Irango programa nuklearra, AEBen jomuga

Bonba nuklearra eskuratzeko ahaleginetan aritzea egozten diote AEBek Irani. IAEAk ere ohartarazi du %60ra arte aberastutako uranioa duela Iranek, baina aitortu du ez duela nahikoa informazio baieztatzeko arma nuklearrak egitea dela haren asmoa.

Isfahango gune nuklearra, AEBek bonbardatu ostean. MAXAR TECHNOLOGIES
Isfahango gune nuklearra, AEBek bonbardatu ostean. MAXAR TECHNOLOGIES
arantxa elizegi egilegor
2025eko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da lehen aldia AEBetako administrazioa Irango programa nuklearra gelditzen ahalegintzen dela. Hainbat saio egin ditu azken hamarkadetan: zibererasoekin, negoziazioen bidez eta zigor ekonomikoen bitartez. Ez du, ordea, helburua lortu. Oraingoan, AEBetako presidente Donald Trump ziur agertu da erasoaldia «arrakasta militar ikusgarria» izan dela, eta, hiru gune nagusiak bonbardatu ostean, Iran negoziazio mahaian eseriko dela, baldin eta «tragedia handiagoa» nahi ez badu.

Programa bera 1957an jarri zuen martxan Teheranek, AEBekin elkarlanean. 1979an, Iraultza Islamikoaren ostean, ordea, Washingtonek bertan behera utzi zuen elkarlana. Teheranek beti defendatu izan du programaren helburua zibila dela, eta Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna ere sinatua du. Baina mendebaldeko potentziak ez dira fio eta gatazka gaiztotuz joan da azken urteetan.

1

Mesfidantza

Ituneko sinatzaile gisa, Iranek betebeharra du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako begiraleei uranioa aberasteko guneetara sartzen uzteko eta ikerketa errazteko. Horietako bisita baten ostean, 2000. urtean, nazioarteko begiraleek ohartarazi zuten energia sortzeko behar baino gehiago aberastutako uranioaren arrastoak topatu zituztela Natanzeko gunean. Teheranek eten egin zuen programa NBEren eskariari erantzunez, baina 2006an martxan jarri zuen berriz, argudiatuta itunak horretarako aukera ematen ziola.

Mendebaldeak zigor ekonomikoak ezarriz erantzun zion, harik eta 2015ean Irani programarekin jarraitzea ahalbidetzen zion akordioa sinatu zuten arte. Harren arabera, Teheranek ezingo luke uranioa aberastu %3,67 baino gehiago -%90ra aberastu beharko luke bonba nuklear bat egiteko-, eta biltegiratutako uranio kopurua murriztu behar luke. 

Hitzarmenak ez zuen luze iraun. 2018an, Trumpek akordiotik irtetea erabaki baitzuen, argudiatuta ez zuela bermatzen Iranek bonba nuklearra eskuratuko ez zuenik. Iranen erantzuna berehalakoa izan zen, eta uranioa aberasten eta biltegiak betetzen hasi zen. 2023an IAEAk jakinarazi zuen %83,7ra aberastutako uranio partikulak aurkitu zituztela gune nuklear batean. Iaz, berriz, IAEAk ohartarazi zuen %60tik gora aberastutako 408 kilo uranio zituela Iranek biltegiratuta; adituen arabera, gehiago aberastuz gero, bederatzi bonba nuklear egiteko adina.

IAEAk behin baino gehiagotan leporatu izan dio Irani Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna urratzea. Baina joan den astean, hogei urtean lehen aldiz, erakundeak egotzi zion Teherani ituna bertan behera utzi izana.

2

Erasoak

Hiru gune nuklear bonbardatu dituzte AEBetako hegazkinek: Fordow, Natanz eta Isfahan. Baina Fordowkoa izan dan Washingtonen helburu nagusia. 

Gune nuklearra lurpean dago eta misilen aurkako ezkutuekin babestuta. 2006an jarri zuten martxan, baina IAEAk ez zuen haren berri izan 2009ra arte. Azken egunetan Israel bera ere ahalgindu da hura suntsitzen, baina ez du lortu. Hortik Benjamin Netanyahu lehen ministroak Etxe Zuriari laguntza eskatu izana. AEBek GBU-57 motako bonbak baliatu dituzte; horiek gai dira sakon lurperatutako helburuetara heltzeko. 

Ez dago argi zenbaterainoko kaltea eragin duten erasoek Fordown. AEBetako Defentsa idazkariaren arabera, misilak «jopuntura heldu dira eta helburua bete dute». Irango iturriek Al Jazeera kateari esandakoaren arabera, ordea, kalteak «azalekoak» izan dira. Ez batak, ez besteak, ez dute kalteen inguruko datu zehatzik eman.

Kalteak nabariagoak izan dira beste bi zentraletan. Aurreko egunetan Israelek egindako erasoek erabat suntsituta utzi dute Natanzeko lur gaineko eraikina eta kalte handiak eragin dizkiete lurpeko zentrifugagailuei -uranioa aberasteko erabiltzen dira-, zenbait erabat hondatuta uzteraino. Isfahanen kasuan, sei eraikin hondatu dituzte AEBetako bonbardaketek -aurrez beste lau suntsituak zituen Israelek-, tartean laborategi nagusia.

3

Programa nuklearra

Orain arte, ahaleginak ahalegin, mendebaldeko potentziek ez dute lortu Iranek programa nuklearra behin betiko etetea, eta oraingoan ere ez dirudi halakorik gertatuko denik, AEBek kontrakoa esan arren. Izan ere, uranioa aberasteko guneetan kalteak eragin arren, herrialdeak %60tik gora aberastutako uranioa du biltegiratuta, eta erasoek prozedura luzatu arren, ez dute zertan hura gelditu, biltegiak suntsitu ezean.

Bestalde, zenbait adituk zalantzan jartzen dute bonba nuklearrak egiteko Iranen gaitasuna bera ere. AEBetako Estatistika Arduratsurako Quincy Institutuko presidenteorde Trita Parsik Al Jazeera kateari azaldu dionez, Iranek pilatutako uranioa duen bitartean beti izango du programa nuklearra garatzeko aukera, eta, beraz, bonbak egitekoa. «Laster etorriko da Israel esatera operazioa ez dela izan Trumpek nahiko lukeen bezain arrakastatsua, eta beharrezkoak direla antzeko bonbardaketa gehiago».

4

Uranio aberastua

Parsik argi du Trumpek erasoa prestatzeko hartutako denbora baliatu duela Teheranek gune nuklearretan biltegiratutako uranioa tokiz mugitzeko. «Badirudi aurrez zutela erasoaren berri. Ohartu dira Trump denbora irabazten ari zela operazioa prest zuenerako, eta mugitu egin dira».

Baina, zenbaterainoko arriskua dago Iranek bonba nuklearrak egiteko? Denak ez datoz bat eztabaida horretan. 

Uranio naturalaren %99,3 238 motakoa da, eta ez da egokia bonbak egiteko. Soilik %0,7a da 235 motako uranioa. Energia nuklearra sortzeko uranioa gas bihurtzen da lehenik, eta gero abiadura handian biratzen da zentrifugagailuetan. Makina horiek 235 motako uranioa 238 uraniotik bereizten laguntzen dute. Hori da aberastea.

Argindarra sortzeko nahikoa da uranioa %3,67 aberastea. Bonba nuklear bat egiteko, ordea, %90raino aberastu beharko litzateke. IAEAren arabera, Iranek lortu du uranioa %60raino aberastea; ez nahikoa bonba bat egiteko, baina bai gerturatzeko. Hurrengo urratsa emateko gai den da galdera. AEBen arabera, egun duen teknologiarekin bi aste nahikoak lituzke bonba nuklearra egiteko. Gauza bera dio Israelek ere, baina ez batak, ez besteak, ez dute horren frogarik aurkeztu. Gainera, AEBetako informazio zerbitzuek behin baino gehiagotan esan dute Iran ez dela ari uranioa armak egiteko baliatzen eta Ali Khamenei aiatolak ez duela baimenik eman arma nuklearretarako programa berriz martxan jartzeko, 2003an eten zuenetik.

IAEAk, berriz, kopuru zehatzak eman ditu, baina erakundeak berak aitortu du ezin duela gezurtatu programa nuklearra helburu zibiletarako soilik denik, Iranek berak ez diolako nahikoa askatasunik ematen gune nuklearrak ikertzeko. Erakundeko buru Rafael Grossik ere zalantzak agertu ditu: «2000ko ikerketek nahiko argi erakusten zuten ahalegina bonba nuklearra egitera bideratua zela, baina ez gaude testuinguru berean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.