Japoniako 'Kurdistan txikiko' belaunaldi etorkizunik gabea

Tentsio politikoa gero eta handiagoa den honetan, kurduen komunitateak salatu du Japoniako asilo politika murriztailea dela, gizarte giroa garrazten ari dela eta seinalatze kanpainak egiten direla.

Eskuin muturraren manifestazio bat Warabin (Japonia). JOSEP SOLANO
Eskuin muturraren manifestazio bat Warabin (Japonia). JOSEP SOLANO
Josep Solano
Tokio
2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tokio kanpoaldean, Warabiko geltokitik metro gutxi batzuetara, dozenaka haur jostatzen dabiltza parkeetan eta etxez osatutako kaleetan, japoniera ederrean hizketan. Haien familiak kurduak dira, aspaldi Saitamako prefekturan bizitzen jarriak; hantxe dago Japoniako komunitate kurdurik handienetako bat. Eguneroko bizimodua lasaia da itxuraz, baina zalantzazkoa da haien lege egoera.

«Jendea etengabe estutzeko modu bat da, eta, azkenean, askok alde egiten du horregatik», kontatu du Vakkas Çolak-ek, Japoniako Kultura Elkarte Kurduko buruak. «Herrialde garatuetan, Japoniakoa da asilo politikarik murriztaileenetako bat: %1 da onarpen tasa, hor nonbait. Kurdu askok aldi baterako bizileku baimena dute, eta horrek mugatu egiten die enplegua eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko aukera; gainera, komunitateko kideek diotenez, haien kontrako giroa zabaltzen ari da gizartean».

Askok iheslari estatusik ez dutenez, eta deportatuak izateko moduan ez daudenez, komunitateko hainbat kidek behin-behineko baimena besterik ez dute, kari-horyo izenekoa. Erregimen horren bitartez, Japonian bizi daitezke, baina murrizketa asko dauzkatela: lan merkatura sartzeko bidea estututa daukate, zaila zaie osasun publikora jotzea, eta migrazio agintarien aurrean aurkeztu behar dute aldian behin. Familia askorentzat, horrek guztiak esan nahi du kolokan biziko direla urteetan.

Zenbait adituk eta komunitateko kidek adierazi izan dute politika horren oinarriak ez direla irizpide administratibo hutsak. Diotenez, irizpide diplomatikoak ere badaude politika horren atzean. Turkia bazkide garrantzizkoa da Japoniarentzat hala segurtasunaren arloan nola ekonomian, eta, Japoniak aitortu balu asilo eskatzaile kurduei jazarpen politikoa egin zaiela, horrek ondorioak izango lituzke bi herrialdeen arteko harremanean. «Asilo politika ez da lantzen mundutik kanpo», azaldu du Çolakek, eta koherentzia handiagoa eskatu dio Japoniari, nazioartean esaten duenaren eta etxean duen jokamoldearen artean.

«Ez dugu tratu berezirik nahi: besteen aukera berberak izan nahi ditugu, besterik ez»

VAKKAS ÇOLAK Japoniako Kultura Elkarte Kurduko burua

Gizartean duten harrerari dagokionez, kurduen komunitatearen ordezkari batzuek salatu dute gero eta estuago hartzen dituztela Saitamako leku batzuetan, familia kurduak bizi diren lekuetan. Azken urteotan, immigrazioaz gero eta gehiago eztabaidatzen da Japonian, eta, era berean, diskurtso batzuk gero eta gogorragoak dira bizikidetzaren eta zenbait auzotan atzerritarrek duten presentziaren inguruan.

Gainera, tokiko zenbait pertsona ezagunek bazka eman diete halako eztabaidei. Halaxe egin du Yusuke Kawai-k: politikari bat da, Kawaguchin eta beste toki batzuetan ezaguna bere ekintza mediatikoengatik; auzotarrak zelatatzeko egitasmoak sustatu izan ditu, eta edukiak zabaldu sare sozialetan, Japonian bizi diren atzerritarren eguneroko portaera batzuk salatzeko. Kurduen komunitatearen ustez, horrek guztiak estigmatizatu egiten ditu, eta tentsioa laztu.

