Marco Rubio AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkaria garai korapilatsuan iritsi da Qatarrera. Duela astebete Israelgo armadak eraso egin zien Hamaseko lider batzuei, Dohan zeudela, eta, horren ondorioz, are gehiago okertu da giroa Ekialde Hurbilean. Zeharka eragin die, gainera, AEBei, bi herrialde horiek aliatu baititu eskualdean. Washingtonek, beraz, estatu horiekiko harremana eta interesak orekatu behar ditu, eta hori bermatzeko lurreratu da Rubio gaur Qatarko hiriburuan, iragarpen bat egin ondoren: AEBak eta Qatar defentsa lankidetza akordio bat adostear dira.
AEBetako Estatu idazkariak ez du xehetasunik eman itun horri buruz, baina adierazi du ulertzen dituela Dohak dituen kezkak Israelgo armadaren erasoari dagokionez, eta horrekin lotuta dagoela, hortaz, defentsa akordioa egitea. Hamad bin Khalifa al-Thani Qatarko emirrarekin biltzekoa da gaur Rubio, eta espero da bilkura horren ondoren emango dutela behin betiko adostasunaren edukiaren berri.
Qatar bitartekari lanak egiten aritu da urteotan Israelen eta Hamasen artean, Gazan su etena adoste aldera. AEBek ontzat jotzen dute rol hori, kazetarien aurrean Rubiok gaur esan baitu, Dohara joan aurretik, Qatar dela «munduko herrialde bakarra» bi aldeen arten bitartekari gisa aritu daitekeena —Egiptok ere du egiteko hori—. Beste aitortza bat ere egin dio AEBetako Estatu idazkariak, ondoren adierazi baitu «ulertzen» duela Doha «pozik ez» egotea Israelgo armadak iragan astean egindako erasoagatik.
Hitz eta asmo onak plazaratu ditu Rubiok, beraz, Qatarko emirrarekin batzartu aurretik. Are gehiago aintzat harturik joan den maiatzean Donald Trump AEBetako presidentea Qatarren izan zela, eta herrialde horri ziurtatu ziola atzerriko eraso orotatik defendatuko zuela.
«Lanean ari gara etorriko den horretan jar dezaten arreta denek, eta ez jada gertatu den horretan. Baditugu zenbait arazo konpondu gabe»Â
Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria
Rubiok iragarritako defentsarako lankidetza akordioak badu garrantzirik Washingtonentzat. Qatarren haserrea baretzeko modu bat izateaz gain, AEBen interesak ziurtatzeko ere balio du, Qatarren baitute kokatua Ekialde Hurbilean dituzten base militarren artean handiena; hain justu, bi herrialdeen arteko harremanaren erakusle. «Lankidetza estu bat dugu qatartarrekin», errepikatu du AEBetako Estatu idazkariak.
Eta adierazpen sorta horren ondoren, AEBetako Fox News telebista kateak Rubiori egindako elkarrizketa bat kaleratu du. Horretan, AEBetako Estatu idazkaria afera berberez aritu da, eta ziurtatu du Israelekin duten harremana ez dela aldatuko, bi herrialdeak aliatuak izango direla oraindik ere: «Lanean ari gara etorriko den horretan jar dezaten arreta denek, eta ez jada gertatu den horretan. Baditugu zenbait arazo konpondu gabe».
«Bakearen kontrako erasoa»
Israelgo armadak Qatarren egindako bonbardaketa ere mintzagai izan du gaur Volker Tuerkek, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak. Haren ustetan, «kolpe bat izan zen munduko negoziazio prozesu eta bitartekaritza guztientzat», eta, Ekialde Hurbilari dagokionez, «eskualdearen egonkortasunaren eta bakearen kontrako eraso bat» izan zen.
«Bitartekari lana egiten ari diren eta nazioartearen babesa duten eragileei eraso egiteak kalte egiten dio bakea lortzeko Qatarren bitartekari lanari», adierazi du Tuerkek, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak eraso horretaz aritzeko gaur egin duen bilkuran.
Haratago joan da Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria, esan baitu, gerra legeei dagokienez, zibilen eta militarren arteko banaketa egin beharra dagoela, eta ez dela erasorik izan behar «liskarretan zuzenean parte hartzen ari ez diren» pertsonen kontra.