Iranek eta AEBek aurreakordio bat ondu dute, negoziatzen segitzeko

Axios AEBetako hedabidearen arabera, aldeek adostu dute Ormuzko itsasartea irekitzea eta su etena luzatzea; Trumpen oniritzia falta da. Aurrez, AEBek eraso egin diote Irani, eta Teheranek erantzun egin du.

Herritar bat Irango bandera astintzen, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Herritar bat Irango bandera astintzen, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko maiatzaren 28a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken erasoek ez dituzte geldiarazi Iranen eta AEBen arteko zeharkako elkarrizketak. Ez, behintzat, Donald Trump AEBetako presidenteak Axios agerkariak zabaldutakoa berresten badu. AEBetako agerkari horrek Etxe Zuriko iturriak aipatuz zabaldu duenez, aldeek aurreakordio bat egin dute. Adostutakoen artean daude, besteak beste, menia 60 egunez luzatzea eta Ormuzko itsasartea irekitzea. Gainera, Teheranek arma nuklearrik ez egitea onartu duela zabaldu dute, eta Iranen programa nuklearraren inguruko negoziazioak abian jarriko dituzte meniak iraun bitartean. Axiosen arabera, AEBetako presidentearen oniritzia baino ez zaio falta aurreakordioari.

Aurrez, ordea, bi aldeek eraso egin diote elkarri. Asteartean bezala, gaur goizaldean ere AEBek Iranen instalazio militar bati eraso diote herrialdearen hegoaldean. Ordu batzuk geroago, Iranek jakinarazi du aire eraso bat egin duela AEBek eskualdean duten base militar baten kontra. Eta, gero, Kuwaitek adierazi du bere aireko defentsa sistemek droneak eta misilak erorarazi dituztela; ez du esan, ordea, non zehazki, ezta nork jaurti dituen ere.

AEBetako hedabideek Pentagonoko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, aurrena lau drone erorarazi dituzte aireko defentsa sistemek, «babesteko» helburuz; Ormuzko itsasartearen bueltan zebiltzan AEBetako ontzi batzuk zituzten helburu drone horiek, iturri ofizialek adierazi dutenez. Horren ondoren eraso diote kostaldeko Bandar Abbas hiriaren ekialdeko instalazio militar bati.

Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da su etena ezarrita dagoela apirilaren 8tik Iranen —Israelek eta AEBek otsailaren 28an hasi zuten erasoaldia—. Astearteko erasoaren ondoren, Teheranek ohartarazpen bat egin zion Washingtoni: AEBetako tropek aurrerantzean ez zutela «aterpe segururik» edukiko Persiar golkoko herrialdeetan.

Eta gaur goizaldean AEBek egindako erasoaren ondoren, Iranen erantzuna heldu da. Horrela justifikatu du Irango Guardia Iraultzaileak, ohar batean: «Gaur goizaldean AEBek aireko jaurtigaiekin egindako erasoaren ondoren, eraso egin diogu AEBek erasorako baliatu duten baseari». Ez dute zehaztu base hori non dagoen. AEBek hogei base inguru ditu Persiar golkoan: Arabiar Emirerri Batuetan, Bahrainen, Iraken, Jordanian, Kuwaiten eta Qatarren, besteak beste.

26

 

Zenbat ontzik gurutzatu zuten Ormuzko itsasartea atzo. Irango Guardia Iraultzaileak adierazi duenez, 26 ontzik gurutzatu zuten Ormuzko itsasartea atzo, Irango Guardia Iraultzailearen babespean. Era berean, oharrean gogoratu dute euren esku dutela pasabidearen kontrola, eta ohartarazi inork oztoporik jarriz gero «erantzun gogorra» jasoko duela.

Horrekin lotuta, bihar dira biltzekoak Pakistango eta AEBetako ordezkariak, Washingtonen. Pakistango Atzerri ministro Mohammad Ishaq Dar AEBetako estatu idazkari Marco Rubiorekin bilduko da Ekialde Hurbileko Gerraz aritzeko, eta aztertzeko posible ote den AEBen eta Iranen artean behin betiko bake akordio bat lortzea. Pakistan bitartekari lanak egiten ari da, eta hango ordezkariak Irango presidente Masud Pezexkianekin eta Irango Parlamentuko presidente Mohamad Baqer Qalibafekin elkartu ziren iragan asteburuan, Teheranen. Bilera horren ostean, Pakistanek ohar batean adierazi zuen akordioa «inoiz baino gertuago» zegoela. Hori esan eta hiru egunera, ordea, AEBek eraso egin zioten Irani, beste behin.

Iranek, bide batez, AEBen erasoa salatu du. Atzerri Ministerioaren bozeramaile Eesmail Baqaeik ohar batean nabarmendu du Washingtonek nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Erakundearen Gutuna urratu dituztela. «Iranek beharrezko neurri guztiak hartuko ditu bere subiranotasuna defendatzeko, Nazio Batuen Erakundearen Gutunaren 51. artikuluari jarraituz».

Mojtaba Khamenei herrialdeko buruzagi gorenak, berriz, Irango herritarrak «zatitzea» leporatu die AEBei. Ohar bat kaleratu du herrialdeko hedabideen bitartez, eta «batasun nazionala» eskatu die herritarrei: «Etsaiaren plana zera da: gerra inposatuaren, presio ekonomikoaren eta jazarpen propagandistikoaren ondoren, zatiketa eragitea eta desintegrazioa sortzea, porrot militarrak konpentsatzeko eta nazioa belauniko jartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA