Israeldarren artean «zatiketa» hauspotzea leporatu dio Eisenkotek Netanyahuri

Yashar alderdiko buruak bertan behera utzi du Netanyahuren alderdiarekin egin behar zuten bilera. Israelgo lehen ministroak «terrorismoa» babestea eta Iranen «itzala» izatea egotzi die alderdi arabiarrei.

Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa gaur, parlamentu berriaren inaugurazio saioan. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa gaur, parlamentu berriaren inaugurazio saioan. ABIR SULTAN / EFE
Aitor Garmendia
2026ko azaroaren 10a
20:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beldurra zabaldu nahi du. Hori da Benjamin Netanyahuk Israelgo lehen ministro karguari eusteko hautatu duen estrategia. Ez du lan erraza. Isaac Herzog presidenteak Gadi Eisenkoti, Yashar alderdiko buruari, eman dio gobernua osatzeko ardura. Eisenkotek nahikoa du alderdi arabiarrekin akordio bat egitea Netanyahuri lehen ministro kargua kentzeko. Kosta ala kosta eragotzi nahi du hori jarduneko lehen ministroak. Gaur, parlamentu berriaren inaugurazio saioan emandako hitzaldian, Netanyahuk «terrorismoa» babestea leporatu die alderdi horiei, inolako frogarik eman gabe. Herritarrak «banatzen» saiatzen ari dela salatu du Eisenkotek.

Parlamentuko kide berrien aurrean, Iranen mamua haizatzen aritu da Netanyahu. Alderdi arabiarrekin akordioak egin nahi dituztenei ohartarazi die alderdi horiek Teheranen eta Hamasen «itzala» direla, «Troiako zaldia». Hau da, lehen ministroaren hitzetan, alderdi arabiarrek barnetik «suntsitu» nahi dute Israel. Hortaz, alderdi horiek albo batera utzita, «batasun nazionaleko gobernu bat» osatu behar dela adierazi du. Hori bai, ez du frogarik eman alderdi horiek Iranekin eta Hamasekin duten harremana justifikatzeko.

Eisenkotek argi du: «Netanyahuk ez du nahi batasunik». Israeldarrak zatitzen saiatzea leporatu dio, eta haren agintaldiari geratzen zitzaion zentzu apurra galdu duela esan du. Lehen ministroaren hitzaldia «lotsagarritzat» jo du, eta berehala gobernua osatzeko deia egin du, Netanyahuren agintaldia luzatzeak Israelen segurtasuna «arriskuan» jartzen duela argudiatuta.

Gobernua osatzeko asmo horrekin, gainerako alderdiekin bilera erronda bat egiten ari da Eisenkot. Armadako buru ohia, ordea, ez da batzartuko Likud Netanyahuren alderdiarekin. Yashar alderdiak zabaldutako ohar baten arabera, bertan behera utzi dute bihar egitekoa zuten bilkura. Eisenkoten alderdiaren arabera, Netanyahuk gaurko mintzaldian erakutsi du «edonola ere» beti bere buruaren mesedetan jardungo duela. Horregatik, haren alderdiarekin ez negoziatzea erabaki dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA