Israelek Gaza hiria militarki estutzen jarraitzen du

Armadak inguratuta dauka hiria, eta hango herritarrak ihesean ari dira. Netanyahuk agindu du Hamasen bahituak askatzeko negoziazioak hasteko.

Gazako sarraskiaren eta laguntza humanitario faltaren aurkako protesta, Gaza hirian, gaur. MOHAMMED SABER / EFE
Gazako sarraskiaren eta laguntza humanitario faltaren aurkako protesta, Gaza hirian, gaur. MOHAMMED SABER / EFE
2025eko abuztuaren 21a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jasanezin bilakatu da Gaza hiriko egoera. Israelgo armadak egunak daramatza hango etxeak eta kaleak bonbardatzen, atzo gauetik etenik gabe, eta, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, droneen eta hegazkinen hotsak ozen entzuten dira han. Gaza hiriko palestinarrak janari eta aterpe bila ari dira zabor eta hondakinen artean. 

Horiek horrela, Gaza hiriko herritarrak ihesean ari dira, Israelen inbasio planak behartuta, hegoalderantz. Asteartean onartu zuen Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek zerrendako hiririk handiena okupatzeko plana, eta Israelgo armadak atzo azaldu zuen 60.000 erreserbista inguru hartara deituko dituela irail hasieran, operazioa martxan jartzeko. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk berak gaur iragarri du, bideo batean, ontzat ematen duela plan hori. Azken egunetan esan izan du urriaren 7rako hustu asmo dutela Gaza hiria, setioa hasi eta bi urtera; iheslariak zerrendaren hegoaldean nora eraman aztertzen ari dira oraindik, Tel Aviven arabera. 

Nazioartea gogor saiatu da Israel estutzen, plana aurrera eraman ez dezan. Europako Batzordeak, esaterako, okupazio plana gaitzetsi du gaur, eta horrek ekarriko dituen ondorioei buruz hausnartzeko eskatu dio Israelgo Gobernuari. Europako Batzordeko bozeramaile Arianna Podestak egin ditu adierazpen horiek, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Bestalde, Europako Batzordeko Atzerri zerbitzuetako bozeramaile Anitta Hipperrek esan du EB Europako Batasunak «jarrera argia» duela Gazako sarraskiaren inguruan, eta azpimarratu du ez dutela onartuko «inongo aldaketarik lurralde edo demografia aldetik». 
 
Nolanahi ere, Israelgo armadako bozeramaile Effie Defrinek atzo adierazi zuen martxan dagoela Gaza hiriaren okupazioko lehen fasea, eta, hortaz, areagotu egin dituzte hiriburuaren aurkako erasoak. Ordutik, EFE berri agentziaren arabera, gutxienez orduero egin dio eraso Israelgo armadak hiriari, eta tropak pilatzen ari dira Zeitun auzoan —hegoaldean— eta Jabalia herrian —iparraldean—, inbasioa noiz abiatuko den zain —Defentsa kabineteak aste honetan onartuko duela espero da—. Hala jakinarazi du EFEk, herritarrak iturri hartuta.

Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, azken egunotan Gazako hiriburuan gutxienez 30 pertsona hil dituzte egunean, Israelen bonbardaketak gogortzearen ondorioz. Hirian milioi bat pertsona geratzen direla uste da, eta gainerako palestinarrak hegoaldean metatzen ari dira. 2,1 milioi palestinar daude Gazako zerrendan gaur egun, eta, sarraskia hasi zenetik, 62.192 pertsona hil ditu Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioak kaleratu duenez.

16.000

Zenbat palestinar desplazatu diren Gaza hiritik azken egunotan. NBEk kaleratutako datuen arabera, 16.000 palestinarrek egin dute ihes Gaza hiritik abuztuaren 12tik 20ra bitartean. Israelen erasoek hegoalderantz ihes egitera behartu ditu Gazako hiriburuko herritarrak. 

Dena dela, hegoaldeko egoera ez da segurua gazatarrentzat. Azken orduetan, gutxienez 27 palestinar hil ditu Israelek han; haietatik zortzi, laguntza humanitario bila zihoazela. 

Egoera horren harira, Egiptoko Atzerri Ministerioak, ohar baten bidez, gaitzetsi egin du Gaza okupatzeko Israelen plana, esanez «palestinarren legez kanpoko okupazioa sendotzeko beste urrats bat eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena» dela. Gainera, su-etena adosteko bitartekariek egindako proposamena aintzat ez hartzea leporatu dio Egiptok Israeli: «[planak] Erakusten du Israeli ez zaizkiola axola su etena ezartzeko bitartekariek egindako ahaleginak». Hamasek, berriz, astelehenean onartu zuen su-eten proposamena; hala, Israelek baiezkoa emanez gero, 60 eguneko menia ezarriko litzateke, Hamasek hamar gatibu askatuko lituzke, eta hildako hemezortzi bahituren gorpuak entregatu. Trukean, Israelek 200 preso palestinar itzuliko lituzke, eta Israelgo tropak zerrenda iparraldetik eta ekialdetik aterako lirateke, laguntza humanitarioa «masiboki» sartzen uzteaz gain. 

Horrekin guztiarekin lotuta, beste adierazpen bat egin du Netanyahuk gaur: negoziazioak «berehala» hasi nahi ditu, Hamasek bahitutako israeldar guztiak aska ditzan, eta «gerra» Israelentzat «modu onargarrian» buka dadin. Bahituen senideak, oro har, su eten baterako negoziazioetan Netanyahu edukitzen ari den jarreraren kontra ari dira agertzen.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres ere Gazako egoeraren gainean mintzatu da, eta su etena ezartzea «ezinbestekoa» dela azpimarratu du, gaur sare sozialetan kaleratutako ohar batean. «Gazaren aurkako operazio militarrak eragingo lituzkeen heriotzak eta suntsipen masiboa» eragotzi behar direla adierazi du. Oharra Afrikako Garapenari Buruzko Tokioko Nazioarteko Konferentziako prentsaurrekoaren ondoren kaleratu du, non Guterresek NBEko Segurtasun Kontseiluaren erreforma bultzatu beharraz hitz egin duen. «Superpotentzien banaketa geopolitikoa» dela eta, ez dira gai «gatazka horiek guztiak amaitzeko zer behar den» adosteko, haren ustez, eta Palestinako setioa, Ekialde Hurbileko krisia eta Ukrainako gerra aipatu ditu, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.