Israelgo tropak ‘lerro horira’ erretiratu ostean, Hamasek 72 ordu ditu gatibuak askatzeko

Gazarako adostutako planaren lehen fasea 11:00etan sartu da indarrean. Israelek ohartarazi du herritarren mugimendu «masiboak» debekatuta daudela, eta alerta militarrak mantendu dituzte eremu batzuetan.

Israelgo soldadu batzuk erretiratzen, gaur, Gazan. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo soldadu batzuk erretiratzen, gaur, Gazan. ATEF SAFADI / EFE
Jokin Sagarzazu - Maddi Iztueta Olano
2025eko urriaren 10a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abian da AEBek Gazarako ondutako planaren lehen fasea: 11:00etan sartu da indarrean, Israelgo armadak berak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Hamasek eta Israelek atzo goizaldean eman zioten baiezkoa akordioari, eta Israelgo Gobernuak gauerdian berretsi zuen. Hala, Israelgo armada Gazatik erretiratzen hasi da; goizaldean egin ditu lehen mugimenduak lerro horia deituriko eremura joateko. Operazio hori amaituta, Hamasek 72 orduko epea du bahituak askatzeko, bai hilik daudenak, bai bizirik daudenak. Palestinako talde islamistak aldi berean askatu beharko ditu, eta litekeena da igandean edo astelehenean aske uztea. Tel Avivek horren ondoren askatu beharko ditu 2.000 preso palestinar; hots, bizi guztiko espetxe zigorra duten 250 preso eta 2023ko urriaren 7az geroztik atxilotutako 1.700. 

Israelgo tropak pixkanaka-pixkanaka hasi dira erretiratzen, eta, modu mugatuan bada ere, Gazako biztanle batzuk hasi dira sorlekura itzultzen, hala nola Gaza hiriko Tal al-Hawa eta Xeikh Radwan auzoetara. Horiek izan dira gaur goizaldean planaren lehen fasea abiatu ondorengo aurreneko mugimenduak; eta, zertxobait beranduago, Gazako hegoaldetik iparraldera mugitzen hasi dira gazatarrak, kostaldeko Al-Raxid errepidea baliatuta, Israelgo armadak jakinarazi ondoren bukatu duela erretiratzea.

Edonola ere, aintzat hartzekoa da Israelek hainbat eremu kontrolatzen dituela oraindik, tropak ez baitira zerrenda osotik aterako; hots, Gazako lurraldearen %53 Israelgo armadaren kontrolpean egongo da. Eremu horietako batzuk dira, besteak beste, Netzarimgo korridorea —Beeri kibbutzaren paretik Mediterraneoraino luzatzen dena eta Gazako barrualdea bi zatitan banatzen duena—, Filadelfiako korridorea, eta Morageko ardatza, Gaza hegoaldean. Eremu horiek puntu estrategikoak dira herritarren mugimendurako eta segurtasunerako, eta Gazako Defentsa Zibilak herritarrei ohartarazi die Israelgo armadaren kontrolpean egon diren eremuetan kontuz ibiltzeko.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk agerraldi bat egin du goizean, telebista bidez, eta israeldarrei mintzatu zaie: «Banekien militarki eta diplomatikoki presio egiten bagenuen lortuko genuela gatibu guztien itzulera bermatzea». Eta gehitu du: «Eta horixe da egin duguna». Israelgo lehen ministroak Hamasekin adostutako plana defendatu du, eta azpimarratu «Israelen segurtasuna bermatzea» izan dela bere erabakien oinarria; haren arabera, hurrengo pausoa izango da Hamas «erabat armagabetzea». Gero, beste behin eman dizkio eskerrak AEBetako presidente Donald Trumpi, asteotan egindako «ahaleginagatik».

Hain justu, AEBetako presidenteak eman zuen, atzo goizaldean, akordioaren berri. Trump etxe zuriko maizter denetik, urtarrilaren 20tik, lau aldiz bildu dira AEBetako eta Israelgo agintariak, eta bosgarrenez ikusiko dute elkar astelehenean, Trump Tel Avivera joatekoa baita. Hala baieztatu du gaur Israelgo 12 telebista kateak, eta jakinarazi du «zeremonia berezi batekin» egingo diotela ongi etorria. 

Laguntza humanitarioa

Bi urteko erasoaldiaren ondoren, gaur egun muturrekoa da Gazako egoera: lurralde gehiena birrinduta dago, eta azken hilabeteetan apenas sartu den laguntza humanitariorik. Horren ondorioz, gosete latza pairatzen ari dira gazatarrak. Bada, Israelek eta Hamasek onartutako planak barne hartzen du berriro ere laguntza humanitarioaren «banaketa masiboa» abian jartzea. Azken hilabeteetan ez bezala, prozesu horretan parte hartu ahal izango dute NBE Nazio Batuen Erakundeko agentziek; are, Israelgo armadak gaur jakinarazi duenez, egunean seiehun kamioi humanitario sartu ahal izango dira zerrendan; hain justu, gaur arratsaldean dagoeneko sartu dira aurreneko kamioiak, Gaza hegoaldeko Rafah pasabidea baliatuta.

Hain justu, NBEko Gai Humanitarioetarako idazkariorde nagusi Tom Fletcherrek plan bat aurkeztu du, komunikatu baten bidez, zeinak meniako aurreneko hirurogei egunetan Gazara laguntza humanitarioa nola sartu eta han nola banatu zehazten duen. «Gure plana, xehetasun eta guzti, prest dago», gaineratu du. Haren arabera, 170.000 tona elikagai, osasun baliabide eta beste sar ditzakete zerrendara, eta haien helburua da «egunean ehunka kamioi humanitario» sartu ahal izatea.

Laguntza humanitarioa banatu ez ezik, agentzia horren lehentasuna da zerrendako ur eta higiene azpiegiturak konpontzea; Fletcherrek azaldu duenez, aurrena 1,4 milioi pertsonari eragiten dieten eremuetako azpiegiturak konponduko lituzkete. Bestalde, haien asmoa da aldi baterako bada ere haurrei eskolak emateko zentroak irekitzea.

Alemaniak gaza berreraikitzeko nazioarteko konferentzia bat antolatu asmo du

Alemaniako Gobernuak nazioarteko konferentzia bat antolatu nahi du, horren bidez Gaza berreraikitzeko plan bat osatzeko, herrialdeko kantziler Friedrich Merzek ohar baten bidez azaldu duenez. Berlinek ez luke, dena den, konferentzia hori bakarrik prestatuko; Egiptorekin elkarlanean egingo luke. Merzen arabera, helburua litzateke Gazako «premiazko beharrei» erantzutea, hala nola ur eta energia azpiegiturak berreraikitzea eta osasun sistemaren funtzionamendu egokia bermatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.