Erasoari kontraerasoa. Horrela ari dira AEBak eta Iran azken egunetan. AEBek Irango helburu militarrak bonbardatu zituzten atzo gauean, hirugarren egunez jarraian, eta Iranek, erantzun gisa, AEBek Bahrainen eta Jordanian dituzten instalazio militar batzuk jo ditu. Donald Trump AEBetako presidenteak Irani atzera itsas blokeoa ezarri diola esan eta ordu batzuetara heldu dira hala batzuen nola besteen erasoak. Ez da biktimarik izan.
Kale itsu batean sartu da Iranen eta AEBen arteko gatazka. Bi aldeek memorandum bat sinatu zuten duela ia hilabete, eta negoziatzen jarraitzeko konpromisoa hartu. Baina ez dira elkarrez fio, eta Iranek erakutsi du Ormuzko itsasartearen gaineko kontrolari eutsi nahi diola, handik igarotzen diren ontziei baldintza batzuk ezarri nahi dizkiela, eta horiek errespetatzen ez dituztenei eraso egiteko prest dagoela, hainbatetan gertatu bezala. AEBek ez dituzte onartzen baldintza horiek; argudiatu dute Teheranen erasoengatik hasi direla berriro bonbardaketak egiten, eta adierazi Trumpek horregatik erabaki duela memorandumean jasotako su etena bertan behera uztea.
Etxe Zuriko maizterrak Teheranen kontrako erretorika gogortu du berriro, eta erasoak egiteko agindu. AEBetako buruzagitza militarrak atzo gauean X sare sozialean jakinarazi zuenez, Iranek kostaldean dituen aireko defentsa sistemak eta misilen eta droneen instalazioak jo zituzten, azaldu dutenez, helburutzat hartuta Teheranek itsasontziei eraso egiteko duen gaitasuna txikitzea. Dena den, bonbardaketa horrek bost ordu iraun zuen, eta Teherango aireko defentsa sistemak ere jo zituen.
23Zamaontzi bateko zenbat marinel erreskatatu dituen Iranek. Gaur goizaldean Ormuzko itsasartean istripu bat eduki duen zamaontzi bateko 23 marinel erreskatatu ditu Iranek. Horren berri eman dute hango hedabideek, iturri ofizialak aipatuz. Bi ontzik elkar jo, eta horietako bat hondoratzen hasi zen. Marinelak Qexm uhartera eraman dituzte. Iranek ez du esan nongo bandera zuten ontziek.Â
Eta Iranek erantzun gisa egindako erasoek, bestalde, Jordaniako eta Bahraingo alarmak aktibatu dituzte. Persiar golkoko bi herrialde horiek erasoen berri eman dute, eta Irango Guardia Iraultzaileak baieztatu egin ditu, Tasnim berri agentziak kaleratutako ohar batean. Horren arabera, AEBetako armadaren erregai biltegi bat, Patriot aireko defentsa sistema bat, eta erasoak detektatzeko radar sistema bat jo dituzte Bahrainen, besteak beste.
Horren harira, Irango Guardia Iraultzaileak beste ohar bat argitaratu du Irango hedabideetan, eta hartan esaten du ez dutela «herrarik» jordaniarren kontra, eta erasoa AEBen kontrakoa zela, ez zituztela jordaniarrak helburu.
Bitartean, Iranek Ormuzen gaineko kontrola blindatzeko ahaleginean dihardu oraindik. Trumpek atzo arratsaldean esan zuen bidesari bat ezarriko diela Ormuz zeharkatzen duten ontziei —«zamaren %20», nahiz eta ez zuen esan nola kobratu asmo duen—, AEBek ematen dieten «babesaren eta segurtasuna truke». Baina, ordu batzuk geroago Ebrahim Azizi Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionaleko presidenteak X sare sozialean idatzi zuenez, itsasartearen kudeaketarako lege proiektu bat aurkeztu dute parlamentuan.