Israelek eta Iranek eraso egin diote elkarri, su etena ezarri geroztik lehenbizikoz

Trumpek Netanyahuri eskatu dio Iranek atzo botatako misilei ez erantzuteko, baina ez dio jaramonik egin. Yemengo huthiek misil bat jaurti dute Israelen kontra, eta Bab el-Mandebeko itsasartea itxiko diotela jakinarazi dute.

Kolono israeldar bat Iranen misil bat aztertzen, gaur, Zisjordaniako Jeriko hiritik hurbil den kokaleku batean. ABIR SULTAN / EFE
Kolono israeldar bat Iranen misil bat aztertzen, gaur, Zisjordaniako Jeriko hiritik hurbil den kokaleku batean. ABIR SULTAN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko ekainaren 8a
08:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apirilaren 8an ezarritako su etena paper errea dela erakutsi dute beste behin. Israelgo armadak jakinarazi du ohar bidez misilak jaurti dituela «Irango terrore erregimenaren» helburu militarren kontra herrialdearen mendebaldean eta erdialdean. Irango hedabideek, berriz, kaleratu dute eztandak entzun direla hiriburuan, baita Tabriz eta Isfahan hirietan ere, eta goizean Mahxahr hiriko instalazio petrokimiko batean «kalte partzialak» eragin dituztela hego-mendebaldean; Israelek misil balistikoak erabili dituela ohartarazi du Irango Guardia Iraultzaileak ohar bidez, herrialdeko albiste agentzia nazionalaren arabera. Tel Aviven oldarraldiari erantzun dio Teheranek, eta alarmak entzun dira Israelgo hiriburuan, Jerusalemen eta Beer-Xevan; Haifa hirian energia azpiegitura bati eraso egin diola esan du armadak. Lehenbiziko aldia da, su etena ezarri geroztik, elkarri egin diotela eraso.

«Ohartarazten zaituztegu: etsai sionistak joko arriskutsu bat hasi du, helburu zibilak eta petrolio industria jomugan jarri ditu eta. Joko horrek barne hartuko ditu eskualdeko helburu energetiko guztiak, eta munduko ekonomiari eragindako ondorioak piromano handienen erantzukizuna izango da, Estatu Batuena», idatzi du Guardia Iraultzaileak, gaur kaleratutako ohar batean. Era berean, Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak ere Washingtonen kontra egin du: «Inork ez du sinesten erregimen sionistak inolako ekintzarik egingo duenik Estatu Batuekin koordinatu gabe», adierazi du gaur emandako prentsaurreko batean. AEBekin «mesfidantza giroa» dutela nabarmendu du, eta Israelen erasoek giro hori gogortu baino ez dutela egin.

Iranek 11 misil balistiko bota zituen Israelerantz atzo, azken horrek Libanoren aurka egunak joan eta egunak etorri egindako erasoei erantzuteko, batik bat Beirut hiriburuko Dahieh auzoko zenbait eraikinen kontra atzo egindako bonbardaketei —osasun iturrien arabera bi hil zituzten erasoetan, eta hogei zauritu—. Israelgo armadaren arabera, jaurtigai horiek guztiak eraitsi zituzten.

Horren harrira, Teheranek herrialdearen mendebaldeko aire eremua itxi zuen atzo, eraso horiek egiteko, alegia. Eta Irango albiste agentzia nazionalaren arabera, hiriburuko Mehrabad aireportuak bertan behera utzi ditu hegaldi guztiak.

Joan den apirilaren 8an Iranerako su etena ezarri zutenetik, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ikusi zuen atzo bazela arriskurik Tel Avivek eta Teheranek elkarri erasoka berriro hasteko. Hori dela eta, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari deitu zion: esan zion ez zegoela «kontent», baina eskatu zion ez ziezaiela erantzun Iranek jaurtitako misilei, argudiatuta beste oldarraldi batek ez lukeela «lagunduko» gatazka amaiarazteko negoziazioetan. «Nik esaten dut noiz egin tiro. Berak ez», esan zuen atzo lehen ministroari buruz Finantial Times ekonomia kazetari eskainitako elkarrizketa batean.

