Donald Trumpek bi asteko epea eman dio bere buruari erabakitzeko ea AEBek ere eraso egingo dioten Irani, Israeli lagunduz. Iragarpen hori egin zuen AEBetako presidenteak herenegun. Teheranek esana dauka ez duela Washingtonekin akordio nuklearraz hitz egingo Tel Avivek bonbardaketak eten arte. Eta horren harira, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak ohartarazi du gaur AEBak Iranen eta Israelen arteko gerran sartzea «oso arriskutsua» litzatekeela.
Israelek segitzen du Iran bonbardatzen, eta Iran Israel jotzeko ahaleginean ari da. Bien bitartean, diplomaziaren bidean ere urratsak egin nahi ditu Teheranek. Istanbulen hedabideei egin dizkie adierazpen horiek Araghtxik, OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundearen 51. goi bileran. Atzo, berriz, Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako homologoekin batzartu zen Genevan (Suitza).
Nahiz eta Europako potentziek ez duten gaitzetsi Israelek hasitako erasoaldia, Iranek elkarrizketekin jarraitzeko asmoa dauka, eta Frantziako presidente Emmanuel Macronek gaur iragarri du negoziazio horiek «azkartu» egingo direla. «Ziur nago gerratik ateratzeko eta arrisku larriagoak eragozteko bide bat dagoela», idatzi du Macronek sare sozialetan, Irango presidente Masud Pezexkianekin telefonoz hitz egin ondoren. Eta sare sozialetan Teheranek jakitera eman duenez, Pezexkianek esan dio Macroni «lankidetzarako» prest daudela, baina ez dutela beren programa nuklearra baliogabetuko.
Bederatzigarren egunez jarraian bonbardatu du gaur Israelek Teheran, eta eraso horietako batean Guardia Iraultzailearen lau kide hil ditu Tabrizen, herrialdeko ipar-mendebaldean, ISNA berri agentziak kaleratu duenez. Gainera, Isfahan instalazio nuklearra jo du berriro Israelek herrialdearen erdialdean, Tel Aviveko iturri ofizialek jakinarazi eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu duenez. Irango Osasun Ministerioak eguneratutako datuak plazaratu ditu gaur, eta jakinarazi du hilaren 13az geroztik 430 pertsona hil dituela Israelek, eta 3.500 zauritu.
LaguntzaREN zain zeuden beste 11 gazatar hil ditu Israelek
Laguntza humanitarioa jaso zain zeuden 11 palestinar hil ditu gaur Israelek Gazan, osasun iturriek nazioarteko hainbat hedabideri adierazi dietenez. Maiatz amaieratik 400 gazatar baino gehiago hil dituzte laguntza banatzeko guneetan, Gazako iturri ofizialek emandako datuen arabera. Gainera, iturri horiek beraiek adierazi dute Israelgo indarrek beste zazpi pertsona hil dituztela zerrendan.
Iranek Israeli egindako erasoen ondorioz azken bederatzi egunetan hildakoak, ordea, 24 dira, iturri ofizialek esan dutenez. Tel Avivek gaur emandako datuen arabera, Teheranen 40 drone erorarazi ditu goizaldean. Misil batek, baina, Israel iparraldeko Beit Shean hiriko etxebizitza bloke bat jo du; ez da inor zauritu. Israelgo armadak plazaratutako datuek diotenez, Iranek 460 misil balistiko jaurti ditu ekainaren 13tik, eta horietatik 24k jo dituzte hiriguneak; hau da, Israelgo aireko defentsa sistemaren —Burdinazko Kupula deitzen diote— eraginkortasuna %95 ingurukoa da.
Arma nuklearrez
Bien bitartean, Trumpek segitzen du esaten Iranek arma nuklearrak dituela, nahiz eta ez duen frogarik erakutsi. Hain zuzen, AEBen espioien agentzia nazionaleko buru Tulsi Gabbardek martxoan Kongresuan azpimarratu zuen Iran ez zela ari arma nuklear bat egiten, ez zegoela ebidentziarik. Etxe Zuriko maizterrak asteartean kontrakoa adierazi zuen, eta atzo gauean —goizaldea Euskal Herrian— kazetariek galdetu zioten ea zergatik esaten duen hori, espioien buruak kontrakoa dioen arren. «Orduan, inteligentzia zerbitzuak oker dabiltza», erantzuen zuen; eta nabarmendu Gabbard bera dabilela «oker». Hain justu, Trumpek adierazpen horiek egin eta gutxira, hau idatzi zuen Gabbardek sare sozialetan: «AEBek duten informazioaren arabera, Iran dago arma nuklear bat egiteko moduan. Trump presidenteak esan du hori ezin dela gertatu, eta ni ados nago harekin».
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen esanetan, bestalde, Israelek Irani eraso egin dio, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren asmoa baitzen aurreko igandean AEBek eta Iranek itun nuklearraz hitz egiteko eduki behar zuten bilera «sabotatzea». Hori adierazi du gaur Istanbulen, OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundearen 51. goi bileran. Eta areago joan da: «Netanyahuk desastrera eraman nahi du mundua, Hitlerrek duela 90 urte egin bezala».