Beste egun bat itxaron beharko dute Gazako gaixoek eta zaurituek. Gaza eta Egipto lotzen dituen Rafahko pasabidea itxita dago 2024. urteko maiatzaren 7tik, eta gaur ziren irekitzekoak, baina, Israelgo Defentsa Ministerioko Cogat erakundeak jakinarazi duenez, azkenean bihar hasiko da jendea handik igarotzen. Gaur goizaldean ireki dute, baina probak egiteko soilik, Egiptoko Gobernuak baieztatu duenez.
Koordinatuta ari dira lanean Israel eta Egipto; PAN Palestinako Aginte Nazionalak kudeatuko du pasabidea, eta EB Europako Batasuneko ordezkaritza bat arituko da operazioak ikuskatzen.
Printzipioz, pertsonak igarotzeko soilik zabalduko dute pasabidea, eta «ikuskatze mekanismoak» ezarriko ditu Israelgo Gobernuak. Gaur, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, zerrendatik irtetekoak ziren 150 lagun —50 eri eta ehun laguntzaile—, baina adierazi dute oraindik ez dutela jaso lekualdaketa egiteko OME Osasunaren Mundu Erakundearen baimenik, eta ez dutela aurreikusitakoa betetzerik izango.
16.500 lagun
Egiptoko Gobernuko iturriek EFE berri agentziari esan diotenez, egunean 150 pertsona atera ahal izango dira zerrendatik, eta 50 sartu. «Gazako egoiliarrek soilik sartu ahalko dute bertara, eta autobusez eramango dituzte Israelen kontrol postuetara, identifikatzeko», zehaztu dute.
Hamasek pasabidea «mugarik gabe» irekitzeko eskatu du asteon, laguntza humanitarioa zerrendara sartzeko bide nagusietako bat baita Rafahkoa. OMEren arabera, Gazan 16.500 gaixo eta zauritu daude, eta zerrendatik irteteko beharra dute medikuen arta lehenbailehen jasotzeko.