Kanaria Uharteak

Kanarietako sumendia fase «egonkor» batean sartu da behin-behinean

Denera, 166 hektarea eta 350 eraikin baino gehiago suntsitu ditu jada Cumbre Vieja sumendiak. Erupzioaren ondorioz, errautsak airea zikindu du inguruko herrietan.

Paulo Ostolaza - Gorka Berasategi Otamendi
2021eko irailaren 22a
10:43
Entzun

Laba hedatzen ari da oraindik Cumbre Vieja sumendian behera, Kanarietako La Palma uhartean, baina, erupzioaren hasierako egunen aldean, motelago ari da mugitzen. Orduko lau metro egiten ari da aurrera, eta denera 166 hektarea eta 350 eraikin baino gehiago suntsitu ditu. Leku batzuetan hamabi metroko altuera hartu du, eta 600 metro inguruko zabalera du itsasora hurbiltzen ari den harri urtu orbanak. Kostaldetik bi kilometro eta erdi ingurura dago.

Irakurri gehiago:Litekeena da Kanarietako sumendiak jariatzen dituen gasak Euskal Herrira heltzea asteburuan

Kanarietako larrialdi bolkanikoetarako zerbitzuak atzo jakinarazi zuenez, sumendia fase «egonkor» batean sartu da behin-behinean, nahiz eta oraindik «dezente leherkorra» den. Miguel Angel Morcuende zerbitzuko zuzendari teknikoaren esanetan, sumendiak bederatzi isurgune ditu, horietako lau aktiboak, eta pitzadura bakar bat.

Itsasorako bidean, laba 1.300 biztanleko Todoque herrira iritsi zen atzo goizean. «Poliki ari da aurrera egiten, baina ezinbestean: ez dago hura gelditzeko aukerarik. Egoera honetan, gutxi egin dezakegu, edo ezer ere ez». Ezintasunez mintzatu zen atzo Mariano Hernandez Zapata La Palmako Kabildoko presidentea.

Laba Todoquera iristen ari zela, bizilagun askok beren amesgaiztoa bete egingo zela ikusi zuten etsipenez, eta isuria etxera iritsi aurretik ondasunak libratzen ahalegindu ziren. Todoquekoak zenbatu gabe, 6.100 lagun inguru zeuden ebakuatuta atzo.

Espainiako Geografia Institutu Nazionalak ondu duen mapa batean ikus daiteke labak egun duen azalera, baita erregistratu dituzten seismoen kokalekuak ere.

Hainbat adituk ziurtzat jo zuten isuria itsasora helduko zela, baina, abiadura moteldu duenez, orain ez dute baztertzen kostalderaino ez iristeko aukera. Aldea garrantzitsua litzateke, labak ur gaziarekin bat eginez gero leherketak eta hodei toxikoak sor baitaitezke. Arrisku hori dagoela eta, larrialdi zerbitzuek itxi egin dute kostaldea, hiru kilometroko zabaleran.

Oier Zeberio kazetariak La Palmatik BERRIAri jakinarazi dionez, «egoera gero eta aldakorragoa da denborak aurrera egin ahala», sumenditik irteten den labak jada lauzpabost kilometroko luzera baitu. Hura hondeamakinekin bideratu nahian aritu dira suhiltzaileak, ahalik eta txikizio gutxien egin ditzan, baina alferrik izan da.

Kazetariak nabarmendu du errautsa pilatzen ari dela, eta uhartearen zati handi batean zabaldu dela. «Toki batzuetan egotea zaila da; arnasketa arazoak sortzen ditu». Herri batetik bestera aldea handia dela nabarmendu du Zeberiok: «Hemendik kilometro batzuetara dauden herrietan, sumenditik aldenduago, nolabaiteko normaltasuna dago. Inguruko herrietan, berriz, jendea maskarekin ikusten da».

Segurtasun eta Larrialdi zerbitzuek ohartarazi dute errauts horiek haitz eta mineral partikula oso txikiak direla eta kalteak eragin ditzaketela arnas aparatuan, begietan eta zauri irekietan. Hori dela eta, Kanarietako Gobernuak elikagaiak eta ur deposituak errautsetatik babesteko eskatu die herritarrei. Errautsak lurrean egonkortu arte etxe barruan gordetzeko ere galdegin die, eta kalera irtetekotan sudurra eta ahoa maskara batekin estaltzeko. Horrez gain, begietarako babes betaurrekoak erabiltzea gomendatu du.

Sufre dioxidoa

Sumendiaren beste arriskuetako bat sufre dioxidoaren isuri kopuru handia da. Kanarietako Bolkanologia Institutuaren arabera, eguneko 6.000 eta 11.500 tona sufre dioxido isurtzen ari da Cumbre Vieja erupzioan denetik. Gas hori narritagarria eta toxikoa da. Ondorioz, kalteak eragin ditzake arnas aparatuan.

Copernicus Europako Batasunaren satelite bidezko monitorizazio proiektuak iragarpen bat egin du La Palma gainean den sufre dioxidoa hurrengo egunetan nola hedatuko den irudikatzeko. Satelite irudiak oinarri hartuta, iragarri du Euskal Herrian sufre dioxidoaren kontzentrazioa handitu egingo dela. Ostiralean gertatuko litzateke gorakada hori.

Herri laguntza

Ehunka lagun etxebizitzarik eta mantenurik gabe gelditu dela ikusita, kaltetuei laguntzeko hainbat bide ireki dituzte herritarrek. Elikagaiak eta oinarrizko beste ondasun batzuk lortzeko kanpaina ugari jarri dituzte martxan, baita dirua biltzeko ekinaldiak ere.

El Paso herrian, etxetik kanpora eraman behar izan dituzten bizilagunak hartzeko boluntario bila ari dira. Uhartean etxebizitzak alokatzeko eskaintza oso urria denez, Espainiako Gobernuak bankuei eskatu die hutsik dituzten etxeak kaltetuen esku uzteko.

Pertsonei ez ezik animaliei ere laguntzeko neurriak bultzatu dituzte herritarrek. Animaliak babesteko La Palmako elkarteak diruz laguntzeko plataformak sortu dituzte.

Sumendi aktiboa

Joan den igandean hasi zen Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa, 15:00ak aldera, eta 17:00etarako jada alarma gorria piztua zuten uharteko agintariek. Sumendiak Tazacorte, El Paso, Fuencaliente, Mazo eta Llanos de Aridane herriei eragingo diela aurreikusten da, eta han, guztira, 35.000 lagun bizi dira. Hala ere, agintarien arabera, nahikoa izango da 10.000 lagun lekualdatzea.

Cumbre Vieja Kanarietako sumendirik aktiboenetako bat da. Uhartediko azken hiru erupzioetatik bi han gertatu dira: San Juan sumendia piztu zen 1949an, eta Teneguia 1971n.

Kanarietako Bolkanologia Institutuak, azken bi erupzio horien eta erregistratuta dauden La Palmako gainerakoen iraupenari erreparatuta, uste du Cumbre Viejakoak 24 eta 84 egun artean iraungo duela. Beraz, baliteke azarora arte edo abendu hasierara arte irautea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.