Japoniako Parlamentuak Sanae Takaichi izendatu du lehen ministro. Kargu horretan egongo den aurreneko emakumea da. LDP Alderdi Liberal Demokratiko kontserbadorearen buru da Takaichi urriaren hasieratik geroztik; hain zuzen, alderdiburu eta lehen ministro zen Shigeru Ishibak dimisioa eman zuenetik. Japoniako 104. lehen ministroa izango da.
Behe ganberaren babesa behar zuen izendatua izateko, eta 465 diputatuetatik 237k egin dute haren alde; hau da, ozta-ozta gainditu du gehiengo osoaren langa. Yoshihiko Noda oposizioko CDP Alderdi Demokratiko Konstituzionaleko liderrak ere bere burua aurkeztu du, eta 149 boto lortu ditu.
Izendapena ziurtzat jotzen zuten saioa hasi aurretik; izan ere, atzo, azken orduan koalizio akordioa lortu zuen LDPk Ishin alderdiarekin; hori ere eskuinekoa. Aldiz, hilabete hasieran ez zuten hain ziurtzat jotzen garaipena, Komeito alderdiak hautsi egin baitzuen LDPrekin zuen 26 urtetik gorako aliantza, Takaichi aukeratu zutenean alderdiburu gisa.
LDP da Japoniako alderdi hegemonikoa, eta 1955etik aurrera gobernuan izan da beti, 1993-1994 eta 2009-2012 bitartean izan ezik. Hala ere, gaur egun ez du gehiengorik behe ganberan, eta beste alderdi baten botoak behar ditu gobernatzeko.
«Egonkortasun politikoa ezinbestekoa da orain. Egonkortasunik gabe, ezin dugu ekonomia eta diplomazia indartzeko neurririk bultzatu»
SANAE TAKAICHI Japoniako lehen ministroa
2024ko urriko hauteskundeetan galdu zuen gehiengoa LDPk. 261 aulkitik 191ra pasatu zen, eta, beraz, behe ganbera guztiz berritu zen. Emaitza txarrek bultzatu zuten Ishiba —Takaichiren aurrekoa— dimisioa ematera. Ordutik, gehiengoa ez izateak ezegonkortasuna dakarkio munduko laugarren ekonomia indartsuenari.
Oposizioko alderdiak, aulki gehiago izanda ere, ez dira ados jarri, eta LDPren eta Ishin alderdiaren koalizioak gobernatuko du. Hala ere, bi alderdi horien artean 229 aulki dituzte, gehiengoa baino lau gutxiago, eta, beraz, zaila izango dute egonkortasuna mantentzea Japoniako Gobernuan. Hori jakinda, Takaichik egonkortasunaren garrantzia azpimarratu du gaur goizeko ekitaldian: «Egonkortasun politikoa ezinbestekoa da orain. Egonkortasunik gabe, ezin dugu ekonomia eta diplomazia indartzeko neurririk bultzatu».
Takaichiren ibilbidea
Takaichik 64 urte ditu, eta ibilbide luzea du Japoniako politikan. Barne ministro izan berri da Ishibaren agintaldian, eta aurretik Segurtasun Ekonomikoko ministro ere izan zen. Orain, lehen ministro gisa, espero dute ahuldutako ekonomia suspertzeari begira gastu publikoa sustatzea, zorren kargak urteko ekoizpena baino handiagoak diren garai honetan.
Kabinetean emakumeen kopurua handitzearen alde agertu den arren —gobernuko hogei kideetatik bi baino ez dira emakumeak—, baztertu egin du kuotaren bat jartzea. Gainera, adierazi du ez duela aldatuko, esaterako, umeari aitaren abizena ezartzea agintzen duen legea, eta, horrez gain, 1947ko legea aldatzeko uzkur da, zeinak agintzen duen tronu inperiala gizonezko batek bakarrik har dezakeela oinordetzan.