ISRAELEK GAZARAKO RAFAH ETA KEREM SHALOM PASABIDEAK ITXI DITU

Israelgo armadak Gaza hegoaldeko Rafah eta Kerem Shalom pasabideak itxi zituen atzo «segurtasun neurri» gisa, Iranek Israelen kontra 11 misil jaurti eta gero; hori jakinarazi zuen Cogat Palestinako lurralde okupatuetaz arduratzen den armadako adarrak, sare sozialetan idatzitako mezu batean. Bi pasabide horietatik soilik sartzen da laguntza humanitarioa zerrendara; hortaz, blokeo humanitarioa are gehiago gogortu du Israelek. «Gradualki» irekiko dituzte Rafah eta Kerem Shalom —otsailaren 28an gatazka areagotu zenean ere itxi egin zituzten, eta zenbait astez eduki zituzten horrela—. Bestalde, Israelgo armadak gutxienez hamahiru lagun hil zituen atzo Gazan, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez.

Joan den astean, Ameriketako Estatu Batuek iragarri zuten Israelek eta Libanok errespetatu egingo zutela apirilaren 17an Libanorako ezarritako su etena, nahiz eta zehaztu Hezbollah Libanoko milizia xiitaren jarrerak baldintzatuko zuela menia benetan betetzea edo ez. Bi aldeek, Tel Avivek eta Beirutek, lau bilera sorta egin dituzte dagoeneko Washingtonen, eta biltzen jarraitzekoak dira, baina horrek ez du galarazi Israelgo armadak erasoak etetea.

Izan ere, eskakizunetako bat da Hezbollahk eraso gehiagorik ez egitea eta milizianoek Libanoko Litani ibaiaren hegoaldetik alde egitea —Israelek «segurtasun eremua» ezarri nahi du bertan—, eta hori betetzen ez dela ikusita, ez ditu eten bizilagunaren kontrako erasoak: martxoaren hasieran gatazka gogortu zenetik 3.600 herritar baino gehiago hil ditu Libanon. Eta joan den asteko iragarpenaz geroztik lehenbizikoz, Beirut bonbardatu zuen atzo. Horren ondoren heldu da Iranen erantzuna.

Huthien mehatxua

Yemengo huthiek misil bat bota dute Israelerantz, hiriburutik oso gertu den Jaffa hirirantz; hori adierazi dute milizia xiitakoek ohar bidez, eta Israelgo armadak esan du eraitsi egin dutela jaurtigai hori. Iranerako su etena ezarri zenetik Israelen kontra egin duten lehen erasoa izan da. Gainera, huthiek iragarri dute Bab el-Mandebeko itsasartea itxiko diotela Israeli: «Etsai israeldarrei erabat debekatuko diegu Itsaso Gorrian nabigatzea, eta edozein ekintza helburu militarra izango da gure indar armatuentzat». 

Halaber, Irango Mehr agentziak kaleratu duenez, Ali Akbar Velayati Irango lider gorenaren atzerri kontuetarako aholkulariak Israeli jakinarazi dio Erresistentziaren Ardatzak —hala deritze Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei— baduela gaitasuna bai Bab el-Mandebeko itsasartea eta bai Ormuzkoa blokeatzeko: «Zuena da erabakia: edo alde batera utzi astakeriak, edo ikusi nola erregulatzen dugun bi itsasarteen kontrola».

Negoziatzeko deia

Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak adierazi du gaur, talde komunitarioko Defentsa ministroak bildu baino lehen emandako prentsaurreko batean, Ekialde Hurbilak ez duela behar gatazka are gehiago «gogortzea», aldeak negoziazio mahaietara itzultzea eta akordio bat lortzea baizik.

Ekialde Hurbileko gatazkak bi fronte nagusi ditu: Iran eta Libano. Irani dagokionez, Teheran eta Washington aritu dira negoziatzen, Pakistan bitartekari dela; su etena ezarri zuten apirilaren 8an, baina, tarteka, zenbait eraso egin dituzte biek, eta ez dute gatazka amaiarazteko akordiorik lortu. Testuinguru horretan heldu da gaurko erasoaldi sorta; Teheranek eta Tel Avivek oraindik ez dute negoziatu gatazkari buruz, eta ikusi beharko da gatazkako aldeek zer-nola helduko dioten oldarraldi honi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE