Israelgo Defentsa Ministerioko Cogat erakundeak, zeinak besteak beste Gazarako ekintza humanitarioak koordinatzen dituen, iragarri du igande honetan irekiko dutela zerrenda hegoaldeko Rafahko pasabidea. Israelgo Gobernuak asteon zehaztu du pertsonak igarotzeko izango dela soilik, eta «ikuskatze mekanismoak» ezarriko dituela. Hori berretsi du Cogatek, gaur kaleratutako ohar batean: gazatarrei Egiptotik zerrendara itzultzen utziko die, baina «Gaza gerra garaian utzi zuten herritarrei soilik, eta soilik Israelen baimena jaso eta gero».
Reuters agentziak aipatutako iturri baten arabera, egunean 150 bat gazatar itzuli ahalko dira zerrendara; eta Israelgo zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, Gazara ezingo dira sartu bertatik ateratzen diren baino herritar gehiago. Egipto ez dator bat Israelen eskakizun horrekin.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak aurkeztutako hogei puntuko planaren arabera, urriaren 10etik irekita egon beharko zukeen Rafahko igarobideak. Aldeek akordioa onartu zuten egunetik, alegia. Baina Israelek itxia izan du orain arte, Hamasek plan horretan adostutakoa betetzeko berme gisa; hain zuzen, Israelgo armadak asteon jaso du zerrendan geratzen zen azken gatibuaren gorpua, eta orduantxe baieztatu zuen Egiptoren eta Gazaren arteko pasabidea irekiko zuela.
Gazatarren sartu-irtena kontrolatua egongo da Israelen aginduz; Hamasek, ordea, pasabidea «mugarik gabe» irekitzeko eskatu du asteon, laguntza humanitarioa zerrendara sartzeko bide nagusietako bat baita Rafahkoa.
Su etena indarrean den arren, Israelek ez ditu erasoak eten. Bi gazatar hil dira gaur zerrenda erdialdeko Maghazi errefuxiatuen kanpalekuan, eta beste hiru hegoaldeko Rafah hirian, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez. Zerrendako Osasun Ministerioaren arabera, iazko urriaren 10az geroztik gutxienez 488 pertsona hil ditu Israelek; Gazako setioa 2023ko urriaren 7an hasi geroztik, berriz, 71.600 baino gehiago.