Irlandako gatazkari heltzeko lege esparru bat adostu dute Dublinek eta Londresek

2023an Londresek bere kasa onartutako legea ordezkatuko du. Irlandako Errepublikako lehen ministro Micheal Martinen ustez, akordioak «aukera ona» emango du biktimen familiekin lan egiteko.

Micheal Martin eta Keir Starmer, Irlandako eta Erresuma Batuko lehen ministroak, iragan astean, Aylesburyn (Erresuma Batua). EFE
Micheal Martin eta Keir Starmer, Irlandako eta Erresuma Batuko lehen ministroak, iragan astean, Aylesburyn (Erresuma Batua). EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko irailaren 19a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irlandako gatazkan argitu gabeko gaiei heltzeko lege esparru bateratu bat adostu dute Irlandako Errepublikak eta Erresuma Batuak. Irlandako Errepublikako lehen ministrorde Simon Harrisek eta Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministro Hilary Bennek gaur eman dute akordioaren berri, Hillsborough gazteluan, Irlandaren ipar-ekialdean. Harrisek erabakia goraipatu du: «Bide emango die egia eta erantzukizunak argituko dituzten erreformei». Gainera, nabarmendu du Londresen jarrera «erabat aldatu» dela 2023an onartutako legearekin alderatuta.

Izan ere, 2023an, Erresuma Batuko Gobernuak bere kabuz onartu zuen Ipar Irlandako gatazka armatuaren inguruko lege bat, eta Komunen Ganberak oniritzia eman zion. Legearen arabera, garai hartako hilketen akusatuek amnistia jasoko zuten, horiei buruzko ikerketetan lagunduz gero. Kontserbadoreak zeuden orduan agintean, eta gehiengo osoa zuten Komunen Ganberan. Legeak, baina, polemika handia eragin zuen. Irlandako errepublikanoak kontra agertu ziren, unionistak ere bai, baita biktimen taldeak ere. Irlandako Errepublikako Gobernuak, berriz, auzitara eraman zuen lege hura.

Aurka agertu zirenen artean zegoen 2023an Erresuma Batuko oposizioko alderdi nagusia zena ere, laboristena. Horiek 2024an hauteskundeak irabazi zituzten, eta gobernuan ordezkatu zituzten kontserbadoreak. Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministroaren hitzetan, Ipar Irlandan «min handia» eragin zuen aurreko gobernuak onartutako legeak. Eta adierazi du gaur aurkeztutako akordioa dela «biderik onena» Ostiral Santuko Akordioan adostutakoekin aurrera egiteko.

1998an sinatu zuten Ostiral Santuko Akordioa. 1970eko hamarkadatik bake itun hori sinatu arte, 3.500 lagun inguru hil eta 40.000 zauritu zituzten Irlandako gatazkan, baina kasu horietako asko argitzeko daude oraindik ere. Gaur aurkeztutako lege esparruak, besteak beste, aurreikusten du kasu horiek ikertzeko talde berri bat sortzea. Gainera, biktimei laguntzeko 25 milioi euroko funts bat sortzea adostu dute.

Irlandako Errepublikako lehen ministro Micheal Martinen arabera, akordioak «aukera ona» eskainiko du etorkizunean biktimen familiekin lan egiteko. Dublinen egindako adierazpenetan, gaineratu du akordioa erdiesteko «bikain» aritu direla lankidetzan Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroaren gobernuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.