Forensic Architecture taldeko ikertzailea

Julia Nueno Guitart: «Israelen adimen artifizialeko sistemak inoiz ez dio uzten helburu militarrak sortzeari»

Israelek adimen artifizialean oinarritutako sistemak erabiltzen ditu Gazako genozidioan, palestinarrak kontrolatzeko eta helburu militarrak zehazteko. Nuenok ohartarazi du horrek erasoak ugaritzen dituela eta Israelen pentsamoldea elikatzen duela.

Julia Nueno Guitart, Tabakalerako liburutegian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julia Nueno Guitart, Tabakalerako liburutegian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Normalean, Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren ondorioak ikusten dira komunikabideetan. Triskantza, txikizioa eta erresumina. Goldsmiths Londresko Unibertsitateko ikerketa talde bat, bere kabuz, Israelen erasoak eta haien ondorioak ikertzen hasi zen 2023ko urrian, erasoek lekuetan duten eraginetik abiatuta. Arkitektura forentsea egiten dute, eta halaxe izena du taldeak: Forensic Architecture. Erasoak ikertu eta egiaztatzen dituzte. Hegoafrikak haien ikerketak baliatu ditu froga gisa, Israelen kontra Nazioarteko Justizia Auzitegian jarri zuen salaketan. Eyal Weizman arkitekto juduak sortu zuen ikerketa taldea. Nazien holokaustotik bizirik atera zirenen ondorengoa da.

Talde horretako ikertzailea da Julia Nueno Guitart (Bartzelona, 1994). Ingeniaria. Israel adimen artifiziala erabiltzen ari da palestinarren kontra, eta horixe ikertzen du Nuenok. Abenduan aurkeztuko du doktore tesia: Israelgo poliziak eta armadak nola erabiltzen duten adimen artifiziala, espazio fisikoan uzten dituen ebidentzietan oinarrituta. Forensic Architectureren ikerketaren berri eman du aste honetan Donostian, Tabakalerak gonbidatuta.

Arkitektura forentsea. Eraso baten autopsia moduko bat da? Arkitekturan izan dituen ondorioetatik abiatuta gertaera edo ekintza bat aztertzea?

Lekuetan izan dituen ondorioetatik abiatuta. Arkitektura forentseak konbinatu egiten ditu arkitekturari buruzko ezagutza eta softwarearen garapena, estatuek edo indar erreakzionarioek eragindako bortizkeria ikertzeko. Atzera begiratzen dugu: leku bat sorberritzen dugu, leku horretan izan den gertaera edo ekintza bat eta haren logika ulertzeko.

Horretarako, satelite bidezko irudiak, hiru dimentsioko ereduak, lekukoek sare sozialetan jarritako argazkiak eta irudiak, albisteak eta lekukotzak erabiltzen dituzue. Oso zehatzak zarete: aldagai asko aztertzen dituzue gertaera bakoitza aztertzeko.

Lan oso zehatza da, zenbait instantziatan froga gisa erabiltzen baitira auzitara jotzeko. Hegoafrika gure ikerketak erabiltzen ari da Israelen kontrako froga gisa, Nazioarteko Justizia Auzitegian jarri duen salaketan. Horregatik, oso zehatzak izan behar dugu, eta egiaztatze lan sakona egin behar dugu.

«Ondorioztatu dugu, esaterako, bizitegi guneetan eraso gehiago egiten dituztela gauez, eta salerosketa eremuetan egunez, jende gehiago hiltzeko» 

Gaur egungo desinformazioari aurre egiteko ere bai?

Gaur egun, egia-ostearen garaian, fedea galdu da egian. Guk esaten dugu pentsatu behar dugula berriro egia nola eraiki eta nola eman balioa. Bortizkeria jasan dutenen lekukotzekin lan egiten dugunean, informazioa biltzen dugu beste iturri batzuetatik —satelite bidezko irudiak, bortizkeria gertatu den lekuaren azterketa, bideoen azterketa...—, informazio hori guztia triangulatzen dugu, eta kontakizun bat sortzen eta egiaztatzen dugu.

Gaur egun oso zaila da irudi bakar batek gertaera bat erakustea: adimen artifiziala erabiltzen da irudiak sortzeko, irudiak manipulatzen dira… Irudi bati berriro balioa emateko, beste informazio iturri batzuekin harremanetan jarri behar da.

Harreman zuzena duzue gazatarrekin?

Elkarlanean ari gara Palestinako elkarte batzuekin, Al Haq-ekin, esaterako. Hura da gure pareko elkartea Palestinan. Giza eskubideen aldeko elkartea da, 40 urte baino gehiago daramatza lanean. Forensic Architectureko lantaldearen parte bat ere Palestinakoa da, Gazakoa, eta loturak dituzte hango elkarte batzuekin eta senideekin. Beraz, lotura sendoa dugu Palestinarekin eta hango egoerarekin. Hala ere, badugu muga bat.

