Israel prest dago Libano hegoaldeko bi eremu Beiruti itzultzeko

Tel Avivek Libano hegoaldeko bi eremu utziko ditu, eta Libanoko armadak hartu du haien kontrola. Bi aldeak batzartuta egon dira Erroman, AEBak bitartekari zirela.

AEBen Erromako enbaxada, aurtengo urtarrilaren 27an. DANIEL CACERES / EFE
AEBen Erromako enbaxada, aurtengo urtarrilaren 27an. DANIEL CACERES / EFE
2026ko uztailaren 15a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Libanoko eta Israelgo ordezkaritzek negoziazioei ekin diete berriro, eta adostu dute Israelgo armadak Libano hegoaldeko bi gune utziko dituela. Bi gune pilotu ezarriko dituzte Zawtar al-Gharbiya eta Zawtar al-Txarqiya herrietan, eta Libanoko armadaren esku utziko dute haien kontrola. Oraingoan Erroman bildu dira aldeak, Ameriketako Estatu Batuen diplomaziaren babespean. Elkarrizketa horien helburu nagusia izango da Israelgo armadak Libano uzteko bide orri bat adostea eta prozesu horren baldintzak ezartzea.

Beiruten eta Tel Aviven artean zubi diplomatiko eraginkorrago bat sortzea izan da atzo eta gaur egindako bilkuren helburua. Israelek, hala ere, Hezbollah Libanoko talde xiita armagabetzeko eskatzen du, eta adierazi du ez dela Libanotik joango bere mugaren segurtasuna bermatu arte.

Hurbiltze saiakera honen oinarria zera da, ekainaren 26an AEBetako Estatu Departamentuaren egoitzan sinatutako «bake akordioa». Akordioa adostu ostean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hitzarmenaren berri eman zuen sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Haren esanetan, Israelek armada aterako du bi eremutatik, eta Libanoko armadak ordezkatuko du. Nolanahi ere, Israelgo lehen ministroak ziurtatu zuen Israelgo armada ez dela erretiratuko Libanoko talde xiita desegin arte.

AEBek Erroman duten enbaxadaren egoitzan egiten ari dira bi herrialdeen arteko negoziazioak. Bi ordezkaritzei erraztasunak emateko aldatu dute lekuz, euren gobernuekin negoziazioen inguruko kontsultak egin ahal izateko. Antonio Tajani, Italiako Atzerri ministroa, pozik agertu zen astelehenean, Italiako hiriburua «bakearen egoitza» izango zelako.

Libanoko Gobernuak komunikatu bat publikatu du gaur goizean Italian egiten ari diren negoziazioen inguruan. Bertan, Libanoko presidente Joseph Aounek baieztatu du AEBak Beiruti «entzuten» hasi zaizkiola, eta AEBetako presidentearen mahai gainean dagoela Libanoren egoera. Aounek eskerrak eman dizkio Italian negoziatzen ari den ordezkaritzari, baina adierazi du «bidea egin gabe» dagoela oraindik. Libanok jada negoziazioen aurrepausoak «nabari» dituela ere esan du presidenteak.

Su etenik ez

Elkarrizketek, ordea, ez dute ekarri su etenik; gainera, Hezbollahk ez du onartu akordioa, ezta armagabetze prozesua ere. Israelek garbi esan du Libano hegoaldean okupatutako lurraldea «tarteko babes eremua» dela, eta Libanoko talde xiita armagabetu arte ez direla erretiratuko. Israelek «tarteko babes eremua» deritzonak hamar kilometroko zabalera du, eta Israelek Libanorekin duen muga guztia okupatzen du. Tel Avivek adierazi du eremu hori «defendatzea» beharrezkoa dela Israelgo iparraldea babestua egoteko.

Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, martxoaren hasieran gatazka armatua areagotu zenetik lau mila pertsonatik gora hil dituzte Libanon, eta milioi bat pertsona baino gehiagori etxetik alde eginarazi. Libano hegoaldeko milaka herritarrek etxea utzi dute Israelen armadak bonben bidez egindako erasoen ondorioz. Hezbollahren tunelak edo azpiegiturak suntsitzea zen helburua Israelen armadaren arabera, baina herriak ere suntsitu dituzte. Israeldarrei dagokienez, 32 soldadu eta lau zibil hil ditu Libanoko talde xiitak, gehienak Libano hegoaldean. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA