JxCk jakinarazi du betoa jarriko diela Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege proposamen guztiei

Noguerasen esanetan, modu horretan «blokeatuta» geratuko da legegintzaldia. Erabakiak 25 bat ekinaldi legegileri eragingo die.

Miriam Nogueras gaur, Madrilen, JxCko diputatuekin. FERNANDO VILLAR / EFE
Miriam Nogueras gaur, Madrilen, JxCko diputatuekin. FERNANDO VILLAR / EFE
Igor Susaeta.
2025eko azaroaren 6a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

JxC Junts Per Catalunyak beste pauso bat eman du Espainiako Gobernuaren jarduna zailtzeko. Joan den astean, Kataluniako indar subiranista horren oinarriek bat egin zuten zuzendaritzaren proposamenarekin, eta PSOEri babesa kentzea erabaki. Bada, Miriam Nogueras alderdiaren Espainiako Kongresuko liderrak gaur jakinarazi du betoa jarriko dietela Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege proposamen guztiei; Noguerasen arabera, legegintzaldia «blokeatuta» geratuko da modu horretan. 

Horren berri emateko, JxCk Kongresuan dituen diputatuek agerraldi bat egin dute Madrilen, eta Nogueras bozeramaileak berretsi du alderdiaren zuzendaritzak planteatutakoa eta militanteek babestutakoa: «Ez da lankidetzarik egongo, ezta negoziaziorik ere». Nabarmendu duenez, gutxi gorabehera 25 ekinaldi legegile daude tramitazioan, eta guztiak blokeatuko dituzte, izan osoko zuzenketak aurkeztuz, izan kontra bozkatuz.

Blokeatuko dituzten ekinaldien artean daude, esaterako, osasun sistemari eragiten dioten bi, informazio klasifikatuari buruzko bat, desgaitasunen bat duten herritarrak lan merkatuan txertatzeari dagokion beste bat, eta adierazpen askatasuna babesteari lotutako bat. «[Pedro] Sanchezek lehen egunetik daki gure botoak ez daudela Espainiaren egonkortasunaren zerbitzura, baizik eta Kataluniaren eta katalanen zerbitzura. Katalanekin konplitzen ez badu, ez da egonkortasunik egongo. Denak ez du balio katalanekin», gogorarazi du Noguerasek.

Estrasburgok GOrena babestu du

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman dio Espainiako Auzitegi Gorenari. Oriol Junquerasek, Jordi Turullek eta Jordi Sanchezek Estrasburgora jo zuten, iritzita behin-behinean kartzelan zeudenean Gorenak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu zuela, ez baitzien, esaterako, kanpainan parte hartzen utzi 2017ko abenduan Kataluniako Parlamenturako egindako hauteskundeetan. Estrasburgok, ordea, aho batez ebatzi du egozten zitzaien delitua berriro ez gertatzeko eta probak ez deuseztatzeko hartu zuela Gorenak erabaki hori; hala adierazi du auzitegi horrek gaur, ohar batean.

Carles Puigdemont buru duen alderdiak hautu hori egin du iruditzen zaiolako PSOEk ez duela hitza bete, hau da, ez direla aurrera eraman 2023ko azaroan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente aukeratzen laguntzeko sinatutako akordioan jasotakoak. Noguerasek iragarri duenez, urraketatzat jotzen dituzten horiek azaltzeko kanpaina bat hasiko dute larunbatean. «PSOEek eta Sumarrek itxi dute atea, akordioak ez baitituzte bete».

JxCk, hortaz, ez ditu babestuko 2026rako aurrekontuak ere. Espainiako Gobernuak ez du horien inguruko proposamenik aurkeztu —2023koak luzatuta ari da gobernatzen azken bi urteetan—, baina JxCren Kongresuko bozeramaileak Sanchezi  oroitarazi dio «PPren edo Voxen babesa lortzen saiatzen ez bada behintzat» JxCren babesa behar duela edozein ekinbide aurrera eramateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.