Jordi Pujol epaiketatik salbuetsi dute, dementziagatik

Espainiako Auzitegi Nazionalera bertaratu da Kataluniako presidente ohia, eta mediku forentseek aztertu egin dute. Haren seme-alaben kontrako auzibideak bere horretan jarraitzen du.

Jordi Pujol joan zen martxoan, Bartzelonan, sari banaketa batean. ERNIC FONTCUBERTA / EFE
Jordi Pujol joan zen martxoan, Bartzelonan, sari banaketa batean. ERNIC FONTCUBERTA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko apirilaren 27a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionalak erantzukizun orotatik salbuetsi du Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia (1980-2003), argudiatuta dementziagatik «ezinduta» dagoela bere kontrako epaiketan parte hartzeko —95 urte ditu—; hala agindu du Jose Ricardo de Prada epaileak. Bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen zioten familiaren dirua Andorrako bankuetan ezkutatzea leporatuta; zuriketa, influentzia trafikoa eta eroskeria egozten zizkioten, besteak beste. Prozedura judizialetik kanpo utzi dute, baina aintzat hartzekoa da Pujolen zazpi seme-alabak ere auzipetuta daudela: Jordi Pujol Ferrusola semea epailearen aurretik igaro da.

Saioa baino lehen, auzitegiko mediku forentse batek Pujol aztertu du, eta epaimahaiko hiru kiderekin ere hitz egin du Kataluniako presidente ohiak, abokatua alboan zuela;  ikusi dute ez dela bere burua defendatzeko gai, eta jarraian erabaki dute salbuestea.

Pujolen defentsak epaiketaren hasieran eskatu zuen hura epaiketatik salbuestea, azaroan, eta medikuek ordu horretan ere ondorioztatu zuten dementzia zuela; epaileek, ordea, epaiketatik kanpo uzteko erabakia atzeratu zuten gaur arte, deklaratzekoa zen egunera arte, hain zuzen ere. De Pradak esan du asmoa ez zela «adinkeriaz» jokatzea, eta horrexegatik eskatu diotela auzitegira joateko.

Auzitegiak Pujolek sortutako CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa alderdia du ikerketapean. %3aren auzia ere deitzen diote kasuari, eta ustelkeriaren kontrako fiskaltzak elkarte bat osatzea leporatzen dio Pujolen familiari, herri lanen kontratuak CDCren bueltako enpresei zuzenean eskaini zizkietelakoan eta enpresa horiek trukean adjudikazioen zenbatekoaren %3 alderdiaren inguruko fundazioei eman zietelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA