Japonia ez zegoen prest Fukushimako zentral nuklearrean gertatutako istripu nuklearraren tamainako krisi bati aurre egiteko. Halaxe aitortu dio txosten bidez Naoto Kan lehen ministroaren gobernuak IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari. Horrez gain, NISA Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentzia Industria Ministeriotik kanpo uzteko konpromisoa ere hartu du gobernuak txosten berean. Izan ere, kritika ugari jaso ditu NISAk energia atomikoa bultzatzen duen ministerioaren mende egoteagatik.
NISAk krisi nuklearraren lehen egunetan Fukushimako zentral nuklearrean izandako erradiazio isuriaren hasierako kopurua bikoiztu ostean iritsi da, hain zuzen, albistea. Agentzia nuklearrak berriz aztertu ditu datuak, eta apirilaren erdialdera eman zituen datuak okerrak zirela aitortu du: istripuaren lehen asteetan iodo 131 eta zesio 137 elementuen770.000 terabekerel isuri zituen, hasiera batean esandakoaren bikoitza. Kopuru hori Txernobylen isuritako erradiazioaren %15 izango litzateke, baina hasieran kalkulatutako 370.000 terabekerelak erruz gaindituz. Gainera, NISAren kalkulu berrien arabera, tsunamia igaro eta bost egunera gertatu zen lehenengo erreaktorearen nukleoaren fusio partziala, 79 ordutara hirugarren erreaktorearena eta bi egun eta 80 ordutara bigarren erreaktorearena.
Batzorde independentea
Ia hiru hilabete igaro dira tsunami handia igaro zenetik, eta oraindik ere kontrolatu gabe jarraitzen du Fukushimako zentral nuklearrak. Krisi nuklearra ikertu eta erantzunak emateko asmoz, aditu eta akademiko japoniarrek osatutako batzorde independente bat lanean hasi zen atzo, Yotaro Hatamura ikerlaria buru zutela. Besteak beste, datuak aztertu, eta TEPCOko, gobernuko eta krisi nuklearraren kudeaketan dabiltzan beste erakundeetako ordezkariei galdeketak egingo dizkiete datozen hilabeteetan. Hondatutako zentral nuklearra bisitatzeko aukera ere zabalik utzi dute. 2012ko udan ezagutaraziko dituzte ikerketaren emaitzak.
Kanek inauguratu du adituen batzordearen lehen bilera. «Gobernuarekiko independentziaz jokatzeko» eskatu eta euren galderei erantzuteko prest dagoela adierazi die. Hain zuzen ere, urtebete bete du gaur Kanek boterean, eta iragan astean bere kontrako zentsura mozioa ozta-ozta gainditu ostean, egundoko lana du herrialdea berreraikitzeko eta krisi nuklearra kontrolatzeko. Behin krisia bideratu ostean dimisioa emango duela esan du Kanek, baina kargua berehala uzteko eskatu diote bai oposizioak bai bere alderdiko kide batzuek. Ekainaren 17an hondamendiak suntsitutako lurraldeak berreraikitzeko ezinbestekoa den legea onartu behar dute, eta egun hori jarri diote dimisioa emateko epe modura.
Nazioarteko bateraketa
Bien bitartean, nazioarteak irakasgai gisa hartu du Fukushimako krisi nuklearra. Energia nuklearraren segurtasunaren gaineko biltzarra egin zuten atzo Parisen 35 herrialdetako ministro eta ordezkarik, Frantziako Gobernuak eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen Energia Nuklearraren Agentziak antolatuta. Besteak beste, zentral nuklearrei egiten zaizkien estres frogak nazioarte osoan bateratu beharra dagoela ondorioztatu zuten.
Horrez gain, herrialde guztietako erreaktoreek, edonon egonda ere, segurtasun maila altuenak errespetatu behar dituztela nabarmendu zuten, «gerta daitezkeen istripuen ondorioak ez baitira herrialdeen arteko mugetan gelditzen».
Japoniak aitortu du ez zegoela prest Fukushimako krisi nuklearrari aurre egiteko
Istripuaren lehen egunetan isuritako erradiazioa publikoki esandakoaren bikoitza izan zela dio NISAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu