Israelgo presidenteak Eisenkoti emango dio gobernua osatzeko aukera

Yashar alderdiko buruak 28 egun izango ditu beharrezko babesak biltzeko. Gaur elkartuko da Herzog presidentearekin.

Gadi Eisenkot, militarburu ohia, joan den urriaren 27an, bozetako emaitzak ospatzen, Tel Aviven. ATEF SAFADI/EFE
Gadi Eisenkot, militarburu ohia, joan den urriaren 27an, bozetako emaitzak ospatzen, Tel Aviven. ATEF SAFADI/EFE
arantxa elizegi egilegor
2026ko azaroaren 7a
22:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo presidente Isaac Herzogek iluntzean iragarri du nori eskainiko dion gobernua osatzeko aukera, Gadi Eisenkoti, Yashar alderdiko buru eta bozetan Benjamin Netanyahu lehen ministroaren aurkari nagusi izan denari. Herzogek arratsaldean jakinarazi dio Eisenkoten bulegoari erabakiaren berri, baina jakinarazpen ofiziala bihar egingo du.

Buruzagi militar ohia babesten duen blokeak 48 ordezkari lortu zituen Israelgo Parlamenturako hauteskundeetan, Netanyahurenak baino bost gutxiago. Baina alderdi arabiarrak prest leudeke Eisenkot babesteko, eta haiekin 68 eserleku izango lituzke blokeak, gehiengo osoa. Dena den, Eisenkotek berak ez du orain arte argitu arabiarren babesik onartuko ote duen. 

Netanyahuren kasuan, 46 diputatu agertu dira balizko bozketa batean bere alde egiteko prest, hau da, bere blokea osatzen zuten guztiak Toraren Judaismo Batua izan ezik; azken horrek ez du iragarri nor babestuko lukeen, nahiz eta bozetan Netanyahuren alde agertu. 

Eisenkot bihar arratsaldean joango da presidentearen jauregira, eta orduan emango dio Herzogek gobernua osatzeko mandatua. Hori eginda, 28 eguneko epea izango du militarburu ohiak babes nahiko biltzeko, eta, behar balitz,  beste 14 egunez luzatu ditzake elkarrizketak. 

Beldurra

Jarduneko gobernuburuak asteak daramatza alderdi arabiarren aurkako izua zabaltzen. Herzogen erabakiaren berri izan baino ordu batzuk lehenago mezu bat zabaldu du sareetan haiei «terrorismoa» egotziz eta Israelen aurka egotea leporatuz. 

Eisenkotek esana du Hamas talde terrorista bat dela aitortzea dela bera buru lukeen gobernu bateko kide izateko baldintzetako bat. Baina Zerrenda Batuak ez du ministeriorik nahi; hau da, jarduera parlamentarioan kanpotik babestuko lukete gobernua. Aldiz, Zerrenda Arabiar Batua indar kontserbadoreak esana du «prest» legokeela gobernuan parte hartzeko. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA