziurtatu duenez gaur Genevan eman duen prentsaurrekoan, Israelen erasoek ez dute eragotziko Iranek uranioa aberastea, eta jarduera horrek «helburu bakezaleak» ditu.

Eztabaida hori gorabehera, Ekialde Hurbileko bi herrialdeek elkarri eraso egin diote beste egun batez: Israelek 50 gerra hegazkin bidali ditu Teheranera, eta kalteak eragin zentrifugatze gailuak produzitzeko —horien bidez aberasten da uranioa— eta misilak ekoizteko zenbait instalaziotan. Hala jakinarazi du gaur Israelgo armadak. Hiriburuaren hegoaldeko barruti bat ebakuatzeko agindua ere eman du. Israelek tematuta egin die eraso Iranen azpiegitura nuklearrei, baita batzuetan kalteak eragin ere.

Halaber, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak gaur adierazi du, sare sozialetan, Irango «boterearen sinboloak» bonbardatzen eta eraisten ari direla. Astelehenean eraso egin zioten IRIB Irango telebista publikoaren egoitzari, eta gertakari hori aipatu du adibide gisa; «aurki» beste hainbat helbururen kontra ere egingo dute, herritarrek ihes egiten duten heinean: «Horrela erortzen dira diktadurak».

Goizean eraso horiek salatu ditu Khamenei aiatolak sare sozialetan, eta Israelen agintarien kontra agertu da: «Errukirik ez sionistei». Hain zuzen, Khamenei hilko zuela mehatxu egin zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak herenegun, eta Donald Trump AEBetako presidenteak atzo esan zuen «oraingoz» ez dutela halakorik egingo. Bestalde, Bahreini enbaxadoreak adierazi du «etenik gabe» egingo diotela eraso Israeli: «Txepeldu gabe defendatuko ditugu gure herritarrak, segurtasuna eta lurrak. Serioski eta gogorki erantzungo dugu».

Horren adibide da Iman Tayik Irango Guardia Iraultzaileko koronelak gaur egin duen iragarpena: oldarraldia hasi zenetik Fattah misil hipersonikoak jaurti ditu bart —soinuaren abiadura halako hamabost har dezakete—, eta Israelen defentsa sistema ekiditea lortu dute misilek. Trumpek atzo adierazi zuen Irango aire eremuaren «kontrol osoa» zutela AEBek; hori ikusita, Fattah misilak erabiltzeaz gain, Tayikek nabarmendu du Iranek «lurralde okupatuen [Israelen] zerua kontrolatzea» lortu duela: «Hango herritarrak guztiz babesgabe daude».

GERO ETA LAGUN GEHIAGO HILTZEN DIRA MUNDUKO GATAZKA ARMATUETAN, NBE-REN ARABERA

48.300 lagun hil ziren iaz munduko gatazka armatuetan —aurreko urtean baino %40 gehiago—, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur kaleratu duen txosten baten arabera; hirugarren urtez jarraian gora egin du hildakoen kopuruak, hortaz. Zibilak ziren gehientsuenak, eta 21.500 emakume eta 16.700 adingabe hil ziren gatazka horien ondorioz. Erakundeak zehaztu duenez, Gazako zerrendakoak ziren biktima gehienak —eta hamar adingabetik zortzi han hil ziren; 13.360, hain zuzen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.