Iranen eta AEBen arteko negoziazioak: porrot bat bestearen atzetik

Teheranek eta Washingtonek 2015ean adostutako itun nuklearra bertan behera geratu ondotik, bi aldeak akordioren bat lortzen saiatu dira. Iazko ekaineko gatazkak bien arteko elkarrizketak etenarazi zituen, eta orduz geroztik ez dira berriro bildu.

Mugak ezarrita baldin bada ere, Iranek programa nuklearrari eutsi nahi dio. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Mugak ezarrita baldin bada ere, Iranek programa nuklearrari eutsi nahi dio. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urtarrilaren 29a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ameriketako Estatu Batuek beste akordio nuklear bat adostu nahi dute Iranekin. Donald Trump AEBetako presidentearen hitzetan, Teherani «denbora agortzen» ari zaio mahaiaren bueltan eser dadin, baina Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak atzo esan zuen agerraldi batean ezen «azkenaldian» ez dutela AEBen deirik jaso, eta «mehatxuak» ez direla elkarrizketei ekiteko modua.

Washingtonek USS Abraham Lincoln hegazkinontzia bidali du asteon Arabiako itsasora, eta beste ontzi bat ere heltzekoa da hara; Trumpen arabera, «armada masiboa» egongo da Ekialde Hurbilean, Iranek «agudo» erabaki dezan akordio nuklearra negoziatzea.

Zergatik beste akordio bat?

Trumpen administrazioak, haren lehen agintaldian (2017-2021), bertan behera utzi zuelako Iranekin zuen akordio nuklearra. Bi herrialdeek 2015ean onartu zuten itun hori, eta beste zenbait potentziak ere —Alemaniak, EB Europako Batasunak, Errusiak, Txinak eta Frantziak— sinatu zuten: hain zuzen, adostu zuten Teheranek bere programa nuklearra mugatuko zuela, 2006tik NBE Nazio Batuen Erakundeak ezarriak zizkion zigor ekonomikoak kentzearen truke. Trump Etxe Zurira heldu eta gero, ordea, Washingtonek itunetik alde egin zuen, eta zigorrak berrezarri zizkion Irani, bere kabuz.

Ondorioz, Iranek bere programa nuklearra garatzeari ekin zion. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak iazko maiatzean kaleratutako txosten baten arabera, %60 aberastutako 400 kilogramo uranio pasatxo zituen iazko maiatzean —2015eko itunak ezarritako %3,67 aberastutako 300 kilo uranioren muga aise gaindituta—.

Uranioa %90 aberastu beharko luke bonba nuklear bat egiteko, baina Iranek esan izan du programa nuklearra ez duela armagintzarako nahi, erabilera zibilerako baizik.

Negoziatu al dute orduz geroztik?

Iazko apirilean, bilerak egiten hasi ziren Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkaria eta Araghtxi Irango Atzerri ministroa, zertarako-eta programa nuklearrari buruz eztabaidatzeko. Baina Teheranek esan zuen uranioa aberasten segituko zuela, eta ekainean Israelek Iran bonbardatu zuen, haren gaitasun nuklearra argudiatuta. Hamabi egunez elkarri erasoka aritu eta gero, AEBek ere esku hartu zuten gatazka horretan, eta Irango hiru azpiegitura nuklear bonbardatu zituzten. Elkarrizketak eten egin ziren.

Trumpek ziurtatu zuen azpiegitura horiek «erabat suntsitu» zituztela ekaineko erasoaldian. Iranek IAEArekin zuen lankidetza bertan behera uztea erabaki zuen orduan, baina Mendebaldearen erantzuna ikusita —Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak zigor ekonomikoak berriro ezartzeko prozesua hasi baitzuten—, negoziatzen hasteko prest agertu zen. Ez zuten halakorik lortu, eta NBEren Segurtasun Kontseiluak irailean zigorrak ezarri zizkion berriro Teherani, hamar urtez etenda egon ondoren.

Zer eskatzen du alde bakoitzak?

Trumpek abenduan iradoki zuen Iran «armak garatzen» ari dela berriro, eta «kolpe latza» jasoko zuela programa nuklearra alde batera laga ezean. AEBetako hedabideek herrialdeko iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, hauexek dira Etxe Zuriaren eskakizunak: Iranek arma nuklearrak ez garatzea; uranioa ez aberastea —ezta 2015eko akordioak ezarritako mailan ere—; gordeta duen uranio aberastua entregatzea; misil balistikoen programa mugatzea; eta aliatu dituen Ekialde Hurbileko talde armatuak babesteari uztea.

Iranek, ordea, kontrakoa eskatzen du: zenbait muga ezarrita bada ere, programa nuklearra garatu ahal izatea, baita uranioa aberastu ahal izatea ere; prest dago IAEArekin zuen lankidetzari berriz ekiteko, bien arteko harremana moldatuz gero; eta misilen programari eutsi nahi dio.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.