Libanon eraso artean esnatu dira gaur ere. Teknikoki, su etena indarrean dago apirilaren 16az geroztik, eta 45 egunez luzatzea adostu zuten maiatzaren 15ean. Hala ere, egunero urratu du menia hori Israelek —Tel Avivek Hezbollah milizia xiitari leporatu dio su etena urratzea—, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk berak astelehenean agindu zuen erasoak indartzeko. Bada, esan eta egin. Astearteaz geroztik erasoaldiak areagotu ditu Israelgo armadak Libanon, eta dozenatik gora lagun hil ditu gaur, hainbat erasotan.
Libanoko albiste agentzia ofizialak gaur adierazi duenez, etxetik ihes egiten ari ziren sei lagun hil ditu Israelgo armadak Nabi Sari herrian —biktima guztiak sendi berekoak ziren—, drone batekin egindako erasoan.
Sidon hirian, berriz, erreskate taldeek hiru gorpu atera dituzte hondakinen artetik, Israelgo armadak bertako eraikin bat jo ostean. Beste bost zauritu ere artatu dituztela jakinarazi dute, eta erietxera eraman behar izan dituzte. Erreskate taldeak lanean ari dira oraindik.
Tiro hirian ere erasoak izan dira azken orduetan. Drone batek motor batean zihoazen bi lagunen aurka egin du eraso, Libanoko albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez, eta biak hil ditu. Atzo ere beste hiru lagun hil zituzten Tiron, eta 37 zauritu, Libanoko Osasun Ministerioak gaur jakinarazi duenez.
Hiri hori gorriz markatu du Israelgo armadak azken egunetan. Beirut hiriburutik 80 bat kilometrora dago; 60.000 pertsona inguru bizi dira han; 174.000 denera, inguruko hiri eremua kontuan hartuta. Israelgo armadak adierazi duenez, «Hezbollahk hiri horretan dituen azpiegiturei bakarrik» egin die eraso. Haien arabera, milizia xiitaren 135 gotorleku jo dituzte azken 24 orduetan, eta tartean leudeke, besteak beste, entrenamendu zelai bat eta misilak jaurtitzeko eremu bat.
Al Jazeerak zabaldu duenez, milaka desplazatu zeuden Tiro hirian, bizitokitik ihes egin ostean babesleku bila joan zirenak. Hala ere, hedabide horrek bertan daukan kazetari batek jakinarazi duenez, jende askok egin du ihes hiritik azken orduetan, eta «ia hutsik» dagoela adierazi du.
Beirut hiriburua ere jo du Israelgo armadak, airez. Al Jazeerak kaleratu duenez, bizitoki baten aurka egin du eraso Israelek. Tel Avivek, berriz, jakinarazi du zehaztasunez eginiko eraso bat izan dela.
Apirilaren 16an su etena hitzartu zutenetik bigarren aldia da Israelek Beirut hiriburuari eraso egiten diona. Aurrekoan, Israelgo armadak zehaztu zuen Hezbollahko buruzagi baten aurkako erasoa zela.
Israelgo soldaduak Litani ibaia zeharkatzen ari dira, herrialdearen hegoaldean, Zawtar al-Sharqiyah hirira bidean, baina Hezbollahko milizianoek aurre egin diete. Milizia xiitak ere hainbat bideo zabaldu ditu azken orduetan, eta Israelgo soldaduei aurre egiten dietela ikusten da haietan.
Bi auzi, bi elkarrizketa
Asteartean 30 lagunetik gora hil zituen Israelgo armadak Libanon, eta su etena indarrean sartu zenetik handiena izan da asteazkeneko ebakuazio agindua —Tiro hiria eta Libano hegoaldea osorik husteko agindu zuen Israelek—. BBC hedabideak gaur zabaldu duenez, Libanoko lurraldearen %14 husteko agindu dute jada.
Tel Avivek Libanoko Gobernuarekin lankidetzan aritu nahi du Hezbollah armagabetzeko, eta hainbat elkarrizketa izan dituzte bi aldeek. Milizia xiitak, ordea, Tel Avivekin kolaboratzea leporatu dio Libanoko Gobernuari, eta hura eraisteko deia egin du azken egunetan.
Iranek askotan azpimarratu du Israel Libanon egiten ari den erasoaldiak ere amaitu beharra daukala, bestela ez dutela inolako akordiorik egingo AEB Ameriketako Estatu Batuekin. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak, ordea, asteon adierazi du auzi bakoitza «bere aldetik» lantzen ari direla, eta Libanokoa ez dela Iranekin azken egunetan izan dituzten elkarrizketen barruan sartzen.
Bestalde, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Israelgo armadak hamasei lagun hil ditu Gazan, azken bi egunetan, eta beste 39 zauritu. 2023ko urriaren 7an setioa gogortu zuenetik, Israelgo armadak 72.819 lagun hil eta beste 172.894 zauritu ditu.