Zein?

Gazako herritarren lekukotzak jasotzea, batez ere babes eta etika kontuengatik. Israelgo armada bizitzeko baldintza guztiak suntsitzen ari da Gazan, baina baita Gazatik bortizkeria horren berri ematen saiatzen direnak ere. Kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzaile asko hil ditu.

Julia Nueno Guitart
Julia Nueno Guitart Donostian izan da aste honetan, Tabakalerak gonbidatuta. ANDONI CANELLADA / FOKU
Israelgo soldaduek zabaldutako mezuak eta irudiak ere kontuan hartzen dituzue informazio iturri gisa? Harrokeriaz erakusten dituzte palestinarren kontrako ekintzak.

Bai, soldaduek sare sozialetan jartzen dituzten bideoak erabiltzen ditugu gertaera zehatzak sorberritzeko.

Genozidioaren izugarrikeriak ñabardura asko ezkutatzen ditu. Erasoak banan-banan aztertuta, ordea, ikusi duzue Israelen erasoak aldez aurretik diseinatuta daudela eta intentzio zehatzak dituztela.

Gazako milaka gertakari bildu ditugu, eta satelite bidezko ehunka irudi aztertu ditugu. Horri esker, gertakari bakoitza besteekin harremanetan jarri ahal izan dugu, ulertzeko gertaera horiek ez direla kasualitatea, baizik patroi bat, diseinu bat dutela, Gazan bizitzeko baldintzak suntsitzeko.

Zein dira patroi horiek?

Patroiak dokumentatu ditugu osasun sistemaren, giza laguntzaren, nekazaritzaren eta azpiegitura zibilen suntsiketan —eskolak, babeslekuak, meskitak, elizak…—, lekualdatze behartuetan eta esparru publikoaren kontrolean. Ikusi dugu berdin jokatu dutela leku ezberdinetan: esaterako, bizitegi guneetan eraso gehiago egiten dituztela gauez, eta salerosketa eremuetan egunez, jende gehiago hiltzeko. 

Patroi horiek ikusita, zer ondorioztatu duzue?

Sei eremu horiek konbinatuta, arrazoibide bat osa dezakegu: Israel Gazan ez da soilik ari populazioaren parte bat deuseztatzen, baita bizitzea ahalbidetzen duten baldintzak suntsitzen ere. Eta hori Genozidioaren Nazioarteko Konbentzioan jasota dago.

«Uste dut Israelek bi arrazoirengatik jo duela adimen artifizialera helburu militarrak aukeratzeko: erasoak bizkortzeko eta bere diskurtsoari eusteko»

Kontakizun bat osatu nahi duzue?

Kontakizun bat osatu nahi dugu, genozidio hau bizitzen ari diren palestinarrentzako justizia kontakizun bat, eta Israel Gazako genozidioagatik zigortuko duen kontakizun bat. Beti esaten dut historia garaileek kontatzen dutela, baina orain justiziarik ez badago ere historia konta dezaketela garaituek ere. Beraz, gertatzen ari dena dokumentatzen jarraitu behar da: jarraitu behar da azaltzen genozidio hau ez dela geratu su etenarekin.

Jakina da Israelek adimen artifiziala erabiltzen duela Gazako genozidioan. Lavender sistema da ezagunena: palestinar bakoitzari puntu bat eta ehun puntu artean ematen dizkio, haien irizpideen arabera Hamaseko ekintzaile izateko duten probabilitatea zenbatzeko. Zenbat eta puntu gehiago, helburu militar izateko arrisku handiagoa. Beste zer sistema ditu?

Armada barneko iturriek hiru sistemaren berri eman dute: Lavender, Gospel eta Where is Daddy? (Non Dago Aitatxo?). Gospelek etsaien egiturak identifikatzen ditu, suntsitzeko. Where is Daddy?-k, berriz, Lavenderrek markatutako pertsona bat etxera bueltatu dela identifikatzen du.

Osagarriak dira.

Hiru sistemak elkarrekin ulertu behar dira. Helburuen Fabrika deitzen diete. Nire proposamena da ez direla ulertu behar soilik algoritmo edo software baten moduan, baizik eta zaintza teknologien eta espazioaren kontrolerako elementuen uztartze baten moduan. Zaintza teknologien barruan dago telefonoen bidez pertsonak non dauden kontrolatzea eta droneen edo aurpegiak ezagutzeko sistemen bidez datuak biltzea. Lekuak kontrolatzeko tresnak dira kontrolguneak: Israelgo armadak palestinarrak lekualdatzera behartzen dituenean, kontrolguneetatik pasatzera derrigortzen ditu, eta haien datu biometrikoak jasotzen ditu.

