Kaledonia Berriko independentistek aurrea hartu diete loialistei Kongresurako bozetan, baina ez dute gehiengo osorik lortu

26 eserleku izango dituzte independentistek, eta 24, berriz, independentziaren aurkakoek. Esnatze Ozeanikoa alderdia izango da gakoa: lau parlamentari edukiko dituzte.

Frantziako eta Kaledonia Berriko banderak, artxiboko irudi batean. LUKAS COCH / EFE
Frantziako eta Kaledonia Berriko banderak, artxiboko irudi batean. LUKAS COCH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 29a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

2019an egin zituzten azkenekoz Kongresurako hauteskundeak Kaledonia Berrian. Orduko hartan, alderdi independentistek 26 diputatu eskuratu zituzten, baina ez zuten lortu sektore loialistari aurrea hartzea —28 diputatu eskuratu zituzten loialistek—. Atzo egin zituzten hauteskundeak berriro, zazpi urte geroago, eta, loialistek irabazi bazuten ere, indar independentisten baturak aurrea hartu die.

Kaledonia Berriko Kongresuko 54 eserlekutatik 26 eskuratu dituzte indar independentistek —hiru alderditan banatzen dira independentistak Kaledonia Berrian—, eta 24 lortu dituzte loialistek. Gehiengo osoa 28 eserlekurekin eskuratzen da. Hortaz, Esnatze Ozeanikoa (EO) alderdia izango da gakoetako bat negoziazioetan. Wallis eta Futunako komunitatearen ordezkariek —ez independentistatzat eta ez loialistatzat daukate beren burua— lau eserleku eskuratu dituzte, duela zazpi urte baino bat gehiago, eta haiek izango dute giltza herrialdeak hurrengo urteetan zer norabide hartuko duen erabakitzeko.

Datuek argi utzi dute Kaledonia Berriko zatiketa politikoa. Tentsio handiko urteak izan dira azkenekoak. Izan ere, hiru independentzia erreferendum egin dituzte azken zortzi urteetan —2021ean egin zuten azkenekoa—, eta independentziaren aurkakoek irabazi dute denetan. Gainera, Kaledonia Berrirako estatus berri bat adostu zuten iaz, Parisekin batera. Eta, geroztik, estatu izaera dauka Frantziako Konstituzioan.

Hauteskundeetako parte hartzeari dagokionez, 2019an baino ia hiru puntu txikiagoa izan da aurtengo bozetan. Atzokoan herritarren %63,7k hartu zuen parte, eta %66,5ekoa izan zen parte hartzea 2019ko hauteskundeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA