Hiru aste bete dira gaur Israelgo eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadek Iranen aurkako erasoa abiatu zutenetik, eta, geroztik, areagotu besterik ez da egin hiru herrialdeen eta Ekialde Hurbileko gainerako herrialdeen arteko tentsioa. Iranek gaur salatu du AEBek eta Israelek eraso egin diotela uranioa aberasteko Iranek Natanzen daukan instalazio nuklearrari. Israelek, ordea, adierazi du ez zeukala eraso horren berririk. Ordu batzuk beranduago iritsi da Iranen erantzuna: Israel hegoaldeko Dimona hirira misil bat jaurti du, herrialdeko instalazio nuklear nagusietako bat jotzeko asmoz, eta bi lagun «larri» zauritu ditu. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak erasoak geldiarazteko deia egin du gaur goizean, «arriskutsua» delako.
Ez da AEBek edo Israelek Natanzko instalazioaren aurka egin duten lehen erasoa. Izan ere, gerra hasi eta lau egunetara misilak jaurti zituzten bertara. Hala ere, orduko hartan erasoek ez zuten uranioa aberasteko gunea jo. Gaur, ordea, bai.
Israelgo armadak jakinarazi duenez, beste eraso olde bat abiatu du bart, Teheranen, misilak garatzeko azpiegitura baten aurka. Oharrean zehaztu dutenez, Irango Guardia Iraultzaileak misilak ekoizteko erabiltzen duen instalazio bati eta Irango Defentsa Ministerioak jaurtigai horientzako erregaia ekoizteko erabiltzen duen beste instalazio bati egin diete eraso, besteak beste.
Gaineratu duenez, eraso horren helburua «aiatolen erregimenaren sistema nagusiei eta misilak sortzeko azpiegiturei» kalte egitea zen. Era berean, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak gaur goizean adierazi du datorren astean Iranen aurkako erasoak «nabarmen» areagotzeko asmoa daukatela Israelek eta AEBek.
Ez dira, ordea, Israelek gaur egin dituen eraso bakarrak. Izan ere, Israelgo armadak Beiruteko zazpi auzo bonbardatu ditu, Hezbollah Libanoko milizia xiitaren aurkako eraso batean. Minutu batzuk lehenago egin du eremu horiek husteko deia Israelgo armadak. Gainera, Israelek adierazi du Hezbollahko beste lau kide hil dituela Libano hegoaldeko lurretan egindako erasoaldi batean, eta gaur arratsaldean Teherango Malek Axtar Unibertsitate Teknologikoari ere egin dio eraso.
IRANEK ORMUZEN duen eragina AHULDU DUtELA ZIURTATU DUTE AEB-EK
AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadak gaur jakinarazi du «ahuldu» egin duela Iranek orain arte izan duen gaitasuna Ormuz itsasartean «nabigatzeko askatasuna arriskuan jartzeko». Izan ere, Washingtonek adierazi du asteon eraso egin diola Irango kostaldean dagoen lurpeko armategi bati. Brad Cooper AEBetako militarrak X sare sozialean idatzi duenez, nazioarteko nabigaziorako arriskutsua izan daitekeen tresneria gordetzen zuen Iranek bertan.
Donald Trump AEBetako presidenteak Truth Social bere sare sozialean jakinarazi du asmoa daukala Ekialde Hurbilean gaur egun daukan presentzia militarra nolabait murrizteko; izan ere, bere esanetan, «aurrerapauso nabarmenak» eman ditu gerra horretan dauzkan «helburuak» lortzeko. Hala, adierazi du ez duela Irango gerra amaitzeko inolako asmorik: «Hizketaldi bat eduki dezakegu. Baina ez dut su eten bat sinatu nahi. Ez da halakorik egiten beste bandoa txikitzen ari zarenean», erantzun zuen atzo gauean, su etena ezartzeko asmorik ote zeukan galdetu ziotenean.
Iranek, bestalde, Trumpek hori esan eta ordu gutxira jakinarazi zuen Israelgo eta AEBetako funtzionarioak «helburu» izan daitezkeela Iranentzat, munduko edozein txokotan daudela ere. Baita aisialdi guneetan eta gune turistikoetan ere. «Hemendik aurrera, mundu osoko aisialdi guneak eta gune turistikoak ere ez dira toki seguruak izango zuentzat» esan du Irango armadaren bozeramaile Abolfazl Xekarchik.
Era berean, Iranek bi misil jaurti ditu AEBek eta Erresuma Batuak Chaos artxipelagoan daukaten basera, Indiako ozeanoan. Bakar batek ere ez du basea jotzea lortu, baina ohartarazpen argi bat izan da, Iranek lehen aldiz erabili baitu operazio batean helmen ertaineko misil bat —misil horiek 1.000 eta 3.500 kilometro inguruko distantzia egin dezakete—. Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik otsailean esan zuen bere herrialdeak 2.000 kilometrora mugatu zuela bere misilen irismena. Gaur eraso egin dion base hori, ordea, Irandik ia 4.000 kilometrotara dago.
Aurrez, Erresuma Batuak baimena eman die AEBei beren baseetatik Irani eraso egin ahal izateko. Neurri horri esker, Washingtonek instalazio horietatik jardun ahal izango du mehatxuak atzemateko eta Irani eraso egiten jarraitzeko. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak, berriz, azpimarratu du erabaki horrek ez dakarrela gerran zuzenean parte hartzea.
Bestalde, Irango Guardia Nazionalak jakinarazi du AEBen armadaren beste bost baseri egin diela eraso gaur: Arabiar Emirerri Batuetan, Bahrainen, Kurdistanen, Kuwaiten eta Saudi Arabian. Eraso horiek egin arren, Irango presidente Masud Pezexkianek sare sozialetan adierazi du Iranek ez duela gatazkarik nahi inguruko herrialde horiekin, eta elkartzeko deia egin die herrialde arabiarrei: «Israelek etekina ateratzen dio gure zatiketari».