Krisi instituzional bezain judiziala dute Polonian: iskanbila sortu da herrialde horretako Auzitegi Konstituzionalaren bueltan, epaile batek auzitegiko presidentea eta presidenteordea kargugabetu baititu. Bada, bide batez, herrialdeko politikaren polarizazioa azaleratu du justizia instantzia nagusiaren auziak, Karol Nawrocki presidente ultrakontserbadorearen eta Donald Tusk lehen ministro liberalaren artekoa, noiz eta hauteskunde orokorretarako urtebete baino gutxiago geratzen den honetan.
Zer gertatu da?
Ostiral arratsaldean, Anna Korwin-Piotrowskak, Konstituzionaleko epaileetako batek, auzitegi horretako Bogdan Swieczkowski presidentea eta Bartlomiej Sochanski presidenteordea kargugabetu zituen hilabete baterako, eta hark hartu zuen auzitegiaren ardura behin-behinean. Argudiatu zuen auzitegiaren zuzendaritzak —presidente ultrakontserbadorearen aldekoa da— legearen kontra jardun duela, Poloniako Parlamentuak hautatutako epaileek kargua hartzea sistematikoki eragotzi duelakoan. Behe ganberak erabakitzen ditu magistratuak, eta horiek karguaren zina egiten dute gero herrialdeko presidenteak parte hartzen duen ekitaldi batean.
Horretan datza auzia: parlamentuak, zeinean Tusken gobernu koalizioak gehiengoa duen, zortzi epaile hautatu dituela, eta Nawrockik hiru epaileri baino ez diela utzi kargua hartzen; gainontzeko bostek, tartean Korwin-Piotrowskak, behe ganberan hartu zuten kargua.
Europako Batzordeko bozeramaile batek atzo esan zuen parlamentuari dagokiola epaileak izendatzea, harena dela eskumena, eta jada hori berretsi zuela Veneziako Batzordeak urriaren erdialdean —Europako Kontseiluaren organo bat da, eta auzi konstituzionalez arduratzen da—.
Korwin-Piotrowskak blokeo hori eteteko asmoz hasi du Konstituzionaleko zuzendaritzaren kontrako prozedura, eta bihar biltzera deitu ditu auzitegiko hamabost epaileak. Bilera horretan eztabaidatzekoak dira, besteak beste, Swieczkowskiri eta Sochanskiri immunitatea kentzeari buruz; hala egiteko eskatu du asteburuan Waldemar Zurek Justizia ministro eta fiskal nagusiak.
Zer dela-eta tirabira hori?
Legea eta Justizia (PiS) alderdi ultrakontserbadore eta nazionalistak bi legegintzalditan agindu zuen, 2015 eta 2023 artean, eta sistema judizialaren independentziaren kontrako erreformak onartu zituen. Legegintzaldi honetan, justizia sistema lehengoratzea izan da Tusken helburuetako bat. «Zuzenbide estatua eraberritzea da gure zeregina; PiSen anarkiaren ondoren, zaila da prozesu hori, mingarria batzuetan, baina erabakimena eskatzen du. Ez dago beste konponbiderik», idatzi du lehen ministroak sare sozialetan asteburuan.
EB Europako Batasunak 2017ko abenduan aktibatu zuen lehenbizikoz bere ituneko 7. artikuluak jasotzen duen mekanismoa, PiSen gobernuak urtebete lehenago onartutako erreforma judizialak «zuzenbide estatua larriki urratzeko ageriko arriskua» zuelakoan; Polonia talde komunitarioan boto eskubidea galtzekotan egon zen.
2023ko urrian hauteskundeak irabazi zituen Tuskek, eta kargua hartu ostean ekin zion ultrakontserbadoreen erreforma judizialaren kontra; azkenerako, Bruselak 2024ko maiatzean itxi zuen Varsoviaren kontrako prozedura, zuzenbide estatua atakan jarriko lukeen arriskurik ez zegoela argudiatuta.
Dena den, ultrakontserbadoreen aldekoek orain arte eutsi diote Konstituzionalaren zuzendaritzari, eta, besteak beste, eragozten saiatu dira epaile karguak berritzea.
Zer esan dute Tuskek eta Nawrockik?
Lehen ministroak esana du «Konstituzioa betez» onartu dituztela epaileak, eta presidenteak «uko» egin diola daukan betebeharrari. Gaur sare sozialetan adierazi du «sinplea» dela krisia konpontzea: parlamentuak hautatutako epaileak aitortu ditzala presidenteak, eta kito. «Oraingoz, ordea, Nawrockik konfrontazioa hautatu du, eta hori oso garesti atera dakioke Poloniari. Zuzenbide estatu demokratiko batek ezin dio amore eman biolentziari».
Nawrockik, berriz, ostiralean salatu zuen Korwin-Piotrowska epaileak «ordena konstituzionala» urratu duela Swieczkowski eta Sochanski kargugabetuta, eta «indarrez» hartu zuela auzitegiaren kontrola.
Egon al da istilurik?
Korwin-Piotrowskak hala eskatuta, Polizia Konstituzionalaren egoitzan sartu zen, zertarako eta Swieczkowskiri eta Sochanskiri sartzea galarazteko. Ostiral gauean istiluak piztu ziren auzitegiaren egoitza inguruan agenteen eta manifestarien artean; oposizioko zenbait parlamentari ere han izan ziren. Gutxienez hiru lagun atxilotu zituzten, eta hainbat zauritu izan ziren. Nawrockik bertan behera utzi zuen Senegalera egitekoa zuen bisita ofiziala, egoitzan sartzea lortu zuen, eta Konstituzionalaren kontrako «estatu kolpea» salatu.
Asteburura arte auzitegi horretako presidente eta presidenteorde izandakoek ohar bidez salatu zuten «Auzitegi Konstituzionalaren autonomia urratzen» saiatu zela Korwin-Piotrowska. Atzo, Swieczkowski egoitzara joan zen, eta sarreran ziren poliziei zera esan zien: «Ni naiz auzitegi honetako presidentea. Mesedez, utz iezadazue sartzen». Jakinarazi zuen egunero joango dela, horixe baitu «obligazioa», eta polizien kontra egin zuen: «Delitu bat egiten ari zarete, eta zuen erresistentzia biolentoa ez izateak ez du nahi esan zigorretik libratuko zaituztenik».