Jane Goodall primatologo britaniarra (Londres, 1934) zendu da gaur, zientziaren munduan emakume ezagunenetakoa, 91 urte zituela. Haren izena daraman institutuak eman du heriotzaren berri, gaur arratsaldean.
60ko urteetan Tanzaniako oihanetan egunak eta egunak igaro zituen Goodallek txinpantzeen portaera dokumentatu eta aztertzen, eta, denborarekin, haiekin harreman estuak izatea ere lortu zuen. Abentura handia izan zen, ikasketak 18 urterekin utzi eta ondoren egindako idazkari eta zerbitzari lanetan aurreztutako diruarekin joan baitzen Afrikara, primateak ikertzeko txikitako bere ametsa betetzera.
Lehendabizi Kenyara joan zen, eta han Louis eta Mary Leakey paleontologo ezagunentzat idazkari jardun zen; haien bitartez iritsi zen Tanzaniara, 1962an, txinpantzeak ikertzera.
Ikerketa horien guztien fruitua In the shadow of Man liburua izan zen (Gizakiaren itzalean), 1971. urtean argitaratua. Goodallek, besteak beste, ondorioztatu zuen izaera bat edukitzea ez zela soilik gizakien ezaugarria. Era berean, erakutsi zuen txinpantzeak gai direla tresnak egin eta erabiltzeko, eta ez direla belarjaleak.
Animalien portaeraren zientzian egindako ekarpenez gain, Goodallek itzelezko lana egin izan du animalien habitatak babesteko aktibismoan, eta mundu osoan zabaldu du ingurumena babesteko beharraren mezua.
1977. urtean, Jane Goodall institutua fundatu zuen, zeinak hainbat proiektu egin dituen txinpantzeak eta haien habitatak deforestaziotik babesteko.