Nor baino nor gehiago ari dira. Gaur goizaldean, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak mehatxu egin dio Irani Truth sare sozialetik: Ormuzko itsasartea «erabat» zabaltzen ez badu hango zentral elektrikoei eraso egingo diela adierazi du, «handienetik hasita». Iranek beste mehatxu batekin erantzun dio, eta ziurtatu du eraso horiek egiten badituzte prest dagoela AEBek eta Israelek eskualdean dituzten azpiegitura energetikoei, gatzgabetze plantei eta informazio zentroei erasotzeko.
Ali Mousavik, Iranek IMO Nazioarteko Itsas Erakundean duen ordezkariak, gaur esan du Ormuzko itsasartea zabalik dagoela nazioarteko nabigaziorako, «etsaiarekin lotutako itsasontzientzat» izan ezik. Mousavik adierazi du IMOrekin elkarlanean aritu eta prest daudela golkotik igarotzen diren itsasontzien segurtasuna bermatzera, betiere Teheranekin koordinatzen badira. Gogorarazi du Israelek eta AEBek duela hiru aste Iranen kontra hasitako erasoaldiak eragin duela Ormuzko egoera.
Mohammad Baxer Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak, berriz, ohartarazi du Ekialde Hurbileko energia azpiegiturak «atzera-bueltarik gabe» suntsituko dituztela baldin eta AEBek eta Israelek Irango zentral elektrikoei eraso egiten badiete. Ghalibafen arabera, eraso horiek gertatuz gero energia azpiegiturak helburu zilegiak bihurtuko lirateke, eta petrolioa are gehiago garestitzea eragingo lukete erasoek.
Bide berean hitz egin dute Irango armadako ordezkariek ere. AEBek Irango zentral elektrikoei eraso egiten badiete Ormuzko itsasartea erabat itxiko dutela abisatu dute, eta ez dutela irekiko zentral horiek berreraiki arte. Ez da iragarri duten neurri bakarra izan: «Dena prest dugu nahi izanez gero AEBek eskualdean dituzten interes ekonomiko guztiak suntsitzeko».
Guardia Iraultzaileak ere plazaratu du ohar bat, eta esan du AEBek eskualdean dituzten baseak helburu militar bilakatuko direla zentral elektrikoei eraso egiten badiete. Ekialde Hurbilean diharduten AEBetako enpresak suntsituko dituztela ere ziurtatu dute.

Atzo, Israelek eta AEBek Natanzko instalazio nuklearrari eraso egin ziotela salatu zuen Iranek, eta indartsu erantzun du: bost misil sorta bidali ditu gaur Dimonako zentral nuklearrera, eta 40 lagun zauritu ditu. Toki hori funtsezkoa da Israelen programa nuklearrarentzat. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, behintzat, ziurtatu du ez duela ezohiko erradiaziorik atzeman inguru horretan, erasoaren ostean.
Israel hegoaldeko Arad hirian ere, bonbardaketek 59 zauritu eragin dituzte azken orduetan. Han izan da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa gaur goizean. Hedabide gutxi batzuei egin dizkien adierazpenetan, argi utzi du ez duela Iranen eta Libanoren aurkako gerra amaitzeko inongo asmorik, eta zalantzarik egin gabe jarraituko dutela «aurkariei aurre egiten fronte guztietan».
Aitortu du «gau zaila» izan dela, baina Israel eta AEBak «munduaren onerako» lanean ari direla gehitu du, eta beste herrialde batzuei Iranen aurkako kanpainarekin bat egiteko eskatu die: «Gainontzeko herrialdeetako buruek gurekin bat egiteko garaia da». Adierazi du Iranen kontrako gudua irabazten ari direla, eta hurrengo helburuak aipatu ditu: «Erabat deuseztatzea Iranen programa nuklearra, misilak ekoizteko gaitasuna eta bi horiek aurrera eramateko osagaiak egiteko gaitasuna».
Etxebizitzak eta zubiak
Libanon, Israel Katz Israelgo defentsa ministroak eta Netanyahuk «fronteko lehen lerroan» dauden etxebizitzak suntsitzeko agindu dute, «israeldarren komunitateentzat arriskuak murrizteko». Katzek berak eman du agindu horren berri, eta gehitu du armadak Litani ibaiaren gaineko zubi guztiak ere eraitsiko dituela, «ekintza terroristak» egiteko erabiltzen ari direlako horiek. Katzek armadari agindu dio Libano hegoaldeko herriak suntsitzeko, Israelek mugakide dituenak, «Gazako ereduari jarraituz».
Armadak, berriz, Libano hegoaldeko Tiro hiria gainontzeko eskualdeekin lotzen duen errepidea bonbardatuko duela jakinarazi du goizean, eta arratsaldean bete du mehatxua. Errepide hori eta Litani ibaiaren gaineko zubirik handiena bonbardatu dituzte. Tirora errefortzurik ez iristea da helburua, armadaren arabera. Herritarrei iparraldera mugitzen segitzeko ere agindu die.
Joseph Aounek, Libanoko presidenteak, salatu du azken eraso horiek lurreko inbasio baten aurreko pausoa direla, eta Israelen helburua dela herrialdea geografikoki zatitzea.