Donald Trumpen Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen iritziko, su etena dagoen bitartean erasoren bat edo beste egitea ez da nahikoa arrazoi negoziazioak eteteko; hori bai, gatazkaren erritmoa markatu nahi du: «Nik esaten dut noiz egin tiro, ez berak», esan zuen atzo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari buruz Finantial Times ekonomia kazetari emandako elkarrizketa batean, Israelgo armadak atzo Beirut bonbardatu zuela-eta Iranek erantzun gisa jaurti zituen misilen harira. Netanyahuk, ordea, Teheranen kontrako kontrako oldarraldia agindu du, eta islamiar errepublikak ere are misil gehiago bota ditu Israelen kontra. Eguerdirako, Irango armadak ohar batean esan du amaitu duela Israelen kontrako operazioa, baina ohartarazi du ezen, Libanoren kontra erasoan jarraituz gero, erantzun «askozaz ere latzagoa» emango diola Israeli.
Ekialde Hurbileko egoerak beste koska bat egin du gora, eta, hori ikusita, Trumpek erasoak «berehala» etetea galdegin die bi herrialdeei, Truth Social bere sare sozialean gaur zabaldutako mezu batean. Jarraian, beste mezu bat idatzi du: «Bi aldeak, Israel eta Iran, aztertzen ari dira berehala su etena ezartzea. Bakerako azken negoziazioak bere horretan daude, artean ezjakintasunaren eta ergelkeriaren mende». Gainera, oroitarazi du Irango portuei ezarritako blokeoari eutsiko diotela «Azken Akordioa» adostu arte. Masud Pezexkian Irango presidenteak sare sozialetan idatzi du ez dutela atzera egingo «mehatxuen» ondorioz, direnak direla: «Diplomazia eta defentsa nazio boterearen bi hegalak dira; ez dugu utzi guda zelaia, eta negoziazio mahaia ere ez».
Israelek eta Iranek beste behin erakutsi dute paper errea dela apirilaren 8an ezarritako su etena. Lehenbiziko aldia da, orduz geroztik, elkarri eraso egin diotena. Israelgo armadak ohar bidez jakinarazi du misilak jaurti dituela «Irango terrore erregimenaren» helburu militarren kontra, herrialdearen mendebaldean eta erdialdean. Irango hedabideek, berriz, kaleratu dute eztandak entzun direla hiriburuan, baita Tabriz eta Isfahan hirietan ere, eta hego-mendebaldeko Mahxahr hiriko instalazio petrokimiko batean «kalte partzialak» eragin dituela eraso batek; han misil balistikoak egiten dituztela esan du Israelgo armadak, Reuters agentziaren arabera. Israelgo hedabideek zabaldu dutenez, herrialdeko armada «egun askotako gatazkarako» ari da prestatzen, eta AEBekin koordinatuko dute operazioa.
Teheranek erantzun egin dio Tel Aviven oldarraldiari, eta alarmak entzun dira Israelgo hiriburuan, Jerusalemen eta Beer-Xevan; gainera, esan du energia azpiegitura bati eraso egin diola Haifa hirian. Aurrez, beste adierazpen bat kaleratu du Guardia Iraultzaileak: «Ohartarazten zaituztegu: etsai sionistak joko arriskutsu bat hasi du, helburu zibilak eta petrolio industria jomugan jarri ditu eta. Joko horrek barne hartuko ditu eskualdeko helburu energetiko guztiak, eta munduko ekonomiari eragindako ondorioak piromanorik handienen erantzukizuna izango dira, Estatu Batuena».
Era berean, Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak ere Washingtonen kontra egin du: «Inork ez du sinesten erregimen sionistak inolako ekintzarik egingo duenik Estatu Batuekin koordinatu gabe», adierazi du gaur emandako prentsaurreko batean. AEBekin «mesfidantza giroa» dutela nabarmendu du, eta Israelen erasoek giro hori gogortu baino ez dutela egin.
Beiruten kontrako erasoak
Iranek 11 misil balistiko bota zituen atzo Israelen kontra, azken horrek Libanoren aurka egunak joan eta egunak etorri egindako erasoei erantzuteko, batik bat Beirut hiriburuko Dahieh auzoko zenbait eraikinetan atzo egindako bonbardaketei erantzuteko —osasun iturrien arabera, bi lagun hil zituzten erasoetan, eta hogei zauritu—. Israelgo armadaren arabera, jaurtigai horiek guztiak eraitsi zituzten.
Horren harrira, Teheranek herrialdearen mendebaldeko aire eremua itxi zuen atzo, eraso horiek egiteko, alegia. Eta, Irango albiste agentzia nazionalaren arabera, hiriburuko Mehrabad aireportuak bertan behera utzi ditu gaur hegaldi guztiak. Arratsaldean, bertan behera utzi dituzte herrialdeko hegaldi guztiak.
