«Legez kanpokoa» eta «gizagabea» da AEBek Irani ezarri nahi dioten aireko blokeoa. Hala salatu du Irango Atzerri Ministerioak gaur, ohar batean, Washingtonek irailaren amaieran herrialde horretako 27 hegazkin konpainiari zigorra ezartzea erabaki ostean. Gainera, Etxe Zuriak mehatxu egin die beste zenbait herrialderi Iranerako hegaldiak bertan behera utz ditzaten. Hori egin ezean, dolar sistematik kanpo utziko dituztela ohartarazi du. Arabiar Emirerri Batuek, Irakek, Omanek, Georgiak, Azerbaijanek eta Turkmenistanek hegaldiak erabat edo partzialki eten dituzte.
«Erabaki horiek ez dituzte, soilik, Nazio Batuen Erakundearen Gutunaren, nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubideen oinarrizko printzipioak urratzen; herrialdeen arteko harremanak hondatzeko konspirazio arriskutsu bat da», adierazi du Atzerri Ministerioak oharrean. Paria Ekonomikoa operazioa deiturikoaren parte dira Etxe Zuriaren erabaki horiek.
Teheran Bagdadi zuzendu zaio, eta eskatu dio berrezar ditzala Irak eta Iran arteko hegaldiak: «Bi herrialdeetako aerolineen arteko hegaldiek normaltasunera itzuli behar dute, bi nazioen interesen mesedetan». Gaineratu du, bi gobernuen arteko desadostasunak desadostasun, milioika irandarren eta irakiarren desplazamenduei eragiten dietela murrizketa horiek, eta Bagdadi exijitu diote «independentziaz eta erantzukizunez» hartzeko erabakiak.
Hain justu, asteon atera zituzten Iraketik herrialdean gelditzen ziren AEBetako 2.500 soldaduak. Orain, AEBetako tropen «mehatxua» alboratuta, Bagdadek jakinarazi du hasi dela Iranen aldeko miliziak armagabetzen.
Horiek horrela, Iraqi Airways konpainiari «baimen berezi» bat eman dio AEBetako Gobernuak, eta Iranerako hegaldiak abian edukiko ditu urrian zehar. Gainera, Washingtonek ezarritako zigorrak gorabehera, Irandik hegaldiak ateratzen dira, besteak beste, Txinara, Errusiara eta Turkiara.
Yemengo Gobernuak jakinarazi du eraso egin diela matxino huthiei gaur, Sanan, Yemengo hiriburuan. «Helburu garrantzitsuak» jo dituztela jakinarazi du herrialdeko armadako bozeramaileak, sare sozialetan. Eta nazioarteak aitortutako gobernuak gaineratu du Sadaa eta Ta'izz eskualdeetan ere egin dituztela erasoak, herrialdearen ipar-mendebaldean eta hego-mendebaldean, hurrenez hurren. Sana huthien kontrolpean dago duela hamabi urtetik, eta azken asteetan herrialdearen mendebaldeko gune zabalak ere hartu dituzte. Hala, Yemengo gatazkak koska bat egin du gora, eta eskualdean zehar hedatu da. Asteon, Saudi Arabiak salatu du huthiek eraso egin diotela Medina hiri sakratuko elektrizitate estazio bati; matxinoek, ordea, ukatu egin dute islamaren gune sakratua jo izana.yemengo gobernuak esan du huthiei eraso egin diela sanan
Donald Trump AEBetako presidenteak otsailaren 28an abiarazi zuen Iranen aurkako gerra, eta abuztuan eman zuen Paria Ekonomikoa operazioaren berri; Teheran ekonomikoki bakartzea du helburu. Irango portuak ere blokeatuta ditu AEBetako armadak, eta petrolioa esportatzeko oztopoak ezarri dizkio. Gainera, Irango autogintza enpresei eta tren sektoreari ere zigorrak ezarri zizkion atzo AEBetako Altxorraren Departamentuak. Errepublika islamiarreko tren konpainia nazionala, IKCO eta Saipa autogintza etxeak, eta Niroo Motor motozikleta ekoizlea daude zigortutakoen artean. «Tren eta autogintza sektoreak dira oraindik ere erregimenak mantentzen dituen diru sarrera iturri nagusienetako batzuk», adierazi zuen atzo AEBetako Altxorraren Departamentuak, ohar batean.
Beste hegazkinontzi bat
AEBetako armadak beste hegazkinontzi bat bidali zuen asteburuan Ekialde Hurbilera, USS Theodore Roosevelt ontzia, baita beste ia 10.000 soldadu ere. Gaur goizaldean eman du horren berri The Wall Street Journal egunkariak, iturri ofizialak aipatuz. Azaroaren amaieran da iristekoa. AEBek Ekialde Hurbilean jada badituzte bi hegazkinontzi: USS George H.W. Bush eta USS George Washington ontziak.
Trumpek Iranen aurkako diskurtsoa gogortzen ari den unean erabaki dute hirugarren hegazkinontzi hori bidaltzea. Aurreko astean, AEBetako presidenteak esan zuen litekeena dela agintaldi erdiko bozen ostean —azaroaren 3an egingo dituzte—, Iranen aurkako beste eraso olde bati ekitea. Asteburuan, gainera, Trumpek baztertu egin zuen Iranek gerra amaitzeko ondutako zazpi eguneko proposamena.