Ikusteko dago zer-nola geratuko den Kaledonia Berrirako estatus berria: independentista kanakek ituna uxatzea erabaki dute azkenean, ez duelako jasotzen independentzia erreferendumik egitea. Dagoeneko horren jakitun ziren, Ozeaniako uhartedi horretako ordezkari politikoek —bai independentistek, bai loialistek eta bai zentroko indarrek— Parisekin batera duela hilabete sinatutako akordioak ez baitzuen aurreikusten inolako galdeketarik egitea. Dominique Fochi FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko buruetako batek gaur eman du erabakiaren berri, Noumean eman duen prentsaurreko batean: ituna «bateraezina» da koalizio independentistaren oinarriekin.
Marie Pierre Goyetchek, FLNKSko beste buru batek, erantsi du independentistek ez dutela parte hartuko Manuel Valls Frantziako Itsasoz Haraindiko ministroak proposatutako batzordean, zeinaren helburua den Konfiantzaren aldeko apustua deitu zioten itunean jasotakoak zehaztea. Zera adostu zuten, besteak beste: uhartediak estatu izaera edukitzea Frantziako Konstituzioan —Kaledonia Berriko Estatua—, Parisen kolonia izaten jarraituko duen arren, eta eskumen gehiago jasotzea. Goyetchek dei egin die koalizioko indarrei Frantziako estatua «gerarazi» dezaten, «egoera behartzen ahalegintzen bada».
FLNKSk ezohiko batzarrera deitu zuen joan den larunbaterako, eta bertan eztabaidatu zuten estatus berrirako ituna. Biharamunean, Vallsek adierazi zuen, sare sozialetan, «konpromiso historiko» hura ezin zela hutsean geratu. Halaber, datorren astean Kaledonia Berrira joatekoa da, besteak beste independentistekin biltzeko. Haiek eskatuko diote uhartediko hauteskunde probintzialak datorren azarora aurreratzeko, «batzuen eta besteen zinezko legitimitatea nolakoa den jakiteko». Horren ondoren, «eztabaidarako prest» egongo dira hautetsontzietan hautatutako ordezkariekin. Berez iaz egitekoak ziren hauteskundeak, baina Frantziako Gobernuak hautesle errolda zabaltzeko aurkeztu zuen erreformak istilu handiak eragin zituen; protestetan hamahiru pertsona hil ziren gutxienez. Eta iragan hilabetean onetsitako itunaren harira, datorren urtera atzeratu zituzten hauteskundeak.
Ituna babesten dute, berriz, Frantziaren parte izaten segitu nahi duten alderdi loialistek, Ozeaniaren Iratzartzea alderdiak eta FLNKS utzi zuten bi mugimendu independentistek, Palikak eta Melanesiako Batasun Progresistak. Onartzeko, lehendabizi Kaledonia Berriko Kongresuak bozkatu beharko du, hiru bosteneko gehiengoarekin —54 eserlekuetatik 33; FLNKSren ezezkoa (14 eserleku) bere horretan ez litzateke nahikoa izango ituna atzera botatzeko—. Aurrera egingo balu, datorren urtean egingo litzateke kontsulta, kaledoniarrek bozkatzeko; eta estatus berria onartuko balute, defentsa, moneta, segurtasuna, nazioarteko harremanak eta justizia eskumenak berehala transferituko lizkioke Parisek Kaledonia Berriari.
Itunean ez dute aurreikusten beste independentzia erreferendumik egitea. Dagoeneko hirutan bozkatu dute uhartediko herritarrek independentziari buruz: 2018an, 2020an eta 2021ean. Ezezkoa atera zen horietan guztietan. Lehenengoan herritarren %56k egin zuten Frantziatik ez ateratzearen alde; bigarrengoan, %53k; eta hirugarrengoan, %96k —aintzat hartu behar da independentziaren aldekoek boikotatu egin zutela azken erreferendum hori, inguru horretan COVID-19aren pandemiak gogor jo baitzituen kanak indigenak—.