Larunbat gauerako albistea zabalduta bazegoen ere, Israelgo presidente Isaac Herzogek atzo jakinarazi zuen ofizialki Gadi Eisenkot Yashar alderdiko buruari eman diola gobernua osatzeko ardura. Eserleku gehien Benjamin Netanyahu Likud alderdiko buruak eta jarduneko lehen ministroak izango ditu parlamentuan baina presidenteak Eisenkot aukeratu du, gehiengoa osatzea lor dezakeelakoan. Yashar alderdiko buruak prentsaurreko bat eskaini zuen atzo, eta zehaztu zuen «larrialdi nazionaleko gobernu bat» osatzeko asmoa duela.
«Larrialdi baten aurrean gaude, Israelgo estatuarentzat itzulerarik ez daukan puntu baten aurrean; sormena beharko dugu, eta ezohiko neurri politikoak hartu beharko ditugu», esan zuen Eisenkotek, atzo, herrialdeko presidentearekin batera Jerusalemen egindako agerraldian. «Azken urteetan bizi izan ditugun une gogorren ostean, oraingoan beste modu batean jardun behar dugu. Oraingoan, israeldar guztien hobe beharrez. Israeldarrek sentitu dute beren gobernuak baztertu egin dituela, eta hori amaitu egin behar da. Egun horiek ez dira gehiago itzuliko», gaineratu zuen, Netanyahuren gobernuari kritika eginez.
Hala ere, Yashar alderdiko buruak elkarrekin aritzeko bidea ireki die Likud Netanyahuren alderdiari eta Bezalel Smotrichen Sionismo Erlijiosoa alderdi ultranazionalistari haren balizko gobernu batera batu daitezen. «Presidentearen aurrean esan zuten batasunaren ordua dela. Benetan hori uste badute, babes dezatela ni eta nire printzipioak buru dituen gobernua. Ez zait arrazoirik bururatzen halakorik ez egiteko».
Horrez gain, ohartarazi zuen gobernu berri baten eraketa «arrazoi pertsonalengatik» oztopatzen ahalegintzen denak arazo bat izango duela: «Larrialdi une batean Israel salbatu ez zuen pertsona baten moduan oroituko dute aurrerantzean».
Eisenkoten blokeak 48 ordezkari lortu zituen Israelgo Parlamenturako hauteskundeetan —Netanyahurenak 53 eskuratu zituen, bost gehiago—, baina Knessetean ordezkaritza izango duten bi alderdi arabiarrak prest leudeke Eisenkot babesteko —esana dute ez luketela hura lehen ministro kargura iristea oztopatuko—. 68 eserleku izango lituzke bloke horrek; alegia, gehiengo osoa. Baina Eisenkotek oraindik ez du esan haien babesarekin inbestitua izateko prest dagoen ala ez.
Orain, Eisenkotek 28 egun izango ditu koalizio bat osatzen ahalegintzeko; abenduaren 6ra bitarte, zehazki. Hala ere, epemuga hori beste 14 egunez luzatzea eska diezaioke Herzog presidenteari; abenduaren 20ra bitarte. Porrot egiten badu, presidenteak aukera izango du gobernua osatzeko aukera beste diputatu bati emateko —Ziurrenik Netanyahuri emango lioke, Likud delako parlamentari gehien lortu dituen alderdia—. Hala ere, gobernu berria osatu bitartean, Netanyahuk jarduneko lehen ministro izaten jarraituko du.
Horrekin lotuta, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak gaur goizealdean kazetarien aurrean esan du, Eisenkot eta Netanyahu «antzekoak» direla euren politikak eta ikuspuntuak alderatuz gero. «Eisenkotek dio Trump maite duela. Hala Netanyahuk nola Eisenkotek nik egiten ditudan gauzak babesten dituzte», gaineratu du.