Iranek baditu AEBez ez fidatzeko arrazoiak. Azken urtean bi aldiz, Washingtonek, alde bakarrez, bertan behera utzi zituen Teheranen programa nuklearrari eta balistikoari buruzko aldebiko negoziazioak, eta Iran bonbardatzea baimendu zuen: iazko ekainean bonbardatu zuen Israelek, eta aurten, otsailaren 28tik aurrera, Israelek eta AEBek, elkarrekin. Orain, aurrekari horiek eta azken egunetako gertakariak kontuan hartuta, Teheranek oraindik ere ez du argitu ea datozen orduetan AEBekin eseriko den Islamabadeko negoziazio mahaian. Pakistango hiriburuan dena prest dago horretarako duela hiru egunetik. Eta ikusteko dago Donald Trumpek 24 orduz luzatuko ote duen apirilaren 8an —Euskal Herrian 02:00ak zirela— indarrean sartutako bi asteko su etenaren epemuga; hau da, Euskal Herriko osteguneko 02:00ak arte luzatuko ote duen.
Asmo hori adierazi zion atzo gauean Bloomberg berri agentziari, eta ohartarazi zuen akordiorik lortzen ez badute «ziurrenik» ez duela luzatuko —otsailaren 28tik bost ultimatum utzi ditu bertan behera azken unean—; gaur, ordea, CNBC telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean esan du ezetz, ez duela luzatuko: «Ez dut nahi. Ez daukagu hainbeste denbora». Akordiorik lortu ezean, mehatxu egin du berriro hasiko direla Iran bonbardatzen: jokabide hori «aproposagoa» iruditzen zaio, eta bota du herrialdeko armada «irrikaz» dagoela. Dena den, Iranek esan du erasoei erantzun egingo diela, eta mezu hori bera plazaratu du gaur armadak. «Indar armatuak prest daude azkar eta modu erabakigarrian etsaiaren ekintzei erantzuteko», nabarmendu du ohar batean Khatam al Anbiya jeneralak.
Bien bitartean, AEBetako presidenteorde JD Vance gaur da Pakistanerantz abiatzekoa, eta bihar goizean da Islamabadera heltzekoa —hamahiru ordu inguru behar dira Washingtondik, hegazkinez—. Hori kaleratu du Al Jazeera hedabideak, bitartekariaren iturri ofizialak aipatuz. Dena den, arratsaldean Etxe Zurira heldu da, eta hango iturri ofizialek Reuters agentziari adierazi diotenez, zenbait agintarirekin batera biltzekoa da. Trumpek atzo esan zuen Vance bidean zela; Irango ordezkaritzakoekin biltzekotan, presidenteordeak Etxe Zuriko maizterraren negoziatzaileak izango ditu ondoan, Steve Witkoff eta Jared Kushner. Haiek bildu ziren Irango ordezkariekin Islamabaden apirilaren 11n, elkarrizketen lehen saioan.
Pakistan mugakide du Iranek. Hiru ordu ere ez daude hegazkinez bi hiriburuen artean, eta Iranek oraingoz ez du erabaki Islamabadera joan ala ez, baina, esan duenez, ezezkoan dago, iruditzen baitzaio Trumpek eskatzen diona amore ematea dela finean. Azken egunetako gertakariek, gainera, ez dute laguntzen irtenbide bati begira.
Hilabete eta erdiz Ormuzko itsasartea ia guztiz blokeatuta eduki ondoren, Iranek berriz ireki zuen ostiral arratsaldean. AEBek, baina, Irani ezarritako itsas blokeoari eustea erabaki zuten. Hortaz, hurrengo egunean, artean 24 ordu pasatu ere ez zirela, Iranek atzera itxi zuen pasabidea. Pakistanek AEBei eskatu die bidea berriro ireki diezaiela Iran irteera edo helmuga duten ontziei, hori lagungarria izango litzatekeela elkarrizketei begira. Hori argitaratu du Al Jazeerak, negoziazioetako iturriak aipatuz.
IEA-ren arabera, oraingo energia krisia «inoizko handiena» da
IEA Nazioarteko Energia Agentziaren zuzendari Fatih Birolek ohartarazpen bat egin du: Israelek eta AEBek Iranen aurka duela hilabete eta erdi hasitako erasoaldiak eragindako energia krisia «inoizko» handiena da. Hori nabarmendu du gaur, France Inter irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. Eta gaineratu du Ormuzko itsasartea irekita ere —munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru handik pasatzen da— «denbora asko» beharko dela «normaltasunera» itzultzeko: «Persiar golkoko petrolio eta energia instalazioak, baita beste azpiegitura batzuk ere, oso kaltetuta daude».
Horrekin lotuta, EB Europako Batasunaren abisua: uda «zaila» izango da kontinentean, Ormuz hilabete eta erdiz itxita egoteak eragindako erregai gabeziarengatik. Hori azpimarratu du Dan Jorgensen Energia komisarioak Madrilen egindako agerraldi batean, eta gaineratu talde komunitarioa horri aurre egiteko neurriak prestatzen ari dela. Eta Apostolos Tzitzikostas Garraio komisarioa areago joan da gaur, prentsaurreko batean: nabigazio askatasunik gabe ondorioak «katastrofikoak» izango direla.
Blokeoa nahikoa ez, eta AEBetako armadak Irango Touska zamaontzia atzeman zuen igandean. Irango Atzerri Ministerioak salatu du gaur ohar batean AEBak nazioarteko zuzenbidea urratzen ari direla eskifaiako kideak «gatibu» hartuz, eta iruditzen zaio modu horretan menia ere urratu dutela. Teheranek gertatutakoari buruz galdetu die Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiari eta NBEren Segurtasun Kontseiluko kideei. Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik «probokazio» ekintzatzat hartu zuen atzo.
Gaur, berriz, AEBetako Gerra Departamentuak jakinarazi du Tifani petroliontzia atzeman duela Indiako ozeanoan, argudiatuta harremana duela Iranekin. Espezializatutako webguneen arabera, gaur goizaldean Sri Lankatik hurbil zebilen ontzi hori, eta Reuters agentziak kaleratu duenez, petrolioa zeraman Singapurrera. «Nazioarteko urak ez dira babesleku zigortutako ontzientzat», esan du departamentuak sare sozialetan.
Israelen erasoak Libanon
Libanon ere hamar eguneko su eten bat dago ezarrita aurreko ostiraletik, baina bai Israelek eta bai Hezbollah milizia xiitak aitortu izan dute urratu dutela, eta, gaur, Israelek herrialdearen hegoaldea okupatzeko ahaleginean jarraitu du. Libanoko albiste agentzia nazionalak argitaratu duenez, artilleria erabili du horretarako; etxebizitzak eta azpiegiturak txikitu ditu. Bestalde, Israelgo armadak salatu du Hezbollahk hainbat misil jaurti dituela Libano hegoaldean, soldaduen kontra.
Hain zuzen, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak Naim Qassem Hezbollahko liderra mehatxatu du, beste hainbatetan bezala; sare sozialetan esan du hil egingo dutela. Katzek berak adierazi zuen, martxo amaieran, bere asmoa dela Libano hegoaldean Gazan bezala jokatzea.
Israelgo eta Libanoko ordezkariak duela astebete bildu ziren Washingtonen, eta ostegunean dira berriro biltzekoak. Joseph Aoun Libanoko presidenteak adierazi du diplomazia «odolik gabeko gerra» dela: «Ez da kontzesio bat, eta ez da amore ematea, arazoak konpontzeko modua baizik», idatzi du gaur sare sozialetan.
Bestalde, Parisen bildu dira gaur Nawaf Salam Libanoko lehen ministroa eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Arratsaldean eman duten prentsaurrekoan, Salamek esan du Israelgo armada erretiratzea nahi dutela Libano hegoaldetik; Macronek, berriz, esan du Libanori lagundu nahi diotela subiranotasuna «guztiz» berreskuratu dezan. Frantzia, AEBekin batera, bitartekari aritu zen Israelen eta Hezbollahren arteko 2024ko su etenaren negoziazioetan.
Ikusi gehiago
30Zenbat eguneko espetxe zigorra ezarri dien Israelgo armadak bi soldaduri. Israelgo armadak jakinarazi du 30 eguneko espetxe zigorra ezarri diela bi soldaduri: horietako bati Jesu Kristoren eskultura bat aizkoraz kolpatzeagatik, eta besteari ekintza hori agertzen den bideoa grabatzeagatik. Libano hegoaldeko Debel herrian gertatu zen ikur horren kontrako erasoa, Libanoren eta Israelen arteko mugatik bost kilometro eskasera. Armadak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak berak ere gaitzetsi egin dute.