«Helburu militarrak aukeratzeko sistema automatizatzeak modua ematen du, neurri batean, errua banatzeko, zatitzeko»

Helburuen Fabrika? Helburu militarrak sortu egiten ditu.

Bere burua birsortzeko gaitasuna duen sistema baten moduan ulertu behar da: leku jakin batzuk bonbardatzeak jendea lekualdatzea eragiten du; lekualdatzeak herritarren datuak biltzea eragiten du, kontrolguneen bidez; eta datu berriak biltzeak helburu militar berriak sortzea ahalbidetzen du. Horrela, sistemak inoiz ez dio uzten helburu militarrak sortzeari. Beraz, Israeli zuribide bat ematen dio Gazaren suntsitze masiboarekin jarraitzeko.

Bi komunikabideren arabera, sistema horrek, Israelen erasoaren lehen asteetan —2023ko urrian eta azaroan—, 37.000 palestinar markatu zituen helburu militar gisa, eta 15.000 hil zituzten sistemaren gomendioetan oinarrituta. Badakizue Lavender zer irizpidetan oinarritzen den palestinarrei puntuak emateko?

Milaka parametrok zehazten dute Gazako edozein helduren puntuazio hori. Batzuk ezagunak dira, AEBek antzeko sistemak erabili baitzituzten Iraken eta Afganistanen. Herritarren jokabideen patroiak erabiltzen zituzten: zenbat aldiz aldatzen zuten telefonoaren SIM txartela, zenbat aldiz egiten zuten leku jakin batera joateko ibilbidea —erresistentziaren topaleku izan zitekeelakoan—… Badaude beste parametro batzuk ere, lekualdatzeetan oinarrituta. 2023ko urriaren 13an Gaza iparraldeko herritarrek hegoaldera joateko agindua jaso zutenean, aginduan idatzita zegoen Gaza iparraldea uzten ez zutenak talde terrorista bateko kidetzat hartuko zituztela.

Sistema gaiztoa da, adimen artifizialean oinarritutako sistemen emaitzak egiatzat hartzen direlako, eta autoritatea ematen zaielako.

Adimen artifizialari kalkulatzeko gaitasuna ematen zaio, baina ezin zaie erruaren zama kendu soldaduei eta militarrei. Uste dut Israelek bi arrazoirengatik jo duela adimen artifizialera helburu militarrak aukeratzeko. Lehena, erasoa bizkortzeko. Israel 2021eko Gazako gerran hasi zen adimen artifiziala erabiltzen helburu militarrak aukeratzeko. Orduan, Amid Kochavi jeneralak esan zuen urtebete behar zutela 50 helburu militar izateko, baina adimen artifizialak ehun sor zitzakeela egun bakarrean. Bigarrena, bere diskurtsoari eusteko, etengabe helburu militarrak sortu ahal izateak beharrezko bihurtzen baitu erasoarekin jarraitzea.

Julia Nueno Guitart
Julia Nueno Guitart ikertzen ari da Israel nola erabiltzen ari den adimen artifiziala Gazako genozidioan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Teknologiarekin, erasoak inpertsonalagoak bihurtzen dira?

Helburu militarrak aukeratzeko sistema automatizatzeak modua ematen du, neurri batean, errua banatzeko, zatitzeko. Norena da helburu zibil bat bonbardatzearen erantzukizuna? Softwarea garatu duen ingeniariarena? Adimen artifizialak emandako informazioa aintzat hartu eta bonbardatzea erabaki duen militarrarena? Bonba bota duen hegazkineko pilotuarena? Dronearen gidariarena? Teknologiaren bidez, nolabait, hautsi egiten da erabakitzeko kate hori, eta zabaldu egiten da, gero ekintza inori ez leporatzeko moduan.

Adimen artifiziala arautzeari buruz eztabaidatzen den bitartean, pertsonak hiltzeko erabiltzen da.

Harrigarria da enpresa teknologiko handienetako buruzagiek esatea adimen artifizialak apokalipsia eta gizateriaren amaiera ekar ditzakeela, Israel teknologia horiek erabiltzen ari da-eta gizateriaren zati bat akabatzeko. Beraz, etorkizun hori ez dago hain urrun, oraina da.

Adimen artifiziala ez litzateke erabili beharko helburu militarrak aukeratzeko. Adimen artifizialak ez luke erabaki beharko bizitzari edo heriotzari buruz. Ezta norbaitek gizarte laguntza bat jaso behar duen edo ez. Gizarte gisa erabaki politiko asko hartu behar ditugu egoerei aurre egiteko, eta teknologiak garatu behar ditugu hori errazteko; baina erabaki politikoak ezin ditugu teknologiaren esku utzi.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA