Kaledonia Berrirako estatus berri bat adostu dute

Ozeaniako uhartedia Parisen kolonia izango da oraindik ere, baina eskumen gehiago izateko bidean da. Estatu izaera izango du Frantziako Konstituzioan. Kaledoniarrak datorren urtean dira ituna bozkatzekoak.

Frantziako Gobernuko eta Kaledonia Berriko ordezkariak gaur goizaldean, akordioaren testua erdian dutela. BERRIA
Frantziako Gobernuko eta Kaledonia Berriko ordezkariak gaur goizaldean, akordioaren testua erdian dutela. BERRIA
Igor Susaeta.
2025eko uztailaren 12a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Datozen urteetan ere Frantziaren kolonia izango da Kaledonia Berria, nahiz eta eskumen gehiago eskuratzeko bidean den. Ozeaniako uhartedi horretako ordezkari politikoek eta Parisek estatus berri bat adostu dute, eta, kaleratu duten ohar bateratuaren arabera, asmoa da itun horretan jasotzen denaren bidez «irtenbide iraunkor» bat ematea auziari. Elkarrizketen azken sailean ia bi astez jarraian negoziatzen aritu ondoren, gaur goizaldean lortu dute akordioa, Parisen. 

Konfiantzaren aldeko apustua izena jarri diote, eta «historikotzat» jo dute; Emmanuel Macron Frantziako presidenteak berak hori bera nabarmendu du sare sozialetan: alegia, «konfiantzaren aldeko apustua» egin dutela. Dena den, hainbat pauso eman beharko dituzte gauzatu dadin. Hasteko, Kaledonia Berriko Kongresuak onespena eman beharko dio. Sekulako ezustekorik gertatu ezean, ordea, ez dirudi atzera botako duenik, estatus berriari bide emateko negoziazioetan parte hartu baitute bai independentistek, bai loialistek —hau da, Frantziaren parte izaten segitu nahi dutenek—, baita zentroko indarrek ere. Hiru bosteneko gehiengoa beharko litzateke testua onartzeko.

Hori egin ondoren, kontsulta bat antolatuko lukete, kaledoniarrek beraiek onar dezaten edo atzera bota dezaten. Frantziako hedabideek negoziazioetako iturriak aipatuz argitaratu dutenez, kontsulta horretara datorren urtearen lehen erdirako deitu beharko lukete. Eta bozketan estatus berria onartuko balute, defentsa, moneta, segurtasuna, nazioarteko harremanak eta justizia eskumenak automatikoki transferituko lizkioke Parisek Kaledonia Berriari. Erreforma ekonomikoak ere jasoak daude akordioan.

Kaledonia Berria Estatua kontzeptua aipatzen da testuan; hau da, kanakek alde bozkatzen badute, Frantzia barruan jarraitu arren izaera hori edukiko duela uharteak —NBE Nazio Batuen Erakundeko estatu kide bilatuko da—, eta kaledoniarrek, hala nahi izanez gero, bi herritartasun edukiko dituztela: frantziarra eta kaledoniarra. 

Dena den, kaledoniarrek eta Frantziako Gobernuak adostutako akordioa gauzatu dadin, erreforma bat egin behar da Frantziako Konstituzioan, eta horretarako beharrezkoa da Asanblea Nazionalaren onespena.

Bozka eskubidea, zabalduta

Aldeak otsailean hasi ziren negoziatzen. Horretarako, Manuel Valls Itsasoz Haraindiko ministroa Kaledonia Berrira joan zen. Elkarrizketek, baina, porrot egin zuten maiatzean; batez ere, loialistak mahaitik altxatu zirelako. Parisek zera planteatzen zuen, estatu libre elkartuaren formularen antzeko irtenbide bat, eta uhartea Frantziaren partetzat jotzen dutenek interpretatu zuten «independentzia asoziatiborako» bidea irekitzen zuela proposamen hark.

Azkenean, ordea, pozik daude. «Bai independentistek, bai ez-independentistek, kontzesioak egin behar izan dituzte akordioa lortzeko», idatzi du sare sozialetan Georges Naturelek —LR Errepublikanoen kidea da Frantziako Senatuan, eta Kanaky ordezkatzen du—. 

Independentistek puntu jakin batean eman behar izan dute amore. Izan ere, behin testua onartuta, duela hamabost urtetik hona aldi oro uhartedian bizi direnek Kaledonia Berriko bozetan bozkatu ahal izango dute. Orain arte, 1998tik aurrera uhartera iritsitako egoiliarrek ez zuten bozkatzeko aukerarik. Hain zuzen, hautesle errolda zabaltzeko erreforma konstituzional hori aurkeztu zuen iaz Frantziako Gobernuak; horrek protesta handiak eta istiluak eragin zituen uhartedian, eta hamahiru pertsona hil ziren gutxienez —erreforma asmoa bertan behera utzi zuen Macronek—. Independentistek argudiatu zuten aldaketa proposamen harekin are gehiago gutxiesten zituela Parisek indigenak.

Atxiloketa masiboak izan ziren, eta indarkeria sustatzea egotzita atxilotu zutenetako bat Christian Tein buruzagi independentista izan zen, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko liderra. Frantzian egon da espetxeratuta, harik eta joan den ekainaren 13an hura eta beste hiru aktibista kanak askatu zituzten arte. Bi aste pasa geroago hasi ziren aldeak berriro Kaledonia Berrirako estatusa negoziatzen.

Oraingoan, ordea, ez dute aurreikusten independentzia erreferendum gehiago egitea. Parisek eta Kaledonia Berriak estatusaz egindako aurreko itunaren —Noumeako Akordioa (1998)— bidez, hiru erreferendum egin zituzten: hiruretan ezezkoa izan zen nagusi. 2018an, independentistek botoen %42 bildu zituzten; 2020an, %46; eta, 2021ean, boikoterako deia egin zuten.

Kaledonia Berriak 18.000 kilometro koadro inguru ditu, eta 270.000 biztanle bizi dira han. Frantziak inondik ere ez du galdu nahi haren kontrola; batik bat, haren posizio geoestrategikoagatik. Ozeano Bareko eremu hori bihurtu da Txinaren eta AEBen arteko lehiagune, hegemonia geopolitikoa izateko ahaleginean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.