Apirilaren 8an Iranerako su etena ezarri zutenetik, Trumpek ikusi zuen atzo bazela arriskurik Tel Avivek eta Teheranek elkarri erasoka berriro hasteko. Hori dela eta, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari deitu zion: esan zion ez zegoela «kontent», baina eskatu zion ez ziezaiela erantzun Iranek jaurtitako misilei, argudiatuta beste oldarraldi batek ez lukeela «lagunduko» gatazka amaiarazteko negoziazioetan.
ISRAELEK GAZARAKO RAFAH ETA KEREM SHALOM PASABIDEAK ITXI DITU
Israelgo armadak Gaza hegoaldeko Rafah eta Kerem Shalom pasabideak itxi zituen atzo «segurtasun neurri» gisa, Iranek Israelen kontra 11 misil jaurti eta gero; hala jakinarazi zuen Cogat Palestinako lurralde okupatuez arduratzen den armadako adarrak, sare sozialetan idatzitako mezu batean. Bi pasabide horietatik soilik sartzen da laguntza humanitarioa zerrendara; hortaz, blokeo humanitarioa are gehiago gogortu du Israelek. «Gradualki» irekiko dituzte Rafah eta Kerem Shalom —otsailaren 28an gatazka areagotu zenean ere itxi egin zituzten, eta zenbait astez eduki zituzten horrela—. Bestalde, Israelgo armadak gutxienez hamahiru lagun hil zituen atzo Gazan, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez.
Joan den astean, AEBek iragarri zuten Israelek eta Libanok errespetatu egingo zutela apirilaren 17an Libanorako ezarritako su etena, nahiz eta zehaztu Hezbollah Libanoko milizia xiitaren jarrerak baldintzatuko zuela menia benetan beteko zen edo ez. Bi aldeek, Tel Avivek eta Beirutek, lau bilera sorta egin dituzte dagoeneko Washingtonen, eta biltzen jarraitzekoak dira, baina horrek ez du galarazi Israelgo armadak eraso egitea.
Izan ere, eskakizunetako bat da Hezbollahk eraso gehiagorik ez egitea eta milizianoek Libanoko Litani ibaiaren hegoaldetik alde egitea —Israelek «segurtasun eremua» ezarri nahi du bertan—, eta, hori betetzen ez dela ikusita, ez ditu eten bizilagunaren kontrako erasoak: martxoaren hasieran gatazka gogortu zenetik, 3.600 herritar baino gehiago hil ditu Libanon. Eta joan den asteko iragarpenaz geroztik lehenbizikoz, Beirut bonbardatu zuen atzo. Horren ondoren heldu da Iranen erantzuna.
Huthien mehatxua
Yemengo huthiek misil bat bota dute Israelerantz, hiriburutik oso gertu dagoen Jaffa hirirantz; hori adierazi dute milizia xiitakoek ohar bidez, eta Israelgo armadak esan du eraitsi egin dutela jaurtigai hori. Iranerako su etena ezarri zenetik Israelen kontra egin duten lehen erasoa izan da. Gainera, huthiek iragarri dute Bab el-Mandeb itsasartea itxiko diotela Israeli: «Etsai israeldarrei erabat debekatuko diegu Itsaso Gorrian nabigatzea, eta edozein ekintza helburu militarra izango da gure indar armatuentzat».
Halaber, Irango Mehr agentziak kaleratu duenez, Ali Akbar Velayati Irango lider gorenaren atzerri kontuetarako aholkulariak Israeli jakinarazi dio Erresistentziaren Ardatzak —hala deritze Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei— baduela gaitasuna bai Bab el-Mandeb itsasartea eta bai Ormuzkoa blokeatzeko: «Zuena da erabakia: edo alde batera utzi astakeriak, edo ikusi nola erregulatzen dugun bi itsasarteen kontrola».
Negoziatzeko deia
Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak adierazi du gaur, talde komunitarioko Defentsa ministroak bildu baino lehen emandako prentsaurreko batean, Ekialde Hurbilak ez duela behar gatazka are gehiago «gogortzea», baizik eta aldeak negoziazio mahaietara itzultzea eta akordio bat lortzea.
Ekialde Hurbileko gatazkak bi fronte nagusi ditu: Iran eta Libano. Irani dagokionez, Teheran eta Washington aritu dira negoziatzen, Pakistan bitartekari dela; su etena ezarri zuten apirilaren 8an, baina, tarteka, zenbait eraso egin dituzte biek, eta ez dute gatazka amaiarazteko akordiorik lortu. Testuinguru horretan heldu da gaurko erasoaldi sorta; Teheranek eta Tel Avivek oraindik ez dute negoziatu gatazkari buruz, eta ikusi beharko da gatazkako aldeek zer-nola helduko dioten oldarraldi honi.