Israelek estu hartu du Gaza hiria, hura okupatzeko asmoa iragarri ostean

Armadak jakinarazi du beste operazio militar bat hasi duela. OMEk salatu du zerrendan ez dela laguntza humanitario gehiago sartzen ari, eta Australiak Tel Avivi egotzi dio Gazan gertatzen ari dena «ukatzea».

Israelgo armadako soldaduak tankeetan, Israel hegoaldearen eta Gaza iparraldearen arteko mugan, gaur. ABIR SULTAN / EFE
Israelgo armadako soldaduak tankeetan, Israel hegoaldearen eta Gaza iparraldearen arteko mugan, gaur. ABIR SULTAN / EFE
maddi iztueta olano
2025eko abuztuaren 12a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek argi utzi du zein den Gazaren aurkako sarraskian bete asmo duen hurrengo helburua: Gaza hiria okupatzea. Eta, horretarako, lurraldea suntsitzeari ekin dio lehenbizi. Israelgo armadak goizean goizetik egin die eraso Gaza hiriko hainbat auzori, eta, Gazako Babes Zibilak jakinarazi duenez, gutxienez hemezortzi pertsona hil dira bonbardaketa horietan. Iturri horrek ohartarazi du, edonola ere, erasoak jende asko bizi den eremuetan izan direla eta, hortaz, litekeena dela datozen orduetan hildakoen kopuruak gora egitea. 

Herenegun, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk iragarri zuen Gaza hiria okupatu asmo dutela; haren arabera, hori litzateke Gazaren aurkako erasoaldia eta «Hamasen mehatxua» amaiarazteko modu bakarra. Nazioarteko hainbat agintarik adierazpen horien harira kargu hartu badiote ere, ez du irudi Netanyahuk atzera egingo duenik. Horren erakusgarri da, besteak beste, atzo zerrendan egindako erasoetan 89 pertsona baino gehiago hil zirela.

Kasurako, Australiako lehen ministro Anthony Albanesek uste du Netanyahu «itsu» dagoela. ABC hedabideari egindako adierazpenetan, Albanesek kontatu du Israelgo lehen ministroak duela urtebete erabiltzen zituen argudio berak erabiltzen dituela oraindik ere, nahiz eta Israelen operazio militarrek gero eta pertsona gehiago hiltzen dituzten. Albanesek eta Netanyahuk iragan ostegunean hitz egin zuten, telefonoz; atzo, Australiako Gobernuak jakinarazi zuen Palestinako Estatua aitortuko duela irailean. 

Netanyahuk defendatu izan du, besteak beste, Gazan ez dagoela goseterik, eta Israelek baimena ematen duela zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko. Are, Israelgo Cogat erakundeak —Palestinako lurralde okupatuetarako laguntza humanitarioa koordinatzen du— Hamasi egotzi dio, ohar baten bidez, «Gazako gosetearen narratiba esajeratzea». Akusazio horri erantzun dio Palestinako erakunde islamistak: «Nazioarteko organismo eta erakunde guztiek, hala nola Osasunaren Mundu Erakundeak [OME] eta Nazio Batuen Erakundeak [NBE] baieztatu dute, eta ikerketen bidez egiaztatu, Gazan gosetea eta desnutrizioa dagoela».

Hain zuzen ere, OMEk salatu du, gaur kaleratutako ohar baten bidez, Gazan ez dela nahikoa laguntza humanitario sartzen ari, eta Israeli leporatu dio emandako hitza ez betetzea. Erakunde horretako Palestinako lurralde okupatuetarako bulegoko zuzendari Rik Peeperkornek gogorarazi du Israelek konpromisoa hartu zuela «eten humanitarioak» egiteko; eta, halere, nabarmendu du Tel Avivek ez dituela ez erasoak eten, ez laguntza humanitarioa areagotu. 

NETANYAHUK ASTEAN HIRU ALDIZ DEKLARATU BEHARKO DU USTELKERIAREN INGURUKO AUZIAN

Azarotik aurrera, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak astean hiru aldiz deklaratu beharko du egozten dioten ustelkeria kasuaren inguruko auzian. Hala ebatzi eta jakinarazi du gaur Jerusalem Mendebaldeko Auzitegiak, argudiatuta soilik horrela izango dutela modua kasuan «aurrera» egiteko. Azken asteetan, bertan behera geratu dira Netanyahuk egin beharreko zenbait saio, haren «osasun arazoak» zirela eta; 2020an abiatu zuten ikerketa. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.