Lurrikarak eragindako kalteak denbora igaro ahala ari dira agertzen. Gaur goizean Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak hamahiru pertsona hil direla jakinarazi badu ere, ordu gutxi batzuk geroago kopuru horrek gora egin du. Kumamotoko prefekturako bozeramaile batek eman duen prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, beste bost pertsona hil dira Yatsushiro hiriko Nippon Paper Industries enpresaren lantegian, lurrikararen ondorioz tximinia bat erorita. Esan dutenez, baliteke toki horretan bertan beste lau langile hondakinen azpian lurperatuta egotea, eta, erreskate taldeek adierazi duten modura, hori da jomugan duten guneetako bat.
Takaichik egoeraren larritasuna azpimarratu du gaur hedabideen aurrean egindako agerraldian: «Hogei ordu baino gehiago igaro dira hondamendia gertatu denetik, baina oraindik jende asko dago laguntzaren zain. Hori dela eta, erlojuaren kontrako lasterketa batean ari gara». Horrez gain, gobernuburuak esan du hainbat tokitan desagertu gehiago ere badaudela, eta zerbitzu publiko guztiak martxan daudela ahalik eta «jende gehien salbatzeko».Â
Japoniako Gobernuak milaka militar eta agente bidali ditu hego-mendebaldeko lurralde osoan zehar bilaketa eta salbamendu lanak indartzeko. Guztira, 4.600 soldadu inguru, 2.000 polizia eta 1.400 suhiltzaile baino gehiago ari dira lanean kaltetutako eremuetan.Â
«Une oro ari gara ebaluatzen erantzuteko zer gaitasun dugun. Operazio unitate bakoitzari langileak ugaritzen eta ekipamenduak handitzen jarraitzeko eskatzen diogu», adierazi du Takaichik, egoerari lehenbailehen aurre egite aldera.
Lurrikarak 7,1 graduko intentsitatea izan zuen Richter eskalan —lurrazaleko bibrazioa eta suntsipen gaitasuna neurtzen dira eskala horretan—, eta epizentroa lurrazaletik hamar kilometro inguruko sakoneran izan zen. Eskala horretako azken lurrikara 2024an erregistratu zuten, Notoka penintsulan; 400 pertsona baino gehiago hil ziren bertan.
Lurrikarak kalterik gehien eragin dituen eremuetako bat Kashima udalerriko Aeon merkataritza gunea izan da. Lurrikararen ondoren, gas ihes batek leherketa handi bat eragin zuela uste dute, eta horrek eraikinaren zati bat behera erortzea ekarri zuen. Agintariek adierazi dutenez, toki horretan hiru pertsona hil dira, eta gutxienez beste hamar pertsona harrapatuta geratu.
Osasun zerbitzuen kolapsoa
Zaurituen kopurua «oso kezkagarria» dela adierazi dute eskualdeko medikuek. Yatsushiro North Community Medical Center ospitaleko ordezkariek adierazi dutenez, zentro horretan berrehun zauritu baino gehiago jaso dituzte lehen orduetan. Era berean, Kumamotoko suhiltzaile taldeak hedabideei jakinarazi die gaur ehun zauritu baino gehiago eraman dituztela eskualdeko zenbait ospitaletara, eta horietatik sei «oso larri» daudela.Â
Osasun azpiegituren ahalmenaren «mugaraino» iristen ari direla ohartarazi dute ospitaleek. Saiseikai Kumamoto ospitaleak adierazi zuen 84 pertsona hartu zituela lehen gauean. Yoshitaka Matsuokak, Saiseikai Kumamoto ospitaleko Prentsa Harremanetarako buruak, honela deskribatu du egoera NHK telebista kate publikoan: «Altzariak erortzearen ondorioz hausturak eta bestelako lesioak dituzten pertsonak iristen ari dira etengabe, bata bestearen atzetik. Gure ospitalean laurehun ohe ditugu, baina lekurik gabe geratzen ari gara».
Lurrikarak kalteak eragin ditu eskualdeko azpiegitura eta garraio sareetan ere. Garraioari dagokionez, eskualdeko bi autobide nagusitan hamahiru zati itxi behar izan dituzte. Horrez gain, errepide nazional bat trafikoari itxita dago. Tren zerbitzuei dagokionez, ez dute jakinarazi kalterik izan den, baina Shinkansen abiadura handiko tren zerbitzua geldirik dago, prebentzioz. Kumamotoko tranbia, atzo geldirik egon ostean, gaur berriro jarri dute martxan. Aireko garraioan ere geldialdiak egon dira. Kumamotoko eta Amakusako aireportuetan zerbitzuak martxan jartzen ari dira berriz, pixkanaka. Azpiegiturei dagokionez, gutxienez 84.000 etxe geratu ziren ur hornidurarik gabe.