JxC Junts Per Catalunyaren babesa galdu du PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak, alderdi katalanaren militanteek hala erabakita; Espainiako Gobernuak, hortaz, gutxiengoan agintzen jarraitu beharko du legegintzaldi honetan. JxCko presidente Carles Puigdemontek astelehenean iragarri zuen PSOEri babesa kentzeko asmoa. Alderdi subiranistaren zuzendaritzak proposamen hori egin zien militanteei; horiek bozkatzeko aukera izan dute atzo goizetik gaur arratsaldera bitarte, eta gehiengo zabal batek baiezkoa eman du, botoa eman dutenen %87k, hain zuzen. Hala jakinarazi du alderdiak.
«Ados zaude zuzendaritza nazionalak proposatutakoarekin, hau da, PSOErekin inbestidurarako egindako hitzarmena bukatutzat ematearekin, sozialistek beren konpromisoak behin eta berriz hautsi dituztenez gero?». Galdera horri erantzun diote militanteen %66,29k —6.400 militante inguru ditu alderdiak—. Alde handiz irabazi du baiezkoak; PSOEri babesa etetearen kontra, berriz, %10,2k egin dute, eta %2,8k zurian bozkatu dute.
Alderdia «sendo» dagoen seinale dira emaitza horiek, Puigdemontek sare sozialetan idatzitako mezu batean adierazi duenez: «Herrialdeak kezkatzen gaitu, eta herritarrek kezkatzen gaituzte. Horrexegatik hartzen dugu erabaki zailak hartzeko konpromisoa». Erantsi du erabaki horiek buru egiten dietela «trazu lodiko kontakizun errazei, gai konplexuei buruzko demagogiari eta bi muturretako populismoei». Alderdiko presidenteak eta militanteek bezala, JxCko idazkari nagusi Jordi Turullek eta alderdiko bozeramaile Miriam Noguerasek ere amaitutzat jo dute bi alderdien arteko ituna.
JxCk zazpi diputatu dauzka Espainiako Kongresuan, eta PSOErekin duen erlazioa hautsita, gobernuak nekez onartu ahal izango ditu aurrekontuak 2026rako —aintzat hartzekoa da 2023koekin segitzen duela lanean; are, proposamenik ere ez du eraman legebiltzarrera—. Hori dela eta, are gehiago zailduko dira bai Sanchezen egoera, bai gobernabidea.
PSOEk eta JxCk 2023ko azaroan egin zuten ituna, zenbait eskakizunen truke Puigdemonten alderdiak Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzearen alde bozka zezan. Konpromiso horiek bete ez dituela argudiatu zuen astelehenean alderdi katalaneko zuzendaritzak, babes hori eteteko erabakia iragartzeko. Besteak beste, katalanaren ofizialtasuna Europako Batasunean, Kataluniako prozesu subiranistan parte hartutakoei amnistia legea aplikatzea, eta migrazio eskumenen eskualdatzea dira konpromiso horietako hiru.
Sanchez Espainiako Senatuan egon da gaur, Koldo auziaren ikerketa batzordearen aurrean erantzuteko. Bost orduko saioan, ia ordu erdiz itaundu du Eduard Pujol JxCko senatariak, eta, besteak beste, bi alderdien arteko harremanaz aritu dira. Presidenteak esan du gobernuak ez diola bizkarrik eman alderdi katalanari: «Gobernuak bere akordioak betetzen ditu. Gure eskuetan dagoena betetzen ari gara, eta, ez dagoenaren kasuan, lanean ari gara bete dezagun».
Duela bi urteko itunak «on» egin diola nabarmendu du Sanchezek, «bai Kataluniari eta bai Espainiari», eta «normalizazioa» erraztu duela. Sanchez jakitun dago ahalik eta diputatu gehienen babesa behar duela gobernabidea kolokan egon ez dadin, eta, horregatik, JxCkoari esan dio «merezi» duela itunei eustea. Pujolek, baina, ohartarazi du denbora bukatu zaiola: «Serioa ez izateak babesa galtzera kondenatzen du bat».
Egunotan, Turull idazkari nagusiak esan du Sanchezek legebiltzarreko «oholtzan» aurkituko duela JxCren jarrera, nahiz eta Kataluniarentzat positiboak diren neurrien gainean hitz egiteko prest agertu den. Merezi ala ez merezi, gogoratzekoak dira Puigdemontek joan den udan xehatu zuen JxCren «metodoa», zer bozkatu erabakitzeko: «Botoa eskatzen diguten aldiro zenbait galdera planteatzea da: positiboa da edo izan daiteke katalanentzat edo Kataluniarentzat? Eskumenak eta gure identitatea errespetatzen ditu? Gure proposamenak onartu dituzte? Independentziarako bidean aurrera egiteko baliagarria da?».
Noguerasek asteartean esan zuenez, bi alderdien arteko erlazioa «hilda» dago, eta gaineratu zuen Sanchezen eta Puigdemonten arteko elkarrizketa batek ez lukeela ezer aldatuko: «PSOEk bete ez dituen konpromisoak zuritzeko bilera bat? Ez». Turullek, gainera, baztertu egin zuen Sanchezekin biltzea, bi alderdien arteko erlazioa salbatze aldera. Muzin egin zion Espainiako eskuinek bultzatutako zentsura mozio baten alde egiteko aukerari ere: «PSOEk ez ditu gainditu irakasgaietako batzuk, baina PPk ikasturtea errepikatu behar du».
Sanchezek, berriz, asteartean esan zuen bazekiela «zaila» zela kongresuan gehiengoa mantentzea, baina, JxCren zuzendaritzaren erabakiaren berri jakin ostean, «gehiengoak» osatzeko deia egin zien Vox ez beste alderdi guztiei. Oraingoz ikusteko dago Espainiako presidenteak karguan segi dezakeen parlamentuan gehiengorik izan gabe, ala hauteskundeetara deitu beharko duen. JxCk babesa eten dion arren, alderdi subiranistako kargudunek ez dute aipatu zentsura moziora edo hauteskundeetara deitzeko aukera.