Japonia: lehengo jaiotza tasa lortzeko azken aukera

Orain dela aste batzuk argitaratutako ikerketa baten arabera, baliteke Japoniak %30 biztanle gutxiago izatea 2070erako, hango jaiotza tasa apala dela eta. Gobernuak presazko neurriak prestatu ditu «azken aukera» gisa, jaiotza kopuruaren beherakada geldiezina moteltzeko.

Emakume bat bere haurrarekin, alboan adinduak dituela, Tokion, iragan martxoan. FRANCK ROBICHON / EFE.
Josep Solano
Tokio
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Japonian gero eta biztanle gutxiago dago: 65 urte baino gehiago dituztenak herritarren %29 dira; inoiz baino gehiago, Japoniako Komunikazio eta Barne Ministerioaren kalkuluen arabera. Maiatzean bertan eguneratu dituzte datuak, eta, ondorioztatu dutenez, herrialdeak guztira 124.947.000 biztanle zituen hilabete horretan: joan den urtean baino 656.000 gutxiago (%0,44 gutxiago). Badira hamabi urte biztanleria behera ari dela, eta hamasei urte, berriz, biztanleak naturalki gutxitzen ari direla; hau da, jaiotzen den baino jende gehiago hiltzen dela. Eta, datu horiei begiratuta, badirudi erronka zaila izango dela gizartearen bizitasunari eustea.

Biztanleriaren eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak joan den hilabetean argitaratutako ikerketari gehitu behar zaizkio datu horiek. Erakunde hori Osasun Ministerioaren barrukoa da, eta, adierazi duenez, Japoniako biztanleak orain baino %30 gutxiago izango dira 2070erako. Urte horretarako, gainera, 65 urtetik gorakoak izango dira herritarren %40.

Japoniako Gobernuak aspalditik daki joera horren berri, eta orain azken aukera izango du jaiotza tasa gero eta txikiagoen joera iraultzeko eta ugaltzeko adina duten emakumeen kopurua atzera-bueltarik gabeko puntura iristea eragozteko, horraino heltzen bada ezingo baita irauli gainbehera demografikoa.

Hori ikusita, Japoniako lehen ministro Fumio Kishidak herrialdearen gainbehera demografikoari heldu zion parlamentuko urteko lehen saioaren hasieran; hain zuzen, hitzaldi bat egiten da beti saio horren hasieran, eta hor zehazten da zer lehentasun izango dituen gobernuak datorren urterako. Urteetan jaiotza gutxi izan direla nabarmendu zuen mezuan: lehen ministroaren hitzetan, horrela segituz gero, Japonia «laster ia ez da gai izango funtzio sozialei eusteko». Iragarri zuenez, jaiotza tasa handitzea izango da gobernuak 2023rako antolatutako ekintzen ardatz nagusia.

Abenduan, gobernuak sortutako aditu batzorde batek txosten kezkagarri bat argitaratu zuen, eta ohartarazi jaiotza tasa funtsezkoa bilakatu dela «nazioak iraun dezan». Urtarrilaren hasieran, lehen ministroak lan bat eskatu zion Kabinetearen Eginkizun Berezien ministroari, Masanobu Ogurari, zeina biztanleriaren beherakadaren kontrako eta gizon-emakumeen berdintasunaren aldeko politikak abiatzeaz arduratzen baita. Hain zuzen, lehen ministroak eskatu zion adituen lantalde bat sortuta ikertzen hasteko eta ekintza plan bat diseinatzeko, egoera iraultzeko neurri egokiak proposatuko dituena.

Lehen ministroak esan du ekainean aurkeztuko dituela «azken aukera» gisa prestatutako neurri zehatzak, baina hedabideei filtratu egin diete Kishidak ezarri nahi duen plana. Hiru jarduera lerro nagusi izango ditu, ugaltzeko adinean dauden bikoteak umeak izatera bultzatzeko. Lehen neurria diru laguntza bat izango da, eta seme-alabak ardurapean dituzten familiei emango diete.

Gaur egun, gobernuak 10.000 eta 15.000 yen artean (70-103 euro) ematen ditu ume bakoitzeko, haurrak bigarren hezkuntza bukatzen duen arte, eta muga batzuk jarriak ditu irabazirik handienak dituzten familientzat. Bigarren jarduera lerroak haurrentzako arreta areagotzea eta hobetzea izango du helburu, eta barne hartuko ditu eskolaz kanpoko arreta eta haur gaixoentzako zerbitzuak; horretaz gainera, erditu ondorengo zerbitzuak zabaltzeko asmoa ere bildua dago atal horretan.

Hirugarren atalean, berriz, guraso baimenen sistema hobetzen saiatzeko neurriak bildu dituzte, baita umeak edukitzea errazagoa bilakatuko duen lan inguru bat sortzeko beste neurri batzuk ere.

Esperientzia handiko zenbait ekonomialarik azken urteetako egoera ekonomikoari egotzi diote biztanleriaren beherakada. Haien ustez, enplegu eredua aldatu izanaren ondorio da nagusiki: gero eta lanpostu gehiago aldi baterakoak dira, egonkortasunik gabekoak, eta, beraz, familien erosahalmena ere gero eta apalagoa da. Halaber, ziurtatu dutenez, nahiz eta berehala neurriak hartu emakume ugalkorrak azkar urritu baino lehen, Japoniarentzat oso zaila izango da erabat leheneratzea eta garai batean bezainbeste haur jaiotzea berriz.

Edonola ere, oraindik badago aukerarik beheranzko joera hori geldiarazteko; izan ere, joan den mendeko 90eko hamarkadan haur asko jaio ziren urtean 1,2 milioi baino gehiago, eta, ondorioz, ugaltzeko adina duten emakumeen multzoa bere onenean dago orain.

Nagi, salbuetsita

Okayamako prefekturako herri txiki bat, Nagi, biztanleriaren hondamendi horretatik kanpo geratu da; izan ere, 2,68ko jaiotza tasa dute han, Japoniako batezbestekoa halako bi, eta, ondorioz, mirari herria deitzen diote.

Mainichi Shinbun-ek azaldu duenez, herriko agintariek ziurtatu dute hogei urteko ahaleginari esker lortu dituztela datu horiek. Jaiotza tasaren beherakadari aurre egiteko, hainbat neurri hartu dituzte: ikasliburuak eta ikasmaterialak doakoak dira lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat; osasun arreta doakoa da haur eta nerabeentzat; batxilergoko ikasleei urtean 240.000 yeneko diru laguntzak ematen dizkiete matrikula ordaintzeko (1.500 euro inguru); eta laguntza zentro bat ireki dute haurtxoak eta umeak zaintzeko.

Nagi herria ezaguna da han haurrak hezten laguntzen dietelako gurasoei, eta urtetik urtera handituz joan da ospe hori; horregatik, gero eta gazte gehiago joaten dira hara bizitzera, onura horietaz baliatzeko. Herriak arrakasta izan du, eta ez gazteen artean bakarrik: Kishida lehen ministroaren arreta ere bereganatu du, herrian izan baitzen otsailean, eta atzerriko beste herrialde batzuetako autoritateak ere izan dira han; besteak beste, AEBetakoak, Hego Koreakoak, Herbehereetakoak eta Qatarkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.