JxCren zuzendaritzak PSOEri emandako babesa «puskatzea» proposatu du

Puigdemontek esan du sozialistek ez dituztela bete Sanchez izendatzearen truke bi alderdien artean adostutakoak. Azken erabakia militanteen esku utziko du buruzagitzak; asteazkenean eta ostegunean egingo dute kontsulta.

Carles Puidgemont Junts Per Catalunyaren liderra, Perpinyan eman duen prentsaurrekoan. DAVID BORRAT / EFE
Carles Puidgemont Junts Per Catalunyaren liderra, Perpinyan eman duen prentsaurrekoan. DAVID BORRAT / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2025eko urriaren 27a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyaren liderrak iragarri du PSOE Espainiako Alderdi Sozialistari emandako babesa «puskatzea» erabaki dutela, eta oposizioan arituko direla hemendik aurrera. JxCk horretarako asmoa du, behintzat: Perpinyan (Ipar Katalunia) bildu da gaur buruzagitza, eta PSOErekin duen harremana haustea proposatu du. Dena den, azken erabakia militanteek hartuko dute: horretarako, barne bozketa bat egitekoak dira asteazkenetik ostegunera bitarte. PSOEk eta JxCk duela ia bi urte egin zuten ituna, zenbait eskakizunen truke alderdi katalanak Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzearen alde bozka zezan inbestidura saioan. «Pazientzia eduki dugu», esan du Puigdemontek arratsaldean eman duen prentsaurrekoan. Lorpenak lorpen, uste du legegintzaldi honetan ez dela «nahikoa» lortu, eta «atzerapausoak» egon izana ere gaitzetsi du: «Gauzatzen ez den itun bat akordio hautsi bat da».

Oraindik ez dago argi kontsulta horretan zer galdetuko dieten militanteei; alderdiak ezohiko bilera nazional bat egingo du bihar arratsaldean, eta hartan zehaztuko dute zer galdera egingo dieten —asteazkeneko 10:00ak eta osteguneko 18:00ak artean erantzun ahalko dute—. Argi dago, ordea, Puigdemonten ustez Sanchezek ez duela hitza bete, eta ez dituela aurrera eraman bi alderdiek 2023ko azaroan sinatu zuten akordioan jasotakoak; tartean, amnistia legea Kataluniako prozesu subiranistan parte hartutakoei aplikatzea —duela lau hilabete Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Puigdemonti ez aplikatzea—, migrazio eskumenak eskualdatzea eta katalana ofizial bilakatzea Europako Batasunean.

JxCekoak ez du aipatu zentsura moziorik, eta ez du eskatu hauteskundeak aurreratzeko. Hori bai, «hausnartzeko» esan die sozialistei: «Ez gaude prest Kataluniari laguntzen ez dion ezein gobernuri laguntzeko. Ez honi eta ez besteri». Salatu du PSOEk ezarri dituela «denbora eta erritmoa», eta horiek izan direla «baleko» bakarrak. 

Puigdemontek gogorarazi du militantziak zuzendaritzaren erabakia berretsiz gero gobernua gehiengorik gabe geratuko dela Espainiako Kongresuan: «Arazoak ez dira gutxiengoan konpontzen. Aurrekontuak ezingo ditu onartu, eta ez du gobernatzeko gaitasunik edukiko». Neurri handi batean, duela bi urteko azaroko inbestidura saioan JxCko zazpi diputatuek alde bozkatu zutelako jarraitzen du Sanchezek presidente. Hori bai, azkeneko bi urteotan Espainiako Gobernuak ezin izan du aurrekonturik onartu —2023koekin segitzen du lanean—; are, proposamenik ere ez du eraman legebiltzarrera.

PSOEren zuzendaritzak ordubete eta erdiko bilera eduki du arratsaldean, eta, bertaratu diren batzuek El País egunkariari adierazi diotenez, Sanchezek esan du alderdiak «eskua luzatuta» daukala, eta hitz egiteko «borondatea» duela. Maria Jesus Montero Espainiako lehen presidenteorde eta Ogasun ministroak «hitz egitea» eskaini dio JxCri, eta uste du bat egingo dutela beste behin: «Gorabeherak ditu bion arteko harremanak, garai hobeak eta ez hain onak, baina elkarrekin gainditu dezakegu egoera hau», esan du gaur TVEri emandako elkarrizketa batean. Montse Minguez PSOEren bozeramaileak alderdiaren egoitza nagusian eman duen prentsaurreko batean adierazi du «merezi» duela gobernuarekin akordioak egitea: «Gobernu hau onena da bai Kataluniarentzat eta bai Espainiarentzat».

Gobernabidea, zail

Eta JxCk azkenean erabakitzen badu PSOErekin duen erlazioa haustea, gobernuak nekez onartu ahal izango ditu aurrekontuak 2026rako. Hori dela eta, are gehiago zailduko dira bai Sanchezen egoera, bai gobernabidea. Baina Miriam Nogueras JxCren Espainiako Kongresuko bozeramaileak esan ohi du «katalanen eta Kataluniaren interesak defendatzea» dutela egiteko nagusia, eta beren jarduerak ez duela zerikusirik eskuina-ezkerra ardatzean zentratutako politikagintzarekin.

Hain zuzen, Noguerasek berak joan den astean Kongresuko osoko bilkura batean ohartarazi zuen «aldaketaz» hitz egiteko ordua dela. Dena den, ez dago argi PSOErekin hausteko erabakiak zer ondorio eragingo lituzkeen praktikan; adibidez, ea bukatutzat emango ote luketen duela ia bi urte Suitzan nazioarteko bitartekari batekin hasitako elkarrizketa saila, ea PSOEren ekinbide guztiak blokeatuko ote lituzketen Kongresuan, eta ea JxCk zer egingo ote lukeen PPk eta Voxek Sanchezen kontrako zentsura mozio bat planteatuz gero.

Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroa elkarrizketatu zuten atzo La Vanguardia egunkarian, eta horren guztiaren harira esan zuen JxCk «No-doaren Espainiaren eta Espainia modernoaren artean» aukeratu beharko duela. Sanchezek berak ere hitz egin zuen lehengo astean Noguerasen hitzaldiaren ondoren, eta prest agertu zen akordioan jasotakoak «betetzeko»; dena den, kazetariei adierazi zien dena ez zegoela «gobernuaren esku».

JxCren zuzendaritzaren erabakia ez da noiznahi heldu: azkenaldian, inkestetan azaleratu da  JxC indarra galtzen ari dela Katalunian, Aliantza Katalana alderdi islamofoboaren mesedetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.