Sare sozialak funtsezkoak dira dinamika horretan. Çolaken arabera, kurduak gaizki ikusiak izatea ekarri du haiek modu txarrean edo neurrigabean ageri diren edukiak zabaldu izanak. «Badago halako edukiak sortzetik bizi den jendea», baieztatu du, gatazka monetizatzen duten profilak gogoan. Komunikazio aditu batzuek azaldu dute biral bihurtzeko logikak daudela tartean halako dinamiketan, eta polarizazio mezuak indartzen dituztela, Japonian bezala gainerako lekuetan ere.

Halakoak mundu digitalean gertatzen dira nagusiki, baina kurduak kezkatuta daude, ez ote diren beste esparruetara zabalduko. Oraintsuko ospakizun batzuetan, besteak beste Newroz-en, komunitateko kideak konturatu ziren parte hartzaileen irudiak hartzen eta haiek seinalatzen ari zirela talde batzuk. «Horrela segituz gero, gerta liteke indarkeria fisikoa erabiltzea ere», ohartarazi  du Çolakek. Tokiko organizazio batzuek behin eta berriz azpimarratu dute prebentzio eta bizikidetza mekanismoak indartu beharra dagoela, istilurik izan ez dadin. 

Egoera administratiboa oztopo

Egoera horrek eragina du, zuzen-zuzenean, bigarren belaunaldian. Familia kurdua izan eta Japonian jaio edo hazi direnek hango irakaskuntza sisteman ikasi dute, ondo hitz egiten dute japonieraz, eta ikaskideen kultur erreferentzia berberak dituzte. Hala ere, ikasketak bukatutakoan, askok oztopoak dituzte beren egoera administratiboa dela kausa, eta horrek zaildu egiten die lan merkatuan sartzea.

Komunitate kurduak emandako datuen arabera, luzerako lanpostua aurkitzea zaila zaie unibertsitatean prestatutako dozenaka gazteri —masterra edo doktoretza egina dutenei ere bai—. Japonian bizitzeko estatusik ez dutenez, enplegatzaileek mesfidantzaz begiratzen diete, eta horrek kalte egiten die haien ibilbide profesionalari. «Talentua galdu egiten da horrela», zehaztu du Çolakek. Gazte horientzat, gizartean ondo egokituta egoteak ez du beti esan nahi lege aldetik errekonozimendua izatea, eta horrek ziurgabetasuna dakarkie etorkizunari begira.   

Kurduena egoera konkretu bat da, baina eztabaidak auzi zabalago bat planteatzen du Japoniako migrazio ereduari buruz. Biztanleria bizkor zahartzen ari denez eta eskulana gero eta urriagoa denez, Japoniak premia gorria du atzerritarrak modu estrukturalagoan bertakotzeko, baina orain arte ez du aldatu nahi izan erabateko integrazioa eragozten duen legedia. Aditu batzuen ustez, kontraesan horretan argi ikusten da nolako mugak dituen gizarte homogeneoago batentzat pentsatutako sistema horrek. Muga legalen, presio sozialaren eta erakundeen aitortza faltaren ondorioz, babesik gabe daude kurduen komunitatea eta antzeko beste batzuk, nahiz eta Japonian errotuta egon. 

Argia da kurduen komunitatearen mezua. «Ez dugu tratu berezirik nahi: besteen aukera berberak izan nahi ditugu, besterik ez», laburtu du Çolakek. Haren iritziz, tentsioa apaltzeko pauso egokia litzateke jazarpen politikoa jasandakoei iheslari estatusa onartzea eta diskriminazioaren kontrako neurriak indartzea. Bien bitartean, Warabi eta Kawaguchi auzoetan eta antzeko beste batzuetan, aurrera segitzen dute eguneroko bizimoduan, eskolako errutinaren, lan prekarioen eta tramite administratiboen artean. Erabaki politikoen mende dago hainbat kurduren etorkizuna, baina erabaki horien arrastorik ez dago oraindik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA