Errusia

Kaliningrado: Errusiaren «uharte» bat, NATOren itsasoak inguratua

Ipar Atlantikoko aliantza militarreko herrialdeek alde guztietatik inguratzen dute Kaliningradoko enklabea, eta eremua bera ere bitxikeriaz beteta dago.

KALININGRADO
Eraikin bat, Kaliningradoren erdialdean. ALEX BUSTOS.
Alex Bustos
Kaliningrado
2024ko otsailaren 23a
05:05
Entzun

Kaliningrado ez da Errusiako beste eskualdeak bezalakoa. Antzina, Koenigsberg zen, eta alemanek sortu zuten; gero, SESB Sobietar Batasunaren parte bihurtu zen Bigarren Mundu Gerran, eta, SESB desegin eta gero, toki estrategiko bilakatu zitzaion Errusiari, hango itsasoa ez baita izozten, eta Artikoko kostakoa bai. Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartu ondoren —eta Suedia Hungariaren oniritziaren zain dago aliantzako kide bihurtzeko—, Kaliningrado are garrantzitsuagoa da orain Errusiarentzat; izan ere, Itsaso Baltikoan bertan dago, eta inguru horretan Atlantikoko aliantzatik kanpo dauden eremu bakarretako bat da: azken gotorlekua-edo. Gaur egun, Errusiaren parte da, baina alemaniar ukitu bat du, behinola germaniarrak bizi izan baitziren lur hotz horietan, non anbara baitago non-nahi.

Ukrainako gerra eta COVIDaren pandemia globala piztu baino lehen, Kaliningradoko biztanleak ohituta zeuden herrialde mugakideak bisitatzera, Polonia, Lituania eta Letonia hain justu, haientzat beste errusiar gehienentzat baino errazagoa baita EB Europako Batasunera joatea. Errusiak Kievi erasotzeari ekin zionean, auzo herrialdeen jomuga bilakatu zen barrendegia, askok beldur dioten herrialde horren parte baita.

Propagandista errusiar batzuek mehatxu egin ohi diete Estoniari, Letoniari eta Lituaniari, eta ohartarazi agian haiek izango direla hurrengoak Ukrainakoa bukatutakoan; Polonia, Suedia eta Finlandia ere antzera daude. Uste dute litekeena dela Errusiak, erasotzekotan, enklabe horretatik bertatik hastea erasoa, gaur egun han baitago Errusiako Flota Baltikoaren egoitza, baita hegazkin base ugari ere.

Kaliningrado
 

Hori dela eta, Kaliningradoren mugakide diren herrialdeak arretaz aztertzen ari dira egoeraren bilakaera. Lituaniako Defentsa Ministerioak iaz plazaratutako txosten militar baten arabera, «Kaliningradoko eskualdearen gaitasun militarra ahuldu egin da Ukrainaren aurkako gerran galerak izan direla-eta, baina Errusiaren mehatxu militarra neurri batean baino ez da apaldu».

Toki estrategikoa denez gero, Errusiak eutsi egin nahi izan zion Kaliningradori, eta ez dio Alemaniari itzuli nahi; hark, azkenean, uko egin zion enklabea erreklamatzeari. Herritar gehienak ere errusiarrak dira etnikoki, eta ez dute interesik agertu pasaportea aldatzeko, baina auzo herrialdeekin harreman ona izatea interesatzen zaie. 2020a baino lehen, haientzat oso ohikoa zen aldameneko herrialdeetara joatea, oso gertu baitaude.

Bertan bizi da Polina, eta, hark azaldu duenez, auzoekin zuten harremana okertu baino lehen, «ia mundu guztia joaten zen maiz mugaz bestaldera». Haren hitzetan, hainbesteko harremana zuten, ezen «hiri batzuetan, Goldap-en adibidez, poloniarrek errusieraz egin ohi zuten, eta oso erraza zen han moldatzea». Alderantziz ere gertatzen zen, eta ohikoa zen poloniarrak, lituaniarrak eta letoniarrak ikustea Kaliningradoko alde zaharrean, bisitan, haietako asko errusieraz ari zirela.

Blokeoak eta etorkizunera begirakoak

Horiek iraganeko kontuak dira orain. Are, Lituaniak blokeo partziala jarri zion eskualdeari 2022ko udan, eta, tarte horretan, blokeatu egin zuen Errusiatik trenez ekarritako material batzuen garraioa, besteak beste zementuarena, egurrarena, metalena eta goi teknologiako produktu batzuena; bidaiarien trenak ere blokeatu zituen, eta errepidez ere ez zieten pasatzen uzten ibilgailuei.

Blokeo hori bertan behera geratu zen iazko uztailaren 23an, baina, ordutik, Poloniako eta Lituaniako gobernuek oraindik ere buruan darabilte berriz halako neurriak hartzea. Hain zuzen, bi herrialde horiek ziren Errusiaren kontra gogorren aritzen zirenetako batzuk, hark Ukrainari eraso egin aurretik ere.

KALININGRADO
Atzean, Kaliningradoko sovieten etxea izandakoa. ALEX BUSTOS

Eskualdeak aldi batez jasandako blokeoaz galdetuta, artikulu honetan aipatzen direnek nahiago izan dute iritzirik ez eman. Kremlinek badaki litekeena dela etorkizunean beste blokeo eta murrizketa batzuk izatea. Hala salatu dute komunikabide batzuek, hala nola Novy Kaliningrad hedabideak: abenduaren 28an, adierazi zuen ez direla errespetatzen merkantziak Errusiatik enklabera Lituania zeharkatuz garraiatzeko akordioak; izan ere, Lituaniak zorroztu egin ditu merkantzia batzuk Errusiara eta Bielorrusiara eramateko baldintzak.

Gaur egungo jokalekua korapilatsua izan arren, Errusiako eskualde horretako biztanleek badute motiborik baikor izateko. Polinak onartu du Mendebaldeak eta Errusiak harreman «tirabiratsua» dutela orain. «Aitortu behar dut ez diedala kasurik egiten albistegiei, gorputzaldi txarra uzten didate eta», adierazi du Kaliningradoko emakume horrek.

Kaliningradoko beste herritar batek, Oleg-ek —Kaliningradon bizi da bera ere—, uste du badagoela arrazoirik optimista izateko, «[Polonia-Lituaniako eta Errusiako] herritar arruntek harreman ona» baitute; nolanahi ere, jabetzen da «Mendebaldeak eta Errusiak gatazka politiko handia» dutela. Adierazi duenez, «oraingoz zaila da, baina baliteke aurrerago gobernuek [Poloniakoak edo EBkoek] alde batera uztea Errusiarekin dituzten desadostasunak, eta, hala bada, herrialdeen arteko harremanak sanoagoak eta probetxuzkoagoak izango dira».

Haren ustez, «diaspora ezinbestekoa izango da herrien arteko zubiak eraikitzeko» eta desadostasun politikoak alde batera uzteko; esan duenez, hori baliagarria izango da «harreman komertzial eta ekonomikoak sortzeko, eta bi aldeei egingo die mesede».

Gaur egun, errusiarrentzat ia ezinezkoa da EBn sartzea ekialdeko Europako herrialdeetatik, hala nola herrialde baltikoetatik, Poloniatik eta Finlandiatik. Hala ere, Statista atariak egindako estimazioen arabera, orain 6,2 milioi errusiar inguru bizi dira EBren lurretan, eta haietatik 80.000 inguru Espainiako Estatuan. EBn daudenen artean, gehienak Alemanian bizi dira, hiru milioi inguru. Beste aldean, Errusian, 13.000 lituaniar eta 22.000 poloniar